Gobernuak politika klimatikoak azkartzera behartu ditzakeen epaia

Giza Eskubideen Europako Auzitegia epaia ematekoa da gaur, Portugalgo sei gaztek 32 estaturen aurka jarritako salaketari buruz. Salatzaileek gobernuei egozten diete giza eskubideak urratzea, nahikoa ez egiteagatik Lurraren berotzea mugatzeko.

Portugalgo sei gazte salatzaileak
Politika klimatikoetan nahikoa ez egiteagatik, Europako 32 estatu Estrasburgoko auzitegiaren aurrean salatu dituzten Portugalgo sei gazteetako bost. Irudian, Andre Oliveira, Sofia Oliveira, Catarina Mota, Claudia Agostinho eta Martim Agostinho. GLAN / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak klima larrialdiarekin lotutako epai erabakigarri bat du ematekoa gaur goizean. Estrasburgoko auzitegiak ebatziko du Europako estatuek ardura legalik ba ote duten Lurraren berotze geroz eta azkarragoari dagokionez. Zehazki, klima aldaketaren aurka behar adina neurri ez hartzeagatik giza eskubideak urratzen ari ote diren. Sei gazte portugaldarrek jarri zuten salaketa, 2020ko irailean, Europako 32 estaturen aurka: EB Europako Batasuneko 27 kideak, Erresuma Batua, Norvegia, Suitza, Errusia eta Turkia. Erabakia mugarria izango da Estrasburgok salatzaileen argudioak ontzat emanez gero, auzitegiaren epaiak lotesleak baitira Giza Eskubideen Europako Ituna sinatu duten estatuentzat.

Auziak ez du aurrekaririk justizia klimatikoaren aldeko borrokan. Batetik, sei gazteren salaketa batek lortu duen oihartzunagatik. 32 estatu eseri dira akusatuen aulkietan, eta epaiak zuzenean eragin diezaieke. Eta, bestetik, gaiaren garrantziagatik. Estatuen politika klimatikoek orain arte erakutsi dituzten gabezien funtsezko korapilo bat jarriko baita auzitan: Parisko Ituna bete beharreko nazioarteko itun bat izanik ere, estatu bakoitzak bere kabuz finkatzen duela zer ekarpen egin behar duen itunaren helburuak betetzeko.

%0,03

Estrasburgoko auzitegiaren Ganbera Nagusira zenbat auzi iristen diren, ehunekotan Horietako bat da Agostinho eta beste batzuk Portugal eta beste 31 estaturen aurka auzia.

Estrasburgoko auzitegiak aintzat hartu du gaiaren «garrantzia eta urgentzia», eta auzia bide azkarretik epaitzea erabaki. Gainera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Ganbera Nagusira bideratu du, eta hori ez da ohiko kontua. Kasuen %0,03 aztertzen ditu soilik Ganbera Nagusiak: garrantzirik handienekoak.

Portugalgo sei gazteek —11 eta 24 urte artean dituzte— argudiatu dute ingurune osasuntsu batean bizitzeko eskubidea urratzen ari zaizkiela estatu auzipetuak, ez direlako ari emisioak behar beste murrizten Parisko Hitzarmenean jasotako helburuak betetzeko. Portugal da klima larrialdiaren lehen lerroan dauden Europako herrialdeetako bat. 2017. urtean izandako bero boladak eta suteak horren adibide. Azken urteetako suterik handienak izan ziren, eta 60 lagun baino gehiago hil ziren. Hainbatek alergiak eta arnasketa arazoak garatu zituzten, edo loarekin lotutako nahasmenduak pairatzen hasi. Beste askori antsietatea eragin zien gertaera hark, bizi osoa geroz eta ingurune beroago batean igarotzeko arriskua jasangaitz bihurtuta. Salatzaileek esan dute estatuek mehatxupean jarri dizkietela bai osasuna eta bai bizitza, geldo aritzeagatik klima larrialdiari aurre egiteko orduan.

EBren argudioak

EBk ere ahotsa izan du auzian, hirugarren alde gisa, 32 estatu auzipetuetako 27ren politiketan duen koordinazio rolagatik. Haren helburua izan da epaileei adieraztea blokeak hartu dituen neurri klimatikoak bat datozela Parisko Hitzarmenak ezartzen dizkion betebeharrekin. Nabarmendu du 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoa hartu duela, eta 2030erako emisioak apaltzeko helburua handitu egin duela %55eraino. Nazioartearentzako eredu gisa aurkeztu du bere burua.

Sei salatzaileek, ordea, gezurtatu egin dute hori. Ikerketa zientifikoetan oinarrituta, adierazi dute Parisko Hitzarmena ez litzatekeela beteko munduko herrialde guztiek estatu auzipetuen anbizio berarekin jokatuko balute. Parisko Hitzarmenak Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzera deitzen ditu estatuak, eta, Climate Analyticsen txosten baten arabera, ikusita 32 estatuen anbizioa zenbatekoa den, Lurra gutxienez hiru gradu berotuko litzateke. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak txosten batean jasoa du klima larrialdiaren muturreko ondorioak nabarmen okertuko direla 1,5 gradutik gorako hamarren bakoitzarekin.

Kronologia

  • 2020ko iraila. Portugalgo sei gaztek salaketa aurkeztu zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegian. 
  • 2020ko urria. Estrasburgoko auzitegiak kasua bide azkarretik epaitzea onartu zuen, haren «garrantzia eta urgentzia» kontuan hartuta.
  • 2021eko maiatza. Hainbat elkartek bat egin zuten salatzaileekin, auzian hirugarren alde gisa aurkeztuta. Besteak beste, Amnesty Internationalek, Greepeacek, Save the Childrenek eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Kontseiluko komisarioak.
  • 2022ko ekaina. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Ganbera Nagusira bideratu zuen kasua.
  • 2023ko irailaren 27a. Aldeek beren argudioak azaldu zituzten epaileen aurreko saioan.
  • 2024ko apirilaren 9a. Auzitegia epaia ematekoa da.

Jokoan dagoena giza eskubideen «eraginkortasun printzipioa» da, Philippe Sands Londres College unibertsitateko Zuzenbide irakaslearen arabera. Financial Times-en azaldu duenez, printzipio horrek eskatzen du eskubideen alde praktikoa babesteko, eta ez soilik teorikoa. Salatzaileek ohartarazi dute klima larrialdiaren hondamendietatik salbu bizitzeko eskubidea ilusio bat besterik ez dela izango baldin eta estatuak ez badituzte behartzen gehiago egitera. Uste dute gobernuek ekiteko betebeharra dutela legez, eta justiziak argi adierazi behar duela hori, eskubideak ezerezean gelditu ez daitezen.

Estrasburgoko epaileek iazko irailean entzun zituzten aldeen argudioak, eta defentsa lana gidatzen ari den Global Legal Action Networkeko abokatu Gerry Listonek auziaren garrantzia nabarmendu zuen orduan. «Giza Eskubideen Europako Auzitegia Bigarren Mundu Gerraren izugarrikerien ostean eratu zen, giza eskubideen defentsan porrot egiten duten Europako gobernuak erantzule egiteko. Inoiz ez da kasu honetan bezain urgentea eta beharrezkoa izan auzitegiak lan hori egitea». Listonen esanetan, Europako gobernuen politikak Lurra hiru gradu berotzearekin bateragarri izateak zera ekarriko du, aldaketarik ezean: «muturreko beroaldiak bizi osoko sententzia» bihurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.