Preso politikoak

Gose eta egarri greban daude hamazazpi preso politiko maputxe

Angol espetxeko preso politikoak joan den maiatzetik daude gose greban. Maputxeen modulu berezia berrezartzeko eta Temucoko kartzelan dauden sei presoak Angolgora itzultzeko eskatzen dute.

Preso politiko maputxeen senideak Angoleko kartzelaren kanpoaldean, herenegun. PRISIONEROS POLíTICOS MAPUCHE DE ANGOL
maddi iztueta olano
2023ko abuztuaren 18a
12:30
Entzun

Joan den maiatzetik, gose greban daude Txileko Angol espetxeko hamazazpi preso politiko maputxe, eta ura edateari ere uko egin zioten astelehenean. Maputxe guztiak modulu berean bizi ziren Angolgo espetxean, baina modulu hori desegin egin zuen kartzelako poliziak maiatzaren 7an, eta herrialdeko beste kartzela batzuetara eraman zituzten presoak. Besteak beste, Temucoko kartzelara bidali zituzten sei preso. Txileko kartzelen artean baldintza «gogorrenetakoak» izateagatik da ezaguna espetxe hori.

Angolgo kartzelan izan zen gertakari baten harira hasi zuten gose greba, baina gertakari hori azaltzen duten bi bertsio daude. Poliziaren arabera, moduluko maputxeak espetxeko hiru funtzionario bahitzen saiatu ziren egun hartan. Zenbait irudi eta bideo zabaldu zituzten herrialdeko hedabideetan, erasoa frogatzeko, baina horietan presoen eta funtzionarioen arteko liskar bat baino ez da ikusten. Maputxeek ukatu egin dute bahiketa saiakera, eta salatu dute egun hartako otorduak eta bisitak «arbitrarioki eta aurretik abisatu gabe» eten zituztela funtzionarioek, baita haien aurka negar gasa erabili zutela ere.

Komunitate maputxeek funtzionarioen bertsioa gaitzetsi dute. Haien arabera, Poliziak eta Txileko Gobernuak aurretik prestatutako «egoera» bat izan zen maiatzaren 7an gertatutakoa. Herrialdeko zenbait hedabideri adierazi dietenez, bahiketaren inguruko prentsa oharrak liskarrak hasi baino lehen idatzi eta bidali zituzten, eta telebista kateetako kazetariak «berehala» iritsi ziren espetxera.

Maputxeen eskakizuna argia da: modulu berezia berriro ere abian jartzea, eta Temucoko espetxean dauden sei presoak Angolgora itzultzea. Haien arabera, modulu hori «ezinbestekoa da» herri indigena gisa duten elkartasuna zaintzeko eta Isabel xamanarekin duten loturari eusteko.

Dena den, ehun egun igaro dira gose grebari ekin ziotenetik, eta haien eskaerek ez dute erantzunik izan. Auzia «ahalik eta lasterrena» konponduko zutela hitzeman zuten Txileko Gobernuak eta Poliziak maiatzean. Baina, Victor Queipul komunitate maputxeko buruak salatu duenez, oraindik ez dute haiekin hitz egin. «Presoek aldarrikatzen dituzten eskubideak ez dira pribilegioak; OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. itunean oinarritzen dira».

Hain justu, herri indigenen kultur aniztasuna eta eskubideak aitortzen dira hitzarmen horretan. OITk onartu zuen 1989an, eta 24 herrialdek sinatu dute, hala nola Espainiak, Alemaniak, Nikaraguak eta Txilek.

Are, herri indigenetako kideek kartzelan dituzten eskubideak ere zehazten ditu dokumentuak. Batetik, eskubidea dute komunitateko ohitura eta erakunde propioak mantentzeko, betiere horiek ez badira bateraezinak sistema juridiko nazionalak definitutako oinarrizko eskubideekin edo nazioarteko giza eskubideekin. Bestetik, haien «ezaugarri ekonomiko, sozial eta kulturalak» kontuan hartu beharko dira zigor penalak ezartzean. Ildo horretan, lehentasuna izango dute espetxeratzeaz aparteko zigor motek.

Osasun egoera «larria»

Preso politiko maputxeen dozenaka familia bertaratu dira egunotan Angolgo kartzelara. Horietako askok kanpadendak jarri dituzte, eta haiekin bat egitera deitu dituzte gainontzeko kide maputxeak. Beren senide eta lagunen osasun egoera «oso larria» dela salatu dute, eta eskaerei «ahalik eta lasterren» kasu egiteko galdegin diote Txileko Gobernuari. Izan ere, zenbait preso politikok eta haiekin hitz egin duten familiek jakinarazi dutenez, espetxeko funtzionarioek preso maputxeak «torturatu» zituzten Angolgo kartzelatik atera baino lehen.

Salatutako «torturen», gose grebako ehundik gora egunen eta hasi berri duten egarri grebaren ondorioz, Angolgo ospitalean daude horietako asko. Osasun langileek presoen osasun egoera egonkortzea lortu dutela jakinarazi dute familiek, baina ohartarazi dute espetxeko erizaindegiak «higiene falta larriak» dituela.

Preso maputxeen egoerak oihartzuna izan du Angolgo eta Temucoko kartzelen ingurutik harago ere. Grebari ekin eta hamar egunera, maiatzaren 17an, ehunka ikasle maputxek manifestazio bat egin zuten Temucoko polizia etxearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.