Espainiako Auzitegi Gorenak irizpidea aldatu du, eta Kataluniako bederatzi politikari independentista presoei ezarri zizkieten indultuak aztertzea erabaki du. Hortaz, oraingoan bai, Gorenak aztertu egingo ditu Espainiako Gobernuak harturiko erabaki horren kontrako helegiteak —besteak beste, PPk, Voxek eta Ciudadanosek aurkeztuak—, eta, beraz, baliteke auzitegiak zigortuakkartzelara itzultzeko agintzea.
Bost epailek eman dute botoa, eta horietako hiruk egin dute kasua berrikustearen alde; ezetz bozkatu dutenek boto partikularra eman dute, eta datozen egunetan jakinaraziko dute horien edukia.
Gorenak iragan urtarrilean esan zuen helegitea aurkeztu zutenek ez zutela horretarako «zilegitasunik», baina, hilabeteotan, auzitegiko bi epaile aldatu egin dira, eta horrek eragin du orain beste irizpide bat izatea. Halere, atzo azaldurikoak ez du zertan esan nahi indultuak bertan behera geratuko direnik.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ere atzo jakinarazi zuen Europako Parlamentuakbertan behera utzi dituela Carles Puigdemonten, Toni Cominen eta Clara Ponsatiren aurka onarturiko suplikatorioaren ondorioak, behin-behinean, eta, hortaz, hiru eurodiputatu horiek immunitate parlamentarioa berreskuratu dutela.
Atxilotuak izateko «arriskua» zutela argudiatuta, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik kautelazko neurriak eskatu zizkioten auzitegi horri, eta ematea erabaki dute epaileek; argudioen artean,iragan irailean gertaturikoa aurkeztu zuen Generalitateko presidente ohiak, Sardinian zela atxilo hartu zutenekoa.
Orain, auzitegiak behin betiko erabakia hartu behar du —ez du datarik jakinarazi—, eta, horretarako, aztertu egin beharko du hiru ordezkariek suplikatorioaren kontra aurkezturiko helegitea.
Gorenak iritzia aldatu du, eta Kataluniako presoen indultuak aztertuko ditu
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak immunitate parlamentarioa itzuli die Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri, behin-behinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu