Migrazioa

Greziak ehun migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan; 500 inguru desagertuta daude oraindik

Orduek aurrera egin ahala, itxaropen geroz eta urriagoa dute desagertutakoak bizirik topatzeko. Oraingoz, 79 dira topatutako gorpuak. Greziako Poliziak bederatzi pertsona atxilotu ditu ezbeharrarekin lotura dutelakoan. 8.000 lagun inguru bildu dira Atenasen, EBren eta Greziako Gobernuaren migrazio politikak salatzeko.

Peloponesoko uretan atzo hondoratu zen ontziaren aireko irudi bat. GREZIAKO KOSTAZEIN ZERBITZUA / EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar
2023ko ekainaren 15a
11:26
Entzun

Greziako kostaldean, ehunka migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu zen atzo, eta, ezbeharraren hurrengo egunean, 104 dira erreskatatutakoak, eta 79 aurkitu dituzten gorpuak. Ontzian zihoazen migratzaileen esanetan, 750 bidaiari inguru zeuden ontzian —horietatik ehun bat haur sotoan zeuden—, eta, beraz, 500 baino gehiago lirateke oraindik desagertutakoak.

Orduek aurrera egin ahala, geroz eta urriagoa da topatu gabeko ehunka migratzaile horiek bizirik aurkitzeko itxaropena, Greziako kostazainek aitortu dutenez. Gainera, orain arte aurkitu dituzten bidaiarietatik inork ere ez zuen ez salbamendu jantzirik, ez bestelako segurtasun ekipamendurik.

Greziako kostazainek atzo goizean eman zuten hondoratzearen abisua. Ontzia nazioarteko uretan zegoen, Pilos hiritik hego-mendebaldera, Peloponesoko kostaldean. Haizeteak eta uraren sakonera handiak zaildu egin dituzte erreskate lanak, baina bilaketa lanek gau osoan jarraitu dute, eta horretan ari da orain ere kostazainen zerbitzua. Bitartean, biktimen gorpuak Atenasko hilerri batera eramaten ari dira, DNA probak egiteko.

Greziako agintarien esanetan, ziurrenik Libiako Tobruk hiritik itsasoratu zen ontzia, baina oraindik ez dute berretsi datua. Siriakoak, Egiptokoak eta Pakistangoak ziren bertan zihoazenetatik gehienak. Italiako kostazainek herenegun bistaratu zuten ontzia lehen aldiz, eta haren berri eman zieten Greziako agintariei eta Europako Batasuneko Frontex agentziari.

Ikerketarekin lotuta, Greziako agintariek jakinarazi dutenez, Poliziak gutxienez zortzi pertsona atxilotu ditu hondoratutako arrantzontziarekin harremana dutelakoan; migratzaileen trafikoa eta «talde kriminal bateko» kide izatea egozten die.

Alarm Phone elkarteak jakinarazi du arriskuan zegoen arrantzontzi baten abisua jaso zuela herenegun, eta 750 lagun inguru zituela barruan. «Agintariak ohartarazi genituen», azaldu du. «Grezia eta Europako beste agintari batzuk jakitun zeuden ontzi horren egoeraz, jendez gainezka zihoala eta ez zegoela itsaso zeharkaldi baterako prestatuta». Elkarteak salatu du ez zela inolako erreskate operaziorik abian jarri. «Ekainaren 14an, lehenengo orduan, hondoratu egin zen».

Greziako kostazainek beste kontakizun bat egin dute. Haien esanetan, Europako Frontex agentziaren hegazkin batek eman zien ontziaren berri, eta ontzi horren ondotik pasatu ziren beste bi itsasontzik. «Laguntza eskaini zitzaion ontziari, Operazio Aretotik egindako telefono deien bidez, eta erantzuna ezezkoa izan zen», azaldu dute.

