Astebete daramate Gernika ontziko giza eskubideen sei ekintzaileek Atenasen, Espainiako enbaxadan. Eta orain beste pauso bat eman dute: gose grebari ekin diote. Espainiako Gobernuak Greziari presioa egiteko eskatzen dute, Greziak Gernika ontziari itsasoratzen utz diezaion. Kreta uhartean dago setiaturik ontzia, joan den uztailaren 1ean Greziak portutik ateratzea galarazi zienetik. Rafael Palacios, Anton Gomez, Elvira Souto, Miguel San Miguel, Diego Cañamero eta Mikel Zuloaga idazle euskalduna dira gose greba hasi dutenak eta enbaxada okupatuta daukatenak. «Ez dugu ezer jango, ura baino ez dugu edango», adierazi du Palaciosek. Baraualdiari ekin aurretik, mediku batek azterketa medikoa egin zien ekintzaileei.
Atzo Gernika itsasoratu ahal izateko paperak aurkeztu zituzten Greziako kapitaintzan. Izan ere, Palaciosen arabera, ontziak nabigatu ahal izateko baimen guztiak ditu. Orain kapitaintzak du hitza, hark hartu behar baitu azken erabakia. Ikusteko dago Espainiako Gobernuak presiorik egingo ote duen, baina ekintzaileen arabera ez diote gose grebari utziko «Espainiako Gobernuak Gernikak libreki nabiga dezan zerbait egiten duela ikusi arte».
Espainian, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, IU Izquierda Unidak, ICV Iniciativa per Catalunyak eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak eskutitz bat bidali diote Trinidad Jimenez Atzerri ministroari, «ahal duena» egin dezan Gernika itsasora dadin.
Enbaxadaren kanpoaldean dauden giza ekintzaileek, berriz, pankarta bat zintzilikatu dute:Gose greban gaude.
Dena den, Gazara itsasontziz iristen saiatu ziren ekintzaileak ez dira izan Israelen blokeoa jasan duten bakarrak. Zisjordaniara hegazkinez ailegatzeko asmoa zuten ekintzaile gehienei ez baitiete hegazkina hartzen ere utzi. Joan den ostiralean Tel Aviveko aireportura iristea lortu zuten 125 ekintzaile, berriz, atxilotu egin zituzten, eta bi egunez eduki dituzte inkomunikaturik. Dagoeneko 23 lagun deportatu ditu Israelek euren jatorrizko herrialdeetara, inongo argibiderik eman gabe. Tel Avivera iritsi ziren beste ekintzaile batzuek zorte hobea izan dute, aireportuko kontrola gainditu eta Zisjordaniara iristea lortu baitute —ez da jakinarazi zenbat izan diren—.
Negoziazioak, etenda
Washingtonen, berriz, irailetik etenda dauden negoziazioak sustatzeko bilera egitekoa zen bart Laukotea —AEB, Europako Batasuna, NBE eta Errusia—. Israeldarren eta palestinarren arteko elkarrizketak desblokeatu eta berriz martxan jartzeko gutxieneko oinarri batzuk adostea da bileraren helburua. Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazioburuak adierazi du Israel koloniak uztera behartu beharko duela Laukoteak, bake negoziazioak hastea nahi badu. Elkarrizketak arrazoi horregatik hautsi ziren iazko irailean, hasi eta berehala —aurretik bi urtez egon ziren etenda—.
Greziako enbaxadan dauden giza ekintzaileek gose grebari ekin diote
Tel Avivera iristea lortu duten 23 ekintzaile deportatu ditu Israelek; 125 ekintzaile bi egunez eduki dituzte inkomunikatutaLaukotea bilera egitekoa zen bart, bi aldeen arteko negoziazioak sustatze aldera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu