Gorenak baliogabetu egin ditu Gerry Adamsen aurkako bi zigor

Auzitegiaren arabera, Ipar Irlandarako Estatu idazkariak berretsi behar zuen espetxeratze agindua. 70eko hamarkadan espetxetik ihes egiten saiatzeagatik zigortu zuten Adams

Gerry Adams, Sinn Feineko presidente izandakoa, alderdiko egungo buruzagi Mary Lou McDonald aldamenean duela. WILL OLIVER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion atzo Gerry Adams Sinn Feineko buru izandakoari. Adams 1972an atxilotu zuten Terrorismoaren aurkako legearen 4. artikulua baliatuta. Haren arabera, behin-behineko espetxealdia ezar ziezaioketen Ipar Irlandarako Estatu idazkariaren iritziz «terrorismo ekintzaren bat» egin zuen edo egiteko asmoa zuen edonori. Erabakia indarrean sar zedin, ordea, Estatu idazkariak berak berretsi behar zuen, eta Adamsen kasuan ez zen halakorik gertatu.

Publiko egindako garai hartako hainbat dokumentuk jasotzen dutenez, gobernuak bazekien irregulartasunak izan zirela Adamsen eta harekin batera Mazeko espetxetik ihes egiten saiatu ziren beste hainbat preso errepublikanoren atxiloaldietan. Dokumentuen artean dago Harold Wilson Erresuma Batuko lehen ministro laboristak 1974an idatzitako ohar bat, non ohartarazten duen garai hartan Ipar Irlandarako Estatu idazkari zenak ez zuela sinatu urtebete lehenago Mazeko espetxetik ihes egiten ahalegindu ziren lau presoetatik hiruren aurkako espetxeratze agindua, Adamsen aurkakoa tartean. «Badirudi aurreko gobernu kontserbadoreak maila apalagoko ministroen esku utzi zituela lan horiek, eta, ondorioz, [fiskal nagusiaren] informazioaren arabera, 200 preso leudeke egoera irregularrean», ohartarazi zuen orduan Wilsonek.

Orain, ia bost hamarkada geroago, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ondorioztatu du Adamsen espetxeratzea ez zela legezkoa izan, agindua ez zuelako Ipar Irlandarako Estatu idazkariak sinatu. Ondorioz, ihesaldi saioen ostean ezarritako zigorrak ere baliogabetuta geratuko lirateke. Goreneko epaile Burnett Kerren arabera, 1972. urteko Terrorismoaren aurkako legeak argi uzten du ezen, behin-behineko espetxeratze agindua ematearekin batera, hura sinatu ere egin behar zuela Ipar Irlandarako Estatu idazkariak, baliozkoa izango bazen.

Bi ihesaldi saio

1972ko martxoan espetxeratu zuten lehen aldiz Adams, IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kide izatea egotzita Adamsek berak ukatu egin izan du beti. Urte hartako ekainean utzi zuten aske, gobernu kontserbadorearen eta IRAko kideen arteko bake elkarrizketetan parte har zezan. Buruzagi errepublikanoa ez zen izan Terrorismoaren aurkako legea baliatuta espetxeratutako bakarra; orotara 1.900 pertsona espetxeratu zituzten garai hartan, nazionalistak eta errepublikanoak gehienak, eta ez derrigorrez paramilitarrak.

Elkarrizketek huts egin zuten, eta 1973ko uztailean berriz atxilotu zuten Adams. Urte hartako abenduan egin zuen ihes egiteko lehen saioa; lau presok zulatu egin zuten espetxea inguratzen zuen hesia, eta atzeman zituztenerako kanpoan ziren. 1974ko uztailean egin zuen bigarren ahalegina. Orduan, Adamsen antza zuen gizon bat bahitu zuten haren gertukoek, eta bisita bat baliatu zuten Adamsekin ordezkatzeko. Zaindariak ohartu egin ziren, ordea, eta espetxeko aparkalekuan zela harrapatu zuten. 18 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten auzitegiek lehen ihesaldi saioagatik, eta hiru urtekoa bigarrenarengatik. Epaiketak epaimahairik gabe egin zituzten.

«Orain gauzak bere onera itzuli dira. Hurrengo urratsa litzateke auzitegiei eskatzea zigor haiek guztiak baliogabetzeko», esan zuen atzo Sean Doranek, Adamsen abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.