Greba orokorra egin dute Grezian, tren istripuaren bigarren urteurrenean

Protestak antolatu dituzte Mitsotakisen gobernuari eskatzeko argitu dezala ezbeharra zergatik gertatu zen, eta gobernuaren erantzukizuna aitortu dezala. 2023ko otsailaren 28an bi trenek elkar jo zuten, eta 57 lagun hil ziren.

Milaka manifestari protestan, gaur, Greziako Parlamentuaren aurrean. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Milaka manifestari protestan, gaur, Greziako Parlamentuaren aurrean. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 28a
12:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Greba orokorra egiten ari dira gaur Grezian, baita herrialde hartako gobernuaren aurkako zenbait protesta ere. Bi urte bete dira Tempe haranean (Grezia) bi trenek elkar jo eta 57 lagun hil zirenetik. Oraindik guztiz argitu gabe dago zergatik gertatu zen ezbeharra; zenbait herritarrek eta oposizioak erantzukizuna ez hartzea egozten diote Greziako Gobernuari. Eta sindikatuek exijitu diote errudunak zigortzeko, «haien kargua dena dela». Poliziaren arabera, 300.000 herritar inguru elkartu dira Atenasen. Hasieran, manifestazioa baketsua izan da, baina geroago istiluak sortu dira Poliziaren eta zenbait manifestariren artean.

Ezbeharra trenbide sarearen «segurtasun hutsuneek» eragin zutela azaldu zuen atzo Aireko eta Trenbideetako Isripuak Ikertzeko Agintaritza Nazionalak. Are gehiago, ohartarazi zuen oraindik konpondu gabe daudela arazo horiek. Istripua ikertzen ari den erakunde horren arabera, trena «segurua ez zelako» hil ziren 57 herritar horiek; «hori ezin da ezkutatu», gehitu zuen erakunde horren trenbide arloko buru Khristos Papadimitriuk. Gainera, ikerlariek trenbide sarea hobetzeko zenbait gomendio egin dizkiote Garraio Ministerioari, «halakorik berriz gerta ez dadin».

Ezbeharra gertatu eta egun gutxira, tren zerbitzuetako langileek salatu zuten orain ikerketek baieztatu dutena. Agintariei egotzi zieten gertatutakoaren erantzukizuna; haien esanetan, oso gaizki baitzegoen sarea, eta segurtasun sistemek ez baitzuten behar bezala funtzionatzen. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak eta trenbide sareko arduradunek, ostera, esan zuten «giza akats bat» izan zela. Bi urte geroago, benetako erantzuleak zein izan ziren argitzeko eskatzen jarraitzen dute hildakoen familietako kideek.

2023ko otsailaren 28an bi trenek —bata bidaiariena eta bestea merkantzia trena— elkar jo zuten Tempe haranean, Larisa hiritik hurbil. Atenastik Tesalonikarako bidaia egin behar zuen trenak, eta 350 pertsona zihoazen, gehienak 20 urte inguruko ikasleak. Talkaren ondorioz, haietako 57 hil ziren.

Mitsotakis lehen ministro zen ezbeharra gertatu zenerako, eta haren alderdia berriz nagusitu zen istripua gertatu eta lau hilabetera egindako bozetan. Mitsotakisen ND Demokrazia Berria alderdi eskuindarrak botoen %40 baino gehiago eskuratu zituen. 2019tik da lehen ministroa Mitsotakis, eta aurreko ostiralean idatzi zuen, Facebook sare sozialean, gobernuak lan egingo duela tren sarea hobetzeko eta hori seguruago egiteko.

Zentsura mozioa

Oposizioak tren istripuaren erantzule izatea egotzi dio Mitsotakisen gobernuari, baita «hutsegite kriminalak» egin izana ere. Hala adierazi zuen atzo Pasok Alderdi Sozialista Panheleniarreko presidente Nikos Andrulakisek. Horregatik, hurrengo asteazkenean Mitsotakisen aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko du Andrukalisen alderdiak. Pasok bigarrena da Greziako Parlamentuan ordezkari gehien duten alderdietan. Halere, zentsura mozioak ez du aukera handirik aurrera egiteko, Mitsotakisen NDk gehiengo osoa baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.