Erasoak Katalunian. Islamofobia

Gorrotoaren pozoia

Bartzelona eta Cambrilseko atentatuek eragindakoak alde batera utzita, Espainian eta Katalunian hogei aldiz ugaritu dira islamofobia kasuak azken zortzi urteotan

Bartzelona eta Cambrilseko erasoak salatzeko joan den astelehenean Rambletan egindako elkarretaratzea. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Fiteron (Nafarroa) gertatu berri da. Jatorri marokoarreko hiru adingabek salatu dute «molde islamofoboan» iraindu eta mehatxatu zituztela. Atxilotu zituzten bi erasotzaileak, 18 eta 55 urteko bi gizonezko, baina Tuterako epaileak aske utzi ditu, «eraso islamofoborik» ez zela gertatu ebatzita. Guardia Zibilak, baina, gazteek salaketa jarri eta gero jakinarazitakoari eutsi dio, eta epaiaren ondoren kaleratutako komunikatu batean berretsi du «molde islamofoboko irain eta mehatxuek» areagotu zutela erasoa.

Araban, Oionen, musulmanen kontrako pintaketa «arrazista eta xenofoboak» egin dituztela salatu du hango udalak. Gasteizen ere antzekoak agertu dira: «Musulmanak terroristak».

Bartzelonan eta Cambrilsen (Katalunia) EI Estatu Islamikoak egindako atentatuetan hamabost pertsona hil ondoren gertatu dira gorrotoaren pozoia gaiztotu duten hiru gertakari horiek. Halere, pozoi hori, islamofobia, bizi-bizirik zegoen Kataluniako erasoen aurretik ere. Europako Batzordeak ohartarazi du islamofobia eta errefuxiatuekiko arbuio sentipena areagotzen ari direla Europan. Islamofobiaren Kontrako Herri Plataformak eman du datua: Hego Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian 29 islamofobia kasu zenbatu zituzten 2009an, eta iaz, 573. Gorakada nabarmena da, hogei aldiz ugaritu baitira azken zortzi urteotan. Iazko 573 horietako hemeretzi Hego Euskal Herrian gertatu ziren. Dena dela, Esteban Ibarra plataformako koordinatzaileak nabarmendu du kasuen %20 besterik ez dela salatzen.

Islamofobiak esan nahi duena da etsaikeria agertzea musulmanei edo jatorri etnikoagatik zein itxura fisikoagatik hala kontsideratutakoei, eta horiek estereotipatzea, diskriminatzea, arbuiatzea. Espainiako Zigor Kodeak dio lau urteko espetxe zigorra ezar daitekeela gorroto delituengatik; islamofobia bera, baina, ez dago gorroto delitu gisa tipifikatuta. Gorroto delituak dira, besteak beste, arrazagatik, jatorri etnikoarengatik, eta erlijio zein sinesmenengatik egindakoak.

Adituak bat datoz: islamofobia olatua izugarria da. Kataluniako gertakariek eragin dituzte pintaketak, mehatxuak eta erasoak, esaterako, Katalunian, Espainian eta baita Euskal Herrian ere. Datuek diote, baina, lehen ere gertatzen zirela. 192 hildako eragin arren, 2004ko martxoaren 11n Al-Qaedak Madrilen egindako atentatuek ere ez zuten gorrotoaren pozoia hainbeste bizitu. Testuingurua diferentea da, eta Ibarrak esplikatu du zergatik: «Gizarteak interpretatu zuen Espainiak Irakeko gerran parte hartzea izan zela erasoaren kausa. Beraz, islama ez baizik politikariak egon ziren jomugan». Hori, batetik.Ibarrak pentsatzen du, halere, badaudela gako gehiago: adibidez, Kataluniako erasotzaileen profila. Iruditzen zaio horiek han heziak izateak, printzipioz integratuta egoteak, mendeku egarria areagotu duela. Pozoia gaiztotzeko beste motibo bat da, haren ustez, Europan azken urteotan gertatutako antzeko atentatuak. Eta, azkenik, «eskuin muturreko diskurtso interesatuak» errefuxiatuen krisiarekin lotu nahi dituela erasoak.

Ipsos Mori institutuak ikerketa bat kaleratu zuen iaz, eta, horren arabera, espainiarrek garrantzi handiegia ematen diote Espainian bizi den musulman kopuruari: uste dute biztanleria osoaren %14 dela, nahiz eta %5 ere ez den. Madril Espainiako hiriburuan eta haren aldirietan 283.063 bizi dira, eta Katalunia osoan, 515.482.

Riay Tatary Espainiako Batzorde Islamikoko presidenteak, hala ere, ez dio kopuruari inportantziarik ematen: «[Atentatuen egileak] Erabili egin dituzte. Azalean geratu beharrean, sakondu egin behar da, eta atzean zer dagoen jakin». Gorrotoaren pozoiaren gaiztotzea azaldu, alegia.

Beste norabideko gorrotoa

Espainiako hainbat komunitate musulmanetako arduradunen ustez, EIk eta antzeko taldeek jatorri musulmaneko jendearen identitate arazoak eta integratzeko dauzkaten zailtasunak baliatzen dituzte jendez hornitzeko. Abdellah Bousseff Atzerriko Komunitate Marokoarren Batzordeko presidenteak otoitz egiteko guneak jarri ditu adibide moduan: «Espainiako musulmanek otoitz egiten dute hangarretan, garajeetan. Hori lotsagarria da, etsigarria, batez ere Espainian hazi direnentzat, irakatsi baitzaie Espainian eskubideak dauzkatela, herritarrak direla». Espainiako Justizia Ministerioaren datuek zera diote: Espainian 1.532 zentro islamiko daudela; meskitak, baina, «bospasei» besterik ez daude, Boussefen, esanetan. «Milioi pasa musulman bizita, nola da posible?».

Eta, beste aldean, muturreko islamisten pozoia bizitu edo ez bizitzeko orduan, imamen lana «ezinbestekoa» da «terrorismoaren aurkako borrokan», Mounir Benjelloun Erakunde Islamiko Erlijiosoen Espainiako Federazioko presidentearen irudiko. Duela urte batzuk imamen prestakuntzarako proiektu bat aurkeztu zion federazioak Espainiako Gobernuari, baina ez du erantzunik jaso. «Hori bai, zoritxarrak gertatzen direnean, errua musulmanona da». Imamak prestatzeko hitzarmenak dauzka Marokok Alemaniarekin eta Frantziarekin, baina ez Espainiarekin. «Gazteek, batez ere, konfiantza handia daukate imanarengan. Baina prestakuntza nahikoa ez duten imamak oso arriskutsuak dira», azaldu du Benjellounek. «Imam bat baino gehiago kaleratu behar izan dut, mezu batzuk ez zirelako onargarriak». Zentro islamiko bakoitza libre da bere arduradun erlijiosoa, imama, aukeratzeko.

Lehengoan, Bartzelonan, atentatuak salatzeko elkarretaratze batean, musulman batek adierazi zuen ohituta dagoela «denak igualak dira» eta gisakoak entzutera. «Musulmanak gara, ez terroristak», oihukatu zuten elkarretaratzea bukatutakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.