Gorenak ikertuko du Juan Carlos Borboikoa, Mekako AHTaren lanen kasuan

Dolores Delgado Espainiako Estatuaren fiskal nagusiak auzitegiari eskatu dio aztertzeko errege ohiak zer esku hartze izan zuen

Espainiako errege etxea: ezkerrean, Juan Carlos Borboikoa errege emeritua, eta eskuinean, Felipe Borboikoa erregea. PACO CAMPOS / EFE.
Erredakzioa
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak izango du Juan Carlos Borboikoa ikertzeko ardura, Mekako (Saudi Arabia) AHT abiadura handiko trenaren eraikuntza lanen kasuan. Izan ere, Espainiako errege ohia Gorenean da foruduna, eta, lan horiengatik legez kanpoko komisioak kobratu zituen argitu behar dutenez, ikerketa auzitegi horretara pasatzeko erabakia hartu du Dolores Delgado Estatuaren fiskal nagusiak.

Ikerketa Auzitegi Nazionalean hasi zuten, 2018 amaieran, Jose Manuel Villarejo poliziaburu ohiak —espetxean dago egun— Borboikoaren lagun Corinna Larsenekin izandako eta grabatutako elkarrizketa bat oinarri hartuta; horren arabera, Espainiako estatuburu ohiak komisioak jaso zituen Mekarako AHTaren eraikuntza lanak Espainiako hainbat enpresak osatutako partzuergo batentzat lortzearen truke, 2011n. Larsenen esanetan, komisioak 80 milioi eurorenak izan ziren; horiek Saudi Arabiako enpresari baten emazteari ordaindu zizkioten, eta hark Espainiako enpresaburu bati eman zion diruaren erdia. Horrek, berriz, Borboikoari.

Orain arte Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza arduratu da ikerketaz, eta, horren arabera, Espainiako errege ohiak ustez iruzur fiskal eta kapitalen zuritze delituak egin zituen, Ogasunari dirua ezkutatzeagatik —Medina eta Meka arteko AHTaren lanen bigarren faseari eragiten dio ikerketak—.

Baina orain, Doloresen arabera, Borboikoa dagoenez ikerketapean, Auzitegi Gorenari dagokio hari buruzko ikerketa egitea, eta, horregatik, Goreneko fiskaltzari eskatu dio argitu dezala errege ohiak zer esku hartze izan zuen. Auzitegiak ontzat jo du ardura hori hartzea: «Errege emerituari buruzko diligentzia berriak praktikatzea egokia da», atzo jakinarazi zuenez.

Suitzan, gainera, ikerketa bat dute irekia Espainiako errege ohiaren kontra, kasu horrekin zerikusia izan dezakeena: Tribune de Geneve egunkariak iragan martxoan eman zuen Yves Bertossa fiskalaren ikerketa baten berri, eta, horren arabera, 2008an Saudi Arabiako errege etxetik 65 milioi euro jaso zituen Panamako fundazio bateko lehen onuraduna litzateke Juan Carlos Borboikoa.

Diru hori, ustez, Espainiako errege ohiari ordaindutako legez kanpoko komisioen zati bat litzateke, Mekarako AHTa egiteko lanen eskuduntza lortzearen truke.

Ez hori bakarrik; zantzu batzuen arabera, Larsenek diru hori Bahametan zuen kontu batera mugitu zuen. Haren abokatu Robin Rathmellek azaldu zuen Espainiako monarkaren «opari bat» izan zela ordainketa, Larsenek «eskatu gabe» eginikoa.

Egungo erregea bera litzateke Panamako Lucum fundazioaren bigarren onuraduna ere, The Telegraph egunkariaren arabera. Felipe Borboikoak, ordea, ukatu egin du kasu horretan ere diru mugimenduekin zerikusia izatea, eta nabarmendu du joan den urtean izan zuela fundazio horren berri. Testuinguru horretan, ikerketa egin ondoren, Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak erabaki beharko du errege ohia inputatuko duen.

Zagatka fundazioa

AHTaren inguruko kontratuak ez dira Espainiako errege ohiaren inguruko itzal bakarrak. Susmopean dagoen Zagatka fundazioarekin ere lotu dute.

Zagatkaren onuradunen artean hirugarrena zen egungo Espainiako erregearen aita, eta erakunde hark hainbat hegaldi pribatu ordaindu zizkion 11 urtez. Errege ohiaren lehengusu Alvaro Orleans da funts horren jabea, eta, haren esanetan, fundazio hori Europako errege-erregina etxeei «laguntzeko» eratu zuen. Hala, sortze aktan jasotzen denez, «demokratizazio prozesuan egindako lanaren esker ona erakusteko» izendatu zuen errege emeritua hirugarren onuradun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.