Kolonbiako Karibean «eskubide urraketak» gertatzen dira egunero, eta, errealitate hori salatu nahian, Euskal Herrirako bidea egin zuen Nhorelsy Camila Thowinson de Leonek (Santa Marta, Kolonbia, 1997). Freytter elkarteak —Latinoamerikako indarkeria politikoaren gaineko ikerketak egiten ditu— gonbidatu zuen Thowinson de Leon, eta hitzaldi bat eman zuen Arrasaten (Gipuzkoa) azaroan: Antirrazismoa eta egiturazko pobrezia Kolonbiako Karibeko kostaldean.
Zer azaltzera etorri zara?
Hitzaldira, berez, arrazakeria estrukturalari buruz hitz egitera etorri naiz, bizitza arrazializatuak pobretzen dituen osagaiak azaltzera. Pertsona arrazializatuak historikoki pobretu izan dituzte; XIX. mendeko kapitalismoak egin zuen eran, mundu berriko kapitalismoak ere horretan dihardu. Egiturazko arrazakeria azaltzera etorri naiz, gutxi gorabehera 1492tik aurrerako bidea kontatzera.
Nolakoa da Kolonbiako Karibeko bizimodua?
Kolonizazioak ez zuen ekarri bizimoduak eraldatzea; aitzitik, diskriminazioan oinarrituta berreraiki du gure herria. Gu, beraz, egiturazko arrazakeria baten arauetan jaio gara, eta ez da berdin arrazakeria egiturazkoa izatea edo gizartearen beste ezaugarri bat izatea. Hortaz, hitzaldiaren helburua zen erakustea kriminalizazioak ez direla gertaera bakanak. Pertsona arrazializatuak, esklabo izateari utzi, eta lurrik gabeko nekazari bilakatu ziren, batik bat beren merkatuak esploratu ahal izateko. Behin hala izanda, bazterkeriak, eskubide urraketak, edateko urik ezak, osasunik ezak... gainditu ditu.
Gauzak nola diren, pertsona arrazializatuek ez dute lan duinerako eta bizitza duinerako eskubiderik; Kolonbiako Karibeko biztanleen %60 baldintza txarretan lan eginda bizi dira. Hori oso datu eskandalagarria da, eta erakusten digu ez dela gai bakan bat, baizik eta pobrezia gai orokortua dela; bai gure eremuan behintzat. Karibeko bizitzak ez dira pentsatu mundura ateratzeko eta bizitza duinak izateko, baizik eta lana ustiatzeko subjektu gisa. Eta hori oso agerikoa da begiak irekiz gero. Mundua gorputz jakin batzuentzat eratuta dago, eta gorputz arrazializatuak ez dira onartutako moldean sartzen. Horregatik jartzen dira zalantzan eta horrexegatik kriminalizatzen dira.
«Pertsona zuriez ari naizenean, ez naiz koloreaz ari, pentsamenduaren egituraz baizik. Eskubideak gizaki klase jakin batentzat bakarrik ezarri dira»
Horretaz jakitun, nola egiten da horren aurka?
Esklabotzaren prozesua gertatu zenean, ez zen askapen eta independentzia prozesurik izan. Boterea hartu zuten familiak kolonietan sortutakoak ziren, eta Europarekin harreman zuzena egin zuten. Horregatik, guk ez dugu lurralde berri batean pentsatzeko aukerarik izan; boterea, hain justu, ez delako inoiz egiturazko kapitalismo eta arrazakeria horretatik atera. Neurri handi batean, esango nuke gutako askok sinistu egin dugula egoera erabat aldaezina dela. Gure lurraldeak ez daude bizitzeko pentsatuta, eta, noski, zuriek pentsatutakoak dira. Pertsona zuriez ari naizenean, ez naiz koloreaz ari, pentsamenduaren egituraz baizik. Eskubideak gizaki klase jakin batentzat bakarrik ezarri dira.
Adibidez, Britainia Handia Karibeko landaketetatik abiatuta eraiki zen, eta ez dago erreparazio historikorako proiekturik abian, baldin eta sinbolikoa ez bada. Horren arrazoia argia da: ez dute nahi guk arrazakeriaz hitz egin dezagun. Hitz egiten jarraitzen badugu, heziketa lortzen badugu eta arrazakeriak esplotazio subjektu gisa kokatzen gaituela ulertzen badugu, bukatu zaie zortea. Nahiago dute gu lanerako besterik ez izatea; pentsatzen ez bada, ez da arazorik ikusten. Esplotazioan hazi den jende askok ez du arrazakeriarik ikusten.
Horren aurkako borrokan, ekintzaile talde batean hasi zinen.
Unibertsitatean hasi nintzen geure egoeraren gainean hausnartzen. Han ulertu nuen zergatik ez ginen inoiz gure lekutik ateratzen, eta zeinen garrantzitsua zen bizitako eredu guztiak kolokan jartzea. Han jabetu nintzen jendearen ezjakintasunaz eta gogo faltaz. Gure herrian badaude eredu asko kolonizazio eta esklabotza prozesuetatik nola atera erakusten dutenak, baina jendeak ez ditu ezagutzen. Historia asko galdu dugu, eta apropos egin dute.
«Nahiago dute gu lanerako besterik ez izatea; pentsatzen ez bada, ez da arazorik ikusten. Esplotazioan hazi den jende askok ez du arrazakeriarik ikusten»
Orduan, zer ekintzaile taldetan zaude zu?
Karibe Pentsamendu Zentroan [Universidad del Norte unibertsitateko ekintzaile taldea] aritzen naiz. Etengabe mugitzen ari da taldea, nagusiki nahi gabe, eta borondatez ere bai, beste toki batzuetan bizi ahal izateko eta adituak izateko. Guk, bertan, deserosotasunean oinarrituta hitz egiten dugu, amorruz.