Golkoko karteleko ustezko burua atxilotu dute

Ramirez Treviño narkotrafikatzaileari 40 urte bitarteko kartzela zigorra jar diezaioke Mexikoko Justiziak

2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Mexikoko armadak Golkoko kartela berriro ere buruzagirik gabe utzi du, bigarren aldiz urtebetean. Droga trafikoari lotutako taldearen gaur egungo buru Armando Ramirez Treviño El Pelon joan den larunbatean atxilotu zuten, Tamaulipas estatuan, taldeko beste 26 kiderekin batera. Ramirezi X-20 ere deitzen diote, eta Mexikoko mafiabururik bilatuenetako bat zen, armadaren arabera. Larunbatean atxilotu zuten, Reynosa hirian egindako operazioan. Hiri berean, hilaren 12an, Treviñoren agindupean zeuden Golkoko karteleko beste 24 kide atxilotu zituzten.

Mexikoko Gobernuko Segurtasun Kabineteko bozeramaile Eduardo Sanchezek azaldu du Mexikoko Justiziak narkotrafikoagatik, bahiketagatik eta krimen antolatuagatik epaituko duela Ramirez: «Guztira 40 urtera arteko zigorra ezar diezaiokete».

51 urte ditu, eta 11 hilabete zeramatzan karteleko buru, aurreko burua, Eduardo Costilla Sanchez El Coss, 2012ko irailean Mexikoko itsas armadaren operazio batean atxilotu zutenez geroztik.

Stratfor informazio agentzia estatubatuarraren arabera, Costilla Sanchezen atxiloketaren ondoren, taldea zatituta geratu zen. Barne desadostasunek hainbat gatazka eragin zituzten talde barruan, eta, ustez, horien artean lortu zuen Ramirezek buruzagitza eskuratzea.

Golkoko kartelak Tamaulipas eta Texas arteko muga kontrolatzen du. 2010eko urtarrilean, Los Zetas talde armatuarekin zuen harremana eten zuen, eta ahulduta geratu zen. Orduz geroztik, eremuko boterea eskuratzeko bi taldeen arteko liskarrak etengabeak izan dira.

Drogen aurkako gerra

Eremu horretan segurtasun neurriak handituz Mexikoko Gobernuak droga kartelen kontra duen jarrera «indartu» egin dela esan du Gobernuaren Segurtasun Kabineteko bozeramaileak.

Gobernuaren jarrera ahuldua zegoen aspaldian: izan ere, Rafael Caro Quintero, «droga trafikatzaileen trafikatzailea», aske geratu baitzen abuztuaren 9an prozesu akats baten ondorioz, berez jarri zioten zigorra bete baino hamabi urte lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.