Golkoa bete desadostasun

Qatarren zeuzkaten enbaxadoreak ateratzea erabaki dute Arabiar Emirerri Batuek, Saudi Arabiak eta Bahrainek

Samara Velte.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek euren enbaxadoreak atera dituzte Qatartik, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua osatzen duten herrialdeen arteko segurtasun ituna bete ez duela argudiatuta. Hiru herrialdeetako errege etxeek ohar bateratua argitaratu dute Saudi Arabiako Spa berri agentziaren bidez, eta azaroan adostutako bi baldintza ez betetzea egotzi diote Qatarri: alde batetik, «GCCko herrialdeen egonkortasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen duten talde edo erakundeei ez laguntzea», eta, bestetik, «hedabide etsaiak ez babestea». Ez dute izen zehatzik aipatu, baina, Ekialde Hurbileko hedabideen arabera, Anaia Musulmanen eta Al-Jazeera Qatarko telebista katearen ingurukoa da gatazka.

Aipatutako lau herrialdeek, Omanek eta Kuwaitek osatzen dute Persiar golkoko petrolio potentzien elkargoa. 1981ean osatu zuten blokea, Ekialde Hurbilean islamismo xiita ere sendotzen ari zen garaian. Besteak beste, politika ekonomikoak, defentsa eta segurtasuna koordinatzea zen helburua. Irango Iraultza Islamikoa hedatzearen beldur ziren golkoko errege etxeak, eta ordutik arriskutsutzat jo izan dute Teheran, Siria eta Libanoko Hezbollahen arteko aliantza. Golkoko estatuetan errege familia sunnitek gobernatu izan dute hamarkada luzetan, urre beltzak ekarritako aberastasunek bermatutako erosotasunean; munduko petrolio ekoizpen osoaren laurden bat dator sei estatuotatik.

Tradizioz, Mendebaldeko potentzien aliatuak izan dira Ekialde Hurbileko gatazketan: Saudi Arabiak eta Qatarrek esplizituki babesten eta finantzatzen dituzte Siriako Gobernuaren aurkako taldeak —haien sostengu nagusia dira, Turkia eta NATOrekin batera—. Muammar Gaddafi Libiako presidente ohiaren aurkako matxinada babesten lehenetakoa ere izan zen Doha, 2011n.

Anaia Musulmanen auzia

Egiptok, ordea, zatituta dauka golkoko elkargoa. Riad, Abu Dhabi eta Kuwait Mohamed Mursiren aurkako estatu kolpea eman zuen gobernu militarraren babesle nagusietakoak izan dira joan den udaz geroztik, eta «erakunde terrorista» izendatuta dauzkate Anaia Musulmanak. Dohak, aldiz, harreman ona izan zuen Kairorekin Mursi agintean zegoenean, eta ez du anaiarte islamista debekatzen.

Gatazka duela hilabete inguru lehertu zen: Qatarko errege familiaren oso gertukoa den Jusuf Qaradawi kleriko musulmanak Anaia Musulmanen aldeko adierazpen batzuk egin zituen, eta Arabiar Emirerri Batuak kritikatu zituen erakunde islamista «jazartzeagatik». Horren ostean, Abu Dhabik Qatarren enbaxadorea deitu zuen, azalpenak eman zitzan. Joan den astelehenean, Qatarko herritar bati zazpi urteko espetxe zigorra jarri zion Emirerrietako auzitegi batek, erakunde horrekin lan egitea egotzita. Anaia Musulmanetako ustezko beste 69 kide ere auzipetuta daude iazko uztailetik, «boterea hartzen saiatu eta herrialdeko segurtasuna arriskuan jartzea» egotzita.

Astearte arratsean Riaden bildu ziren GCCko Atzerri ministroak. Bahrainek, Emirerriek eta Saudi Arabiak jakinarazi dutenez, enkontru haren ostean erabaki zuten euren enbaxadoreak Qatartik ateratzea. Doharekin «politika bateratua adosteko ahalegin handiak» egin dituztela argudiatu dute, baina hark ez duela urratsik egin segurtasun akordioak betetzeko. 30 urtean, lehenbiziko aldia da golkoko estatuek halako neurri bat hartzen dutena.

Dohak harridura adierazi du. Ohar baten bidez, argudiatu du enbaxadoreak erretiratzeko erabakiak ez daukala zerikusirik GCCko herritarren segurtasunarekin; hori baino gehiago, arazoa «GCCtik kanpoko auzien inguruko desadostasunak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.