Kolpe gogorra hartu dute Eskoziako Gobernuak eta Eskoziako independentistek: Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Eskoziako Parlamentuak ez duela eskumenik Londresen baimenik gabe independentzia erreferendum bati buruzko legeak egiteko. Edinburgok aurkezturiko lege proiektuak Erresuma Batuaren batasunarekin zerikusia duela argudiatuta, bost epaileek aho batez adierazi dute soilik Westminsterrek erabakitzen ahal duela afera horretaz, eta, hortaz, Eskoziako diputatuek ezin dutela bozkatu bigarren independentzia galdeketara deitzeko testu horretaz.
Robert Reed Goreneko presidenteak eman zuen erabakiaren berri, atzo, eta argudiatu zuen Eskoziak, bere autonomia estatusaren bitartez, eskumen «mugatuak» dituela; hau da, ezin duela egin «erreserbaturiko auzien» inguruko legerik. Erreserbaturiko auziak soilik Erresuma Batuko Parlamentuaren esku dauden eskumenak eta aferak dira; batasuna, defentsa, atzerri politika eta moneta, esaterako.
Hori zen, hain justu, eztabaidaren funtsa: Eskoziako Gobernuak aurkezturiko lege proiektuak zerikusirik ba ote zuen Erresuma Batuaren batasunarekin. Kontsulta moduko erreferendum batera deitzeko proposamena eginda, Edinburgok argudiatu zuen baiezkoak irabazita ere galdeketak ez zuela ondorio legalik eragingo, eta, hortaz, Erresuma Batuaren batasunak bere hartan iraungo lukeela.
Goreneko epaileek, ordea, uste dute baietz, lege proiektu horren «asmoa independentzia erreferendum bat egitea eta batasuna amaitzea» dela eta, hortaz, batasunarekin zerikusia duela; hau da, erreserbaturiko auzi batekin. «[Galdeketak] Ondorio politiko garrantzitsuak izango lituzke erreserbaturiko auzi batean», Reedek epaileen izenean azaldu zuenez.
Hori baitzen eztabaidaren beste gakoetako bat: galdeketa horrek zer ondorio izango zituen. Erresuma Batuko Gorenarentzat, ezinbestekoa zen, «ondorio legalak» aintzat hartzeaz gain, «ondorio praktikoak» ere aztertzea, eta horregatik erabaki du Edinburgok aurkezturiko lege proiektuak ezin duela aurrera egin Eskoziako Parlamentuan.
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak berehala egin zuen agerraldi bat erabakia baloratzeko, eta, Goreneko epaileek esandakoa «onartzen» duela adierazteaz gain, ziurtatu zuen «agerian» geratu dela «mito bat» dela Erresuma Batua «elkarte boluntario bat delako nozio oro». Hala, ekainean jakinarazitako hurrengo pausoa berretsi zuen: Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak —printzipioz, 2024 amaieran edo 2025 hasieran egitekoak dira— independentziari buruzkoak bilakatuko dituztela. Hau da, «de facto galdeketa bat» izango direla.
Horren harira, Eskoziako lehen ministroak azaldu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak ezohiko kongresu bat egingo duela 2023 hasieran, eta horretan erabakiko dutela nola joko dituzten boz horiek de facto-ko galdeketatzat: «SNP ez da erreferendumaren bidea uzten ari. Westminster hura blokeatzen ari da».
«Kale itsu batera»
Gorenaren erabakiari buruzko erreakzioen artean, independentistei dagokionez, Alex Salmond Eskoziako gobernuburu ohi eta Alba Alderdiaren buruzagia agertu da kritikoen gertaturikoarekin. Atzo, Sturgeoni egotzi zion Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak «kale itsu batera» eraman dituela, eta ekintzaileak deitu ditu «ekintzarako eta protestarako herri kanpaina bat» abiatzera: «Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren eskuetan jarri behar da berriz ere, ez Londresko parlamentu edo auzitegi baten eskuetan». Hain justu, atzo, Time for Scotland eta Europe for Scotland taldeek zenbait elkarretaratze antolatu zituzten Eskoziako hamabost hiri eta herritan, eta Europako sei hiriburutan.
Unionisten artean, aldiz, poza da nagusi. Besteak beste, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa aferaz mintzatu zen Komunen Ganberan, eta nabarmendu zuen Gorenaren iritzia «argia eta behin betikoa» dela.
Berez, Sturgeonek 2014ko metodoa erabili nahi du berriz—ezezkoak irabazi zuen, botoen %55,3 bilduta—: Londresek baiezkoa ematea 30. sekzioa aktibatzeari, eta, beraz, Erresuma Batuak behin-behinean ematea Eskoziari bigarren independentzia erreferenduma antolatzeko eskumenak. Baina, orain arte, ezezkoa eman dio Londresek, Theresa May, Boris Johnson, Liz Truss edo Sunak lehen ministro izanda ere.
Gorenak ebatzi du Eskoziak ezin duela galdeketarik egin Londresen baimenik gabe
Epaileek aho batez adierazi dute Eskoziako Parlamentuak ez duela eskumenik independentzia erreferendum batera deitzeko lege proiektua onartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu