Karina Riquelme. Herri indigenen eskubideen aldeko abokatua

«Gobernuak ez ditu inoiz bermatu preso maputxeen eskubideak»

Maiatzetik abuztura, ehun egunetik gorako gose greba egin dute Txileko hamazazpi preso maputxek; gobernuari eskatu diote errespeta dezala herri indigenei buruzko nazioarteko ituna

BERRIA.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Abuztu amaieran bukatu zuten Angol (Txile) espetxeko hamazazpi preso maputxek maiatzaren 7an hasitako gose greba. Espetxeko zaindariekin izandako liskar baten ondorioz, Jendarmeriak —Txileko espetxeen ardura duen Polizia organoa— ezarritako zigor baten harira hasi zuten greba. Halere, herri indigenen eskubideen aldeko abokatu Karina Riquelmeren arabera (Wallmapu, 1981), Txileko Gobernuaren eta Jendarmeriaren «ekintza eta erantzunik ezaren ondorio» izan ziren greba horiek.

Zer gertatu zen maiatzaren 7an?

Herri maputxeko preso guztiak modulu batean bizi ziren Angolgo espetxean. Egun hartan, liskarrak izan ziren kartzelako zaindarien eta presoen artean. Modulutik atera zituzten presoak, eta Txileko zenbait kartzelara bidali zituzten.

Liskarrak aipatu dituzu. Ba al dakizue, zehazki, zer gertatu zen?

Bi zaindari bahitzea egozten die fiskaltzak zenbait presori. Bai familiek, bai presoek salatu dute azpijokoa izan zela gertatutakoa, eta ez zela, berez, erasorik egon. Dena den, auzia ikertzen ari dira oraindik.

Eta horregatik sakabanatu zituzten?

Bai. Jendarmeriak hartu zuen erabaki hori. Preso maputxe guztiak atera zituzten modulutik. Angolen jarraitu zuten batzuek, baina beste batzuk lurralde maputxetik 600 eta 700 kilometrora dauden kartzeletara bidali zituzten; besteak beste, Rancaguara, Concepcionera edo Temucora.

Abuztuaren 25ean, ordea, Txileko Auzitegi Gorenak agindu zuen preso maputxe guztiak Wallmapu lurraldearen barruan dauden kartzeletara itzultzea. Halere, 11 preso bakarrik daude Angolen, Temucoko espetxera bidali zituzten beste sei.

Neurri horren harira, preso maputxeek joan den astean eten zuten, behin-behinean, gose eta egarri greba. Aldarrikatzen zituzten baldintza guztiak lortu dituzte?

Tamalez, inola ere ez. Maiatzaren 7ko aferak eta ondorengo presoen sakabanatzeak bultzatu zituen gose eta egarri grebak. Baina, berez, preso maputxeen aldarri nagusia zera da: Txileko espetxeetako poliziek herri eta komunitate indigenen eskubideak aitortzen dituen OIT [Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. ituna] errespetatzea eta bermatzea.

Zer dio itun horrek, eta zergatik da hain garrantzitsua preso maputxeentzat?

Munduko herri indigenen kultur aniztasuna eta eskubideak aitortzen ditu hitzarmenak. Are, herri indigenetako kideek kartzelan dituzten eskubideak ere zehazten ditu. Denera, 24 herrialdek sinatu dute, eta horietako bat da Txile. Hortaz, Txileko Gobernuaren bete beharretako bat da herri maputxearen kultura sustatzea, zaintzea eta bermatzea.

Zer eskubide aitortzen die169. itunak preso indigenei?

Batetik, eskubidea dute espetxean komunitateko ohitura guztiak mantentzeko. Preso indigenek aukera izan behar lukete zenbait espaziotan zeremonia espiritual batzuk egiteko, baita zenbait elikagai eskura izateko ere. Hau da, komunitate indigenarentzat bereziak eta ezinbestekoak diren elikagaiak. Bestetik, itunak agintzen du kontuan izan behar direla komunitate bakoitzaren ezaugarri ekonomiko, sozial eta kulturalak. Baina, Txilen, preso maputxeen familiek urrunagotik bidaiatu behar izaten dute senideei bisita egiteko, hirian bizi diren familiek baino.

Imajinatzen dut itun hori betetzeko eskatu diezuela Txileko Gobernuari eta Jendarmeriari...

Bai. Hau ez da oraingo kontu bat, aspaldikoak dira Jendarmeriaren eta Justizia Ministerioaren, eta preso maputxeen arteko liskarrak. Orain arte, indarrean egon den gobernu bakar bat ere ez da gai izan herrialdeko kartzeletan 169. ituna betetzen dela bermatuko duen neurri edo tresna bat ezartzeko.

Ez dio axola gobernuan zer alderdi dagoen, eskuindarra edo ezkertiarra den, zer kolore dituen. Gobernu bakar batek ere ez du hori bermatu, auzitara jobehar izan dugu beti. Halere, oraingo gobernua oso jarrera atzerakoia ari da izaten afera honetan. Gobernuak ez ditu inoiz bermatu preso maputxeen eskubideak.

Presoenak bakarrik?

Tira, presoenak, batez ere; baina baita herri maputxeko kide guztionak ere. Azken hilabeteetan gero eta presentzia militar handiagoa dago Wallmapun, maputxeon lurraldean. Joan den astean dozenaka tanke ekarri zituzten, eta mugazain gehiago jarri dituzte hegoaldeko eta iparraldeko mugan.

Zertarako?

Gobernuaren arabera, segurtasuna bermatzeko. Izan ere, Europako eta AEBetako zenbait enpresek Wallmapun eraikiko dituzte beren instalazioak eta fabrikak. Halere, kontrakoa gertatuko da. Militarizazioak kriminalizazioa eta desmobilizazioa baizik ez ditu areagotuko. Ez bakarrik mugazainen eta indigenen artean, baita herriaren alde borrokatzen dutenen artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.