Gerra Ukrainan. Pablo Gonzalezen atxiloketa

Gonzalezen abokatuak dio CNIk parte hartu zuela haren atxiloketan

Espainiako zerbitzu sekretuak kazetariaren senideak galdekatu zituen, 'Público'-k zabaldu eta Gonzalo Boye abokatuak baieztatu duenez. EH Bildu bitartekari ari da, inkomunikazioa ken diezaioten

Gonzalo Boye abokatua, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Opakutasun laino bat dagooraindik ere Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketaren gainean, Polonian atzeman zutenetik bi egun igaro diren honetan. Inkomunikatuta zegoen oraindik atzo, haren abokatu Gonzalo Boyek BERRIAri baieztatu zionez. «Goiz guztia daramagu hango agintariekin hitz egiten, eta elkarri pasatzen diote pilota. Fiskaltzaren zain gaude, jakiteko ea zer informazio eman diezaguketen; hori da maila», azaldu zuen. «Poloniako interesen kontra» egitea egozten diote Gonzalezi, Boyeren arabera. Horrek zer esan nahi duen, ordea, ez diete zehaztu, adierazi zuenez. «Imajina dezaket zer esan nahi duen, baina ez diet neuk lan hori erraztuko».

Atxiloketari buruzko informazio ofizialaren faltan, puzzlea osatzen lagun dezakeen informazioa argitaratu zuen Público hedabideak —Gonzalezek kolaboratzaile jarduten du bertan—, eta haren egiazkotasuna baieztatu zuen Boyek: «Artikuluak dioen guztia egiaztatu dut, eta egia da». Hedabide horrek zabaldu zuenaren arabera, Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuek elkarri lagundu zioten kazetaria atxilotzen.

Izan ere, duela ia hilabete ere atxilotu zuten Gonzalez, Donbassen zegoela. Hango egoeraren berri ematera joana zen, beste zenbait kazetarirekin batera. Zehazki, gatazka egoeratik kanpoko eremuan zeuden herritarren egoera ezagutarazteko lanean ari zen. Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen orduan. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Sartu aurretik, lankideei abisu eman zien, Público-ren arabera: «Bi orduan atera ez banaiz, nire atxiloketaren berri eman sare sozialetan». Hala egin zuten.

Hedabideak zabaldu zuenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gara-rentzat lan egin izana egotzi zioten, eta Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik susmagarritzat hartu zuten. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkien susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazioaren eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi lehenbailehen eskatu zion Espainiako Estatura itzultzeko, abokatuak BERRIAri adierazi zionez: «Esan nion berarekin hitz egin nahi zutela, eta onena zela elkarrizketa hori Espainian izatea, eta ez Ukrainan». Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo, azaldu duenez. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko».

Lankidetzaren zantzuak

Otsailaren 25ean hartu zuen Varsoviarako hegazkina Gonzalezek, ondoren handik mugara joateko, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematera joan baitzen. Handik hiru egunera atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, ostatu hartua zuen hotelean, Rzeszow hirian. Harekin batera joandako beste kazetari batekin kontaktuan jarri da Público, zabaldu duenez, eta, haren arabera, Ukrainako zerbitzu sekretuek Gonzalezi jarraitzeko eskatu zieten Espainiakoei, eta baita Poloniakoei ere.

Bitartean, Espainiako Gobernua ez ikusiarena egiten ari dela salatu zuen Boyek: «Esan digute ez dakitela ezer, nahiz eta atxiloketaren inguruko informazio ofiziala igorri dieten». Izan zen mugimendurik geroago Madrilen, halere, bezperan EH Bilduk Espainiako Gobernuari esku hartu zezan eskatu ondotik. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Twitterrez jakinarazi zuen Espainiako Atzerri Ministeriotik deitu ziotela, eta prest agertu zirela Gonzalezi «laguntza» emateko, baita abokatuarekin hartu-emana izan dezan «beharrezko lanak» egiteko ere.

Gonzalez aske uzteko eskatu zutenetako bat IPI Nazioarteko Prentsa Institutua izan zen, Poloniako agintariei «euskal kazetariaren» atxiloketaren arrazoiak eskatzeaz bat. «Poloniak baimendu egin behar du kazetari guztiak libreki jardutea Ukrainarekiko mugan», adierazi zuen Scott Griffen IPIko zuzendariordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.