Goreneko fiskalek uste dute Tsunami Demokratikoko «erabateko buruzagia» zela Puigdemont

Txostenean jasotakoaren arabera, badira «askotariko zantzuak egiaztatzen» dutenak Kataluniako Generalitateko presidente ohiak talde «terroristaren» kontrola zuela. Tesi horri sinesgarritasuna ematea deitoratu du lider independentistak.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea, joan den azaroan, agerraldi bat egin ondoren, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea, joan den azaroan, agerraldi bat egin ondoren, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
ander perez zala
2024ko otsailaren 21a
12:05
Entzun

Hilaren 6an argitara atera zuten Espainiako Auzitegi Goreneko zigor aretoko fiskalen batzarrak Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia ikertzeko eskatu zuela, «terrorismoa» leporatuta. Egun horretan ez zituzten jakinarazi erabaki horren arrazoi zehatzak, nahiz eta adierazi zuten nahikoa zantzu zeudela hori egozteko. Azkenean, gaur plazaratu dituzte Espainiako zenbait hedabidek: Goreneko fiskalek uste dute Tsunami Demokratikoa «talde antolatu bat» zela, «izaera terroristakoa», eta Puigdemont horren «erabateko buruzagia» izan zela. Horretan oinarritu dira, hortaz, Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren kontrako ikerketa exijitzeko, uste baitute ez dagoela zalantzarik Tsunami auzian ikertzen ari diren «gertakariek bat egiten» dutela «terrorismo delituarekin».

Txostena Fidel Cadenak idatzi du, zigor aretoko fiskalburuak, eta fiskal gehienen jarrera jasotzen du. Horren edukiaren arabera, uste dute badirela «askotariko zantzuak egiaztatzen» dutenak Puigdemontek Tsunami Demokratikoaren kontrola zuela, eta, besteak beste, talde horren «autore intelektuala» zela, eta haren agintea «bere gain» hartu zuela.

Fiskalek beste argudio bat ere badute jarrera hori defendatzeko: Kataluniako Generalitateko presidente ohia «hasieratik» zegoela jakinaren gainean «talde antolatuaren eratzeaz», eta 2019ko martxoaren 30ean eta 31n Genevan (Suitzan) egindako bi bilkuratan egon zela, zeinetan, ustez, erabaki zuten Tsunami Demokratikoa martxan jartzea. «Zuzenean dago inplikatuta sare sozialen bidez Tsunamiaren kanpaina abiatzeko lanean».

Dokumentuak jasotzen du, gainera, zer uste duten Goreneko fiskalek talde horren helburuez; besteak beste, «[Espainiako] estatuaren egitura politikoak eta ekonomikoak desegonkortzea, bake publikoa nahastuta». Hori, eta «botere publikoei eta, bereziki, Gorenari eragoztea bere sententzia irmoak betetzea eta exekutatzea». Fiskalentzat, Puigdemontek «babes publiko, pribatu, intelektual eta etikoa» eman zien Tsunami Demokratikoaren ekintza guztiei.

Talde horrek deituta, 2019ko udazkenean protesta sorta bat egin zuten Katalunian, Espainiako Gorenak buruzagi independentisten kontrako zigorren berri eman ondoren. Lau urte dira Manuel Garcia-Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea manifestazio horietan «terrorismo» deliturik izan al zen ikertzen ari dela.

Gaur argitara ateratako informazioaz, Puigdemontek berehala erreakzionatu du, X sare sozialean idatzitako mezu baten bitartez. Kataluniako Generalitateko presidenteak esan du «soilik bi arrazoik» azaltzen dutela fiskal batek ondorioztatzea hura «talde terrorista baten erabateko buruzagia» dela: batetik, «polizia zerbitzuen informazio zoro eta manipulatu bati sinesgarritasuna ematea»; eta, bestetik, «jakinda informazio zoro eta manipulatua» dela, hori erabiltzea «helburu erabat politiko baterako».

Are, Puigdemonten ustetan, bi arrazoi horiek «erabateko dinamita» dira Espainiako zuzenbide estatuarentzat.

Cadenaren dokumentua Maria Angeles Sanchez Conde teniente fiskalaren esku dago, hark idatziko baitu behin betiko txostena. Condek dokumentu horretan zehaztuko du zein den fiskaltzaren jarrera, eta, beraz, argituko du ea Gorenari eskatuko al dioten Puigdemont «terrorismoagatik» ikertzeko.

Amnistiari buruzko lege proposamenaren arabera —PSOE eta JxC Junts Per Catalunya negoziatzen ari dira oraindik ere—, «terrorismo delituak» barkatuko dituzte, baina salbuespen batekin: «giza eskubideen urraketa larriak» eragiteko «zuzeneko asmoa» zuten ekintzak badira.

Suitzaren lankidetza

Atzo, afera horrekin lotuta, El País egunkariak argitara atera zuen Suitzak zalantzan jarri duela Tsunami Demokratikoa «terrorismoagatik» ikertu behar izatea; zehazki, herrialde horretako Justizia Bulego Federalak ikusi nahi du ikerketak «izaera politikorik» duen. Horregatik, uko egin zion Marta Rovira ERC Esquerra Republicanaren idazkari nagusiaz informazioa emateari. Garcia-Castellonek gaur erantzun du: Suitzari esan dio ezin diola ezezkoa eman kolaborazio eskariari.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak argudiatu du bi herrialdeek sinatu eta berretsi dituzten nazioarteko akordioek debekatu egiten dutela «arrazoi politikoak oinarri dituen laguntza judizialerako eskari bat ukatzea», eta «deigarria» iruditu zaio Justizia Bulego Federalak azalpenak eskatu dituela amnistia legearen ondorioez.

Garcia-Castellon, gainera, harrituta agertu da Suitzaren jarrerarengatik, adierazi baitu joan den azaroan koordinazio bilkura baterako eskaria egin ziela, eta oraindik ez duela erantzunik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.