Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak baztertu egin du Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente ohia Tsunami auziagatik ikertzea. Goreneko hamabost fiskaletatik 11k Puigdemonten kontrako ikerketa exijitu zuten, uste dutelako Tsunami Demokratikoa «talde antolatu bat» zela, «izaera terroristakoa», eta Puigdemont horren «erabateko buruzagia» izan zela. Hala ere, azken hitza Maria Angeles Sanchez Conde Goreneko fiskalburuordearena zen, eta hark adierazi du ez dagoela zantzurik Puigdemont «terrorismoagatik» ikertzeko. «Oinarri faktikorik gabeko usteak helaraztera mugatu da instrukzioko magistratua», nabarmendu du fiskalburuordeak, Goreneko zigor salara bidali eta gaur argitara atera duten behin betiko txostenean. Gorenari eskatu dio Puigdemonten aurkako auzia artxibatzeko, eta Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia-Castellon epaileari itzultzeko kasua.
Tsunami Demokratikoak deituta, 2019ko udazkenean protesta sorta bat egin zuten Katalunian, Gorenak buruzagi independentisten kontrako zigorren berri eman ondoren. Lau urte dira Garcia-Castellon manifestazio horietan «terrorismo» deliturik izan al zen ikertzen ari dela; bera da instrukzioko epailea. Iazko azaroan eskatu zion Gorenari Puigdemont «terrorismoagatik» ikertzeko.
Goreneko hamabost fiskaletatik hamabik «terrorismo zantzuak» ikusten dituzte Tsunami auzian, eta, 11 fiskalen baiezkoarekin, Goreneko zigor salako fiskalen batzarrak Puigdemont ikertzeko eskatu zuen otsailaren 6an, «terrorismoa» leporatuta. Zigor salako fiskalen batzarrak ez zuen aho batez onartu eskaria —lau fiskalek kontra egin zuten—, eta horregatik izan du azken hitza Sanchez Condek. Kataluniako Parlamentuko diputatu Ruben Wagensbergen kontrako auzia artxibatzeko ere eskatu du, eta instrukzioko epaileak jarrai dezala beste inputatuak ikertzen. Hala, Espainiako Estatuaren Fiskaltza Nagusiarekin bat egin du Gorenekoak.
Fiskalburuordeak behin betiko txostenean adierazi du Gorenak ez duela eskumenik instrukzio horretarako, Auzitegi Nazionalak baizik. Hala adierazteko eskatu dio Sanchez Condek Goreneko zigor salari. Juan Ramon Berdugo magistratuak erabaki beharko du ea Gorenak bere egiten duen fiskal nagusiaren irizpena edo ez. Bere egingo balu, instrukzioa Auzitegi Nazionalera itzuliko litzateke.
Sanchez Conderen erabakiak kapitulu berri bat ireki du Tsunami auzian, baina aurreko batzuk oraindik itxi gabe daude. Izan ere, Tsunami auziko hiru inputatuk auzia bertan behera uzteko eskatu dute erreforma helegiteen bidez, legezko epeak errespetatu ez izana egozten baitiote Garcia-Castelloni. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak legeak ezarritako muga baino hiru egun geroago sinatu zuen Tsunami auziaren ikerketa luzatzeko lehen ebazpen judiziala.
2021eko uztailaren 29a zen azken eguna, legez, ikerketa luzatzeko. Garcia-Castellonek egindako ebazpenean idatzita dago luzapena orduan hasiko zela —uztailaren 30eko data du ebazpenak—, baina dokumentua abuztuaren 2an sinatu zuen elektronikoki. Guztira bost aldiz luzatu du ikerketa, eta lehen ebazpenean identifikatu dute akatsa.
Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak adierazi du ez dela akatsik egon luzapenean. Gauza bera esan du Garcia-Castellonek: «2021eko uztailaren 30eko ebazpena adierazitako datan existitu zen, idatzi zen eta landu zen. Tramitazio prozesaleko sisteman sartzeko data [2021eko abuztuaren 2a] hainbat zirkunstantziaren ondorio izan daiteke; guztiak, magistratu baten funtzioetatik kanpokoak. Magistratu bati erabakiak hartzea dagokio, ez prozedura tramitatzea».
Iskanbila, lehen galbahean
Iazko azaroan eskatu zion Garcia-Castellonek Gorenari Tsunami auzia ikertzeko. Auzitegiak ikerketa bere gain hartu dezakeen edo ez erabakitzea Zigor Salako Berdugo magistratuari dagokio, baina lehenago fiskalen eskuetatik igaro da auzia: haiek pasatzen dute lehen galbahea. Eta hor izan da iskanbila.
Goreneko fiskal nagusiak, Alvaro Redondok, txosten bat aurkeztu zuen fiskalen batzarrean, adieraziz Garcia-Castellonen tesia —Tsunami Demokratikoak «terrorismo» delituak egin zituela, eta Puigdemont buru zuela— frogatzeko zantzurik ez zegoela. Hori bera adierazia zuen ja Auzitegi Nazionalean Tsunami auziaz arduratzen zen fiskalak —Miguel Angel Carballok—, baina Garcia-Castellonek atzera bota zion ebazpena. Hala egin zuen Goreneko fiskalen batzarreko gehiengoak Redondoren txostenarekin.
Ondoren, Garcia-Castellonen tesiarekin bat egiten zuten Goreneko fiskalek beste txosten bat egin zuten: fiskalen batzarrak onartu egin zuen hilaren 6an, hamabost fiskaletatik 11ren baiezkoarekin. Redondoren, Carballoren eta Espainiako Estatuaren Fiskaltza Nagusiaren tesiarekin bat egin du, ordea, Goreneko fiskal nagusiak. Orain, azken erabakia hartzea Berdugo magistratuari dagokio.