Identitate nazionalaren defentsa aldarrikatuz lortu zituen Voxek 52 jarleku Espainiako Kongresuan, gorteetarako hauteskundeetan, 2019ko azaroaren 10ean. Boto gehien lortutako indarretan hirugarrena izan zen: 3,6 milioi boto. Kataluniako prozesu subiranista hedabideen agendaren erdian zegoen artean, zeren, besteak beste,hilabete eskas lehenago kaleratu zuten buruzagi independentisten kontrako auziaren epaia. «Voxen bozkatzaileek ultranazionalismoagatik bozkatu zuten, batez ere», azaldu du Anna Lopez Zientzia Politikoetan doktore eta kazetariak. «Orain, alderdiaren diskurtsoaren pakete osoa erosi dute». Hori da homofoboa, arrazista, migrazioaren aurkakoa, Europako Batasunaren kontrakoa, antifeminista eta klima larrialdia ukatzen duena. «Voxen bozkatzaileak ez du bozkatzen Abascal [Santiago, alderdiaren liderra] gaitasun handikoa delako, edo neurri guztiekin ados dagoelako: gorrotoagatik egiten du», nabarmendu duenez. Lopez irakaslea da Valentziako Unibertsitatean, eta eskuin muturra da haren ikerketa lerro nagusia.
Iruditzen zaio planteamendu hori egitean «oso errentagarria» zaiola Espainiako Gobernuan koalizio aurrerakoi bat egotea, «eskubide sozial eta aurrerazaleetan sakondu duena». Hau da, gobernu horrek «erregaia» eman dio alderdi ultrari, «emozioetan eta beldurretan» oinarritutako diskurtsoa proposatu eta haizatzeko.
Eta Vox da, Lopezen esanetan, bozkatzailerik fidelizatuenak dituen alderdia. Azken inkesten arabera, duela lau urte botoa eman zioten hamarretik zortzik berriro babestuko dute. Batez ere eskuinaren eremuan bereganatu ditu botoak, baina politologoak azpimarratu du demoskopiak dioela PSOEren hautesleen %6k ez diotela muzin egiten ultrei bozkatzeari. Zehaztu du, horren harira, Voxen mezu ekonomikoa ere kontserbadorea dela. «Programa neoliberala du. Esaterako, oinordetza zerga kendu nahi du. Horrek maila ekonomiko handienekoei egingo lieke mesede».
Sare sozialetako estrategia
Alderdiaren bozkatzaileen profila «heterogeneoa» da, baina, Lopezen ustez, bat da nagusi: gizonezkoa, batez ere 45 urtetik gorakoa, ikasketa ertainak egindakoa, diru sarrera handikoa, katoliko praktikantea, Espainiarekin oso identifikatuta sentitzen dena, eta Espainiako sistema politikoak funtzionatzeko duen moduarekin sumindua.
Aintzat hartu behar da, gainera, «bozkatzaile berriena» — alegia, gazteena— dela egun haren alde gehien babesten duen herritar multzoa. Batetik, hor du hazteko aukera Voxek. Horrekin lotuta, Lopezek nabarmendu du eskuin muturrekoa dela sare sozialak ondoen erabiltzen dituena. «Gai horretan, Steve Bannon da Europako indar ultren aholkularia. Voxek estrategiak ditu gizartea polarizatzeko, beldurra zabaltzeko, eta bozen garaian hautesleak erakartzeko». Eta estrategia horien barruan, bereziki gazteei begirakoetan «profesionalizatu» dira: «Tiktoken eta. Badakite boto haztegi bat dela hori, eta horretan arrantzatu dezaketela».
Bestetik, Voxek gehiago egingo du gora, Lopezentzat, PPk «duda-mudatan» segitzen duen bitartean; zalantzati, gai batzuen inguruan: «Genero indarkeria, LGTBIen eskubideak, abortuaren eta eutanasiaren inguruko posizioak...». Baliteke Alberto Nuñez Feijoo PPren buruarekin konbentzituta ez daudenek alderdi ultra aukeratzea, «profil sendoago bat, gogorrago bat» nahi dutelako.
Orain dela lau urteko egoerarekin alderatuta —Voxek orduan lortu zuen aurrenekoz ordezkaritza gorteetan—, politologoak pentsatzen du herritarrek «normalizatu» egin dutela alderdiaren irudia. «Eta normalizazio hori PPk ekarri du, zeren, puntualki, Vox behar izan du gobernatzeko, aurrekontu batzuk onartzeko». Udaletako eta autonomia erkidegoetako maiatzeko hauteskundeen ondoren, ohikoak bihurtu dira bi indarren arteko itunak. Lopezek adierazi du, bide batez, ultrek erakutsi dutela badutela «lurraldeetan ezartzeko gaitasuna». 2019ko udal bozetan botoen %2,90 lortu zituzten —530 zinegotzi—, eta maiatzekoetan, berriz, botoen %7,19 eta 1.695 zinegotzi.
Instituzioetan egonik, Voxen bozkatzaileak sentitu dezake bere botoa «baliagarria» dela, eta erabakitzeko ahalmena edukita, politika publikoak baldintzatu ditzake. «Baina Europako esperientziak erakusten digu gobernabideak ondorio txarrak ekartzen dizkiola eskuin muturrari». Lopezek uste du, ordea, Voxen kasuan oraindik «azkarregi» dela tesi hori baieztatzeko.
Eskuin muturreko alderdiek, oro har, krisi egoeran egin dute gora Europan: energiarena, klimarena, instituzioekiko konfiantzarena... piztu direnean. Espainian izandako «identitate krisi bategatik» handitu zen Vox. Lopezek gogoratu du, ordea, ezin dela esan krisirik gabeko aldietan eskuin muturreko alderdiak ez direnik ez handituko, ez egonkortuko. Hori lotuta dago, haren iritziz, Pippa Norris eta Ronald Inglehart politologoek blacklash kultura deiturikoarekin. «Hau da, nola sentitzen den herritarren parte bat mehatxatuta gutxiengoen eskubideen eta askatasunen eremuan egindako aurrerapausoengatik, eta identitate nazionaletan biltzen dira». Uste du egungo abagune globalaren «markoak» ere mesede egiten diola eskuin muturrari: «Beldurra, satisfaziorik ezaren kultura, iraultza teknologiko iraunkorra...».
Espainian, Nuñez Feijook zer pentsatzen duen asmatzen ahalegintzeko ariketa egin du. «Haiek [PPk] eskuin muturra hutsaltzen dute, eta uste dute kontseilaritza minoritarioak emanez Vox kontrolatu ahal izango dutela. Esango nuke eskuin muturrak instituzioetan egin dezakeena hutsaltzea eta gutxiestea dela hori». Lopezen aburuz, Voxen diskurtsoa «erosteaz» gain, «Vox bazkide fidagarri gisan erakusten du PPk, eta estrategia arriskutsua da hori».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdiak
Gorrotoaren botoa da Vox
Eskuin muturrekoa ez da soilik zarata egitera mugatzen den indar arrazista eta homofobo bat: instituzioetan eragiteko gaitasuna duen alderdi bat ere bada, eta, gainera, bozkatzaile gazteak erakarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu