Preso politiko maputxe bat gose eta egarri greban dago

Guillermo Camus Jarak 93 egun daramatza gose greban, eta duela bi ekin zion egarri grebari. Salatu duenez, uko egin diote Cañeteko hezkuntza eta lan zentrora lekualdatzeko eskaerari.

Maputxe herriaren aldeko protesta Txilen, artxiboko irudi batean. ELVIS GONZALEZ / EFE
Maputxe herriaren aldeko protesta Txilen, artxiboko irudi batean. ELVIS GONZALEZ / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 13a
10:25
Entzun

Duela 93 egun ekin zion gose grebari Guillermo Camus Jara preso politiko maputxeak, eta ura edateari ere uko egin dio duela bi egun. Txileko Lebuko kartzelan dago egun. Iazko abenduan, Cañeteko hezkuntza eta lan zentrora lekualdatzeko eskatu zuen, baina ez diote onartu. Gutun bidez eman du bere erabakiaren berri.

Gutunean bertan, Pablo Gaete Txileko Poliziako Gizarteratze zuzendariordeari egotzi dio ezezkoa jaso izana. «Beste behin ere, zentro horietan sartzeko maputxe ororen aurka erabiltzen dituzten metodo arbitrarioak erakutsi dituzte», azpimarratu du. Hori izan da egarri greba hasteko arrazoi nagusia, jakinda horrek bere «osasun egoera larriagotuko» duela.

Are, Camusek salatu du abenduan eskaera egin zuten guztien dokumentazioa galdu egin dutela eta, gaur-gaurkoz, ez dutela jaso horri buruzko azalpenik. «Erantzule zuzenak egon beharko lirateke». Camusen ustez, euren dokumentazioa galdu izana «delitu larria» da, eta Txileko kartzeletan dauden preso maputxeen eskubideak urratzen ditu, «zigorgabetasun osoz». Txileko estatuaren eta Jendarmeriaren —Txileko espetxeen ardura duen Polizia organoa— jarrera salatu du, nazioarteko arauak urratu dituztelako eta ez dutelako babestu preso politiko maputxeen gizarteratze prozesua.

Egarri greba egin bitartean, senideek ezin izango dute Camus bisitatu, 30 eguneko zigorra ezarri baitiote. «Indartsuak izan daitezen esan nahi diet, ni ere indartsua izango bainaiz», esan die senideei. Eta argi utzi du ez duela «duintasuna» galduko. Gutunean eskertu egin du senideek emandako babesa, baita Temucoko kartzelako moduluko kideek erakutsitako elkartasuna ere. Are, ez ditu ahaztu berak bezala «espetxe politikoa jasaten duten kideak».

Cañeteko hezkuntza eta lan zentroak ere elkartasuna adierazi dio; Victor Llanquileo Pilquiman eta Oscar Pilquiman preso politiko maputxeek gutuna idatzi diote. «Txileko Estatuak zigortutako preso politiko gisa, gure elkartasuna adierazi nahi diogu Guillermo Camus Jarari, eta dei egin nahi dugu haren eskaera babestu dezaten», nabarmendu dute.

Llanquileok eta Pilquimanek babesa adierazi diete Wallmapuko lurraldeetako «borroka adierazpenei» ere. Salatu dutenez, Txilek «aspaldiko herrien» aurkako legeak sortu ditu. Lege horiek ere «etxerik ez dutenen, zaurgarrien eta justiziaren» aurkakoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.