Migratzaileen eskubideen aldeko zenbait ekintzailek erreskate lanetan nahikoa ahalegin ez egitea egotzi diote Greziako Gobernuari. Mugarik Gabeko Medikuen elkarteko Jerome Tubianak Radio France irratiari adierazi dio Greziak lehenago esku hartu behar zuela. «Harrigarria da entzutea Frontexek ontzia ikusi zuela airetik eta inork ez zuela esku hartu, ontziak laguntzari uko egin ziolako. Jendez gainezka dagoen ontzi bat arriskuan dagoen ontzi bat da». Migratzaileek Greziako kostazainen laguntzari uko egitea lotuta dago herrialdearen «kanporatze politika izugarri eta sistematikoekin», Alarm Phoneren ustez. Helena Maleno Walking Borders elkarteko kideak Greziari leporatu dio «ehunka lagun hiltzen uztea».

Ezbeharra salatzeko, 8.000 lagun inguru —Poliziaren arabera— bildu dira gaur iluntzean Atenasen, EB Europako Batasunaren eta Greziako Gobernuaren migrazio politiken aurka. Errefuxiatuentzako mugak irekitzeko eskatu dute parlamentuaren aurrean, «deportazio arrazisten» aurkako kartelak agerian zituztela. Ekitaldi sinboliko batean, manifestariek dozenaka kometa bidali dituzte zerura, biktimen omenez. Une batez, gainera, liskarrak egon dira protestarien eta polizien artean; molotov koktelak jaurti dizkiete estatuko indarrei, eta haiek negar gasarekin erantzun diete.

Greziakoa «historiako migrazio hondamendi okerrenetako bat» izan daiteke, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren iritziz. «Lazgarria eta onartezina da pertsona horiek segurtasunaren eta etorkizun hobe baten bila hil izana Europako Batasunaren mugetan, 2023an», esan du Gurutze Gorriko operazioen zuzendari Frido Herinckxek.

Bide beretik mintzatu da UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariko kide Stella Nanou ERT Greziako irrati katean: «Izugarria da. Gertatutakoa azken urteetako itsas tragediarik larriena izan liteke». Hain zuzen, 2016ko ekainean jazo zen inoizko ezbeharrik handiena; gutxienez 320 iheslari hiltzat edo desagertutzat eman zituzten Kretatik gertu (Egeo itsasoan), txalupa hondoratuta, AFP berri agentziak 1993tik bildutako datuen arabera.

27.000 hildako 2014tik

NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 27.000 migratzaile hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2014. urtetik. Nazioarteko Migrazio Erakundeak aste honetan bertan zabaldutako datuen arabera, 3.800 pertsona hil ziren iaz Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik Europarako bidean: 2017tik izandako kopururik handiena da.

Greziako Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du herrialdean, «Grezia mendebaldeko nazioarteko uretan izan den hondoratze tragikoaren biktimengatik», eta alderdi politikoek bertan behera utzi dituzte ekainaren 25ean egitekoak diren hauteskundeetarako kanpaina ekitaldiak. NBEk samina agertu du hondamendiagatik. Antonio Guterres idazkari nagusiaren iritziz, Greziakoa «neurriak hartzeko» beharraren «beste adibide bat» da, eta EBko estatuei eskatu die adostu ditzatela «ihes egitera behartuta daudenentzako bide ordenatu eta seguruak».

Eta atzo, Guterresek, bozeramaile Stephane Dujarricen bitartez, adierazi zuen «ikaratuta» azaldu zela ontziaren hondoratzearen berri jakin zuenean. «Arauzko» migraziorako bide gehiago eta itsasoan bizitzak salbatzeko neurri gehiago eskatu zituen. Bestalde, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen «atsekabetuta» agertu da, eta esan du EBk elkarlan estuagoa sustatuko duela inguruko herrialdeekin, giza trafikatzaileen aurkako neurriak hartzeko.

Beste operazio batean, 70 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat Kretaraino eraman zuten atzo kostazainek, itsasontziko arduradunaren laguntza dei bat jaso ondoren.

Halako operazioak ohikoak bilakatu dira bai Greziako kostaldean, bai Italiakoan. Dena den, joan den hilean nazioarteak gogor kritikatu zuen Greziako Gobernua, sareetan zabaldutako hainbat iruditan kostazainak ageri zirelako migratzaile ontziak indarrez urruntzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.