Ukraina

Gobernuak eta oposizioko taldeek su-etena hitzartu dute Ukrainan

Gerra zibil aurreko egoera sortu ondoren, gobernuak eta oposizioak ezustean akordio bat egin dute negoziatzen hastekoIndependentziaren plaza ez husteko hitza eman du Janukovitx presidenteak

Gobernuak eta oposizioko taldeek su-etena hitzartu dute Ukrainan.
mikel rodriguez
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ukrainan krisia hasi zenetik lehertutako liskar larrienak izan ziren herenegungoak, eta ordu batzuen buruan egoerak nabarmen egin zuen okerrera, gerra zibil bat hasteko osagaiak biltzen hasi baitzen. Hala ere, arratsaren azken orduan Arseni Jatseniuk oposizioko laderdi nagusiaren buruak iragarri zuen gobernuarekin su-etenerako akordio bat egin dutela. «Berri baikorrak ditut: prestatutako erasoaldia [Kieveko Euromaidanen aurkakoa] ez da gertatuko, eta su-eten bat paratuko da indarrean. Egoera egonkortzeko negoziazioak hasi dira».

Jatseniuken arabera, gobernua larrialdi legea ezartzekotan zen. Herenegundik gutxienez 26 lagun hil dira borroketan—hamasei zibil eta hamar polizia—.

Tentsioa muturreraino gaiztotu zen atzo Ukrainan. Lviv probintziako parlamentuak jakinarazi zuen batzorde exekutibo bat sortu eta gobernu zentralaren agintea ukatuko zuela. Lviven bertan eta gutxienez Mendebaldeko bertze lau probintziatan eraikin ofizialen aurkako erasoak orkortu ziren, eta armategietan ebasketak egin zituzten. Horren ondorioz, gobernuak herrialde osoan «terrorismoaren aurkako operazio bat» hasteko asmoa iragarri zuen, armadak ere parte hartzeko aukera irekia utziz.

Horregatik, ezustean etorri zen arratsean egindako iragarpena. Gobernuaren aldetik Andrij Kluev eta Andrij Portnov presidentziako ordezkariak eta Olena Lukax Justizia ministroa izan ziren bileran; oposizioaren aldetik, hiru alderdi nagusien buruzagiak: Batkivstxinako Jatseniuk, UDAR Ukrainaren Erreforma Demokratikorako Aliantzako Vitali Klitxko eta Svobodako Oleg Tiagnibok. Bileraren ondotik, Klitxkok jakinarazi zuen elkarrizketek gaur bertan jarraituko dutela.

Arreta gune mediatikoa Kieveko Independentziaren plazan ezarrita dago. Atzo egunez ez sen borroka nabarmenik izan, bainairrati-telebista publikoaren eta posta zerbitzuaren egoitzak hartu zituzten muturreko taldeek. UNN agentziaren arabera, Eskuin Sektorea taldeak bere egoitza ezarri du posta zerbitzuaren eraikinean. Iluntzean plazako barrikadak babesten zeuden ultrak molotov koktelak, suziriak eta zarata sortzeko granadak jauritzen hasi ziren bertze aldera. Su-etena iragarri ondoren ere leherketen soinuak aditu zitezkeen. Tentsioa hazi eta gerra zibil aitzineko egoera bat pizteko gertakari erabakigarriak, ordea, herrialdearen mendebaldetik etorri ziren.

Lviv probintziak Poloniarekin muga egiten du. Parlamentuak batzorde exekutibo bat hautatu du probintzia gobernatzeko, eta Petro Kolodij parlamentuko presidentea izendatu dute buruzagi. «Erregimena herriaren aurka ekintza militar aktiboekin hasi da [...] Dozenaka lagun hil ditu Kieven eta ehunka gehiago zauritu [...] Gizartearen nahia betez, Lviv eskualdeko kontseiluaren batzorde exekutiboak, Herriaren Radak, eskualdearen eta bere herritarren patuaren ardura osoa hartuko du», adierazi du batzorde horrek, Interfax agentziak argitaratutakoaren arabera. Batzorde horrek erran du polizