Gorenak Puigdemonten aurkako atxilotze aginduari eutsi dio, amnistia legea saihestuz

Auzitegiak uko egin dio U-1aren auzian diru publikoa bidegabe erabiltzegatik zigortutakoei amnistia aplikatzeari; horrek eragiten die Junquerasi, Romevari, Bassari eta Turulli. ERCk esan du helegite bat aurkeztuko duela Konstituzionalean.

Carles Puigdemont ekitaldi batean, Cotlliuren (Ipar Katalunia), joan den ekainaren 7an. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont ekitaldi batean, Cotlliuren (Ipar Katalunia), joan den ekainaren 7an. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 1a
15:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak entzungor egin dio Espainiako Kongresuak onartutako amnistia legeari. Izan ere, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzeko modukoa ez dela argudiatuta, ebatzi du indarrean iraunaraztea Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren kontrako atxilotze agindua, eta, aldi berean, amnistia ez aplikatzea delitu horrengatik U-1aren auzian zigortutakoei: Oriol Junquerasi, Raul Romevari, Jordi Turulli eta Dolors Bassari. Gainera, ez dute artxibatu azken horiei ezarritako inhabilitazioa, eta hala jarraituko dute 2031ra arte.

Bi auto kaleratu ditu Gorenak. Bata, zigor aretoak. Manuel Marchena magistratua du buru, eta prozesu subiranistaren harira 2019an egindako epaiketan zigortuei eragiten die. Bestea, Pablo Llarena instrukzioko epaileak, zeinak buruzagi erbesteratuei eragiten dien. Toni Cominen eta Lluis Puigen aurkako atxilotze agindua ere mantendu du Llarenak; aldiz, indargabetu egin du Marta Roviraren kontrakoa, hari desobedientzia egozten diolako.

Gorenak planteatutakoa, hain zuzen, Espainiako fiskal nagusi Alvaro Garcia Ortizek proposatutakoaren kontrakoa da. Izan ere, eskatu du amnistia legea aplika diezaietela U-1eko auzian zigortutako buruzagi independentistei. Kataluniako Auzitegi Nagusiak, gainera, Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari ohia eta Puigdemonten bizkartzain izandako Lluis Escola amnistiatu zituen lehengo astean, argudiatuz diru publikoa bidegabe erabiltzearen kondena indargabetu behar zaiela, delitua lotuta dagoelako legeak jasotzen dituen gertaerekin, eta ez zelako haiek aberasteko izan.

Puigdemontek esaldi bat idatzi du X sare sozialeko bere kontuan: «La Toga Nostra». Hau da, konparatu du Gorenaren jokabidea Siziliako mafiarenarekin (Italia). Horren ondoren, Juntsen idazkari nagusi Jordi Turull mintzatu da, eta esan du Generalitateko presidente ohiak «eutsi» egiten diola Kataluniara itzultzeko konpromisoari. ERC Esquerra Republicanarentzat, ez da «ezusteko bat» izan Gorenak ebatzitakoa. Hori adierazi du Raquel Sans alderdiaren bozeramaileak, prentsaurreko batean; esan du, halere, epaileek jarritako oztopoak gorabehera, amnistia aplikatzen bukatuko duela Gorenak. Gerora, alderdiak, komunikatu baten bitartez, jakinarazi du Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko duela.

Gaur kaleratu duten autoen oinarrian dago, hain zuzen, PSOEk, Juntsek eta ERCk negoziatu eta Espainiako Kongresuak onartutako legea, joan den ekainaren 11n BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean kaleratua izan zenean U-1 auziko fiskalek eta Llarenak berak planteatutakoa; hau da, legean bertan jasota dagoela salbuespenak daudela diru publikoaren erabilera bidegabea amnistiatzeko orduan. Horietako bat da diru hori «etekin pertsonalerako» erabili izana, eta, bestea, delitutzat jotako ekintzek EB Europako Batasunaren «finantza interesei» eragitea.

Horren guztiaren harira, zigor aretoak hau nabarmendu du: «Besteren ondasunez jabetzen dena —ondare publikoaz kasu honetan— delitu bat egiten ari da, nahiz eta eskuratutako dirua beste batzuei opariak egiteko, limosna emateko edo beste edozein arrazoi altruistatarako erabili. Ondare delitua ez da zigortzen norbait beste norbaiten gauzez jabetu delako, baizik eta beste norbaiti bere gauzak kendu dizkiolako». Eta hau ere gehitu du: «[Ondare publiko] Hori beren helburu pertsonal propioetarako erabili zuten, helburu politikoak izateak ez baitu esan nahi partikularrak edo sektarioak ez direnik. Funts publiko batzuk norbere helburuen zerbitzura jartzea da hori, helburu horiek jende askori edo gutxiri eragiten diotela ere».

«Abiadura handia»

Llarenaren testuaren arabera, Puigdemonti, Comini eta Puigi egozten zaizkien delituek bat egiten dute diru publikoaren erabilera bidegabearen bueltan amnistiaren testuan jasota dauden bi salbuespenekin. «Horiek dira, norberaren ondasunen mesedetan egindako ekintzak, eta Europako Batasunaren finantza interesei eragitea», idatzi du gaur kaleratutako autoan.

Amnistiaren testuak berak hutsegiteak dituela salatu du zigor aretoak, eta horrek interpretazioa zailtzen duela. Horren arrazoia da testua «abiadura handian» ondu zutela. «Erreforma jakin bat bultzatzen duen borondate politikoaren eta borondate hori gauzatu asmo duten arauen perpausen artean koherentzia zehatz eta doi bat behar da», azpimarratu du.

PSOE-REN USTEZ, EZ DIO KATALUNIAKO INBESTIDURARI ERAGINGO

Alderdiak Kataluniako Generalitateko hurrengo presidentea nor izango den negoziatzen ari diren bitartean heldu da Auzitegi Gorenaren erabakia, U-1ean zigortuei amnistia ez aplikatzeko hartutakoa. PSC ari da ERC Esquerra Republicanarekin negoziatzen hark Salvador Illa hautagai sozialista babes dezan inbestidura saio posible batean, eta, PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramaile Esther Peñak gaur agerraldi batean adierazi duenez, ez du uste Gorenaren erabakiak negoziazioei eragingo dienik. «Prozesu ezberdinak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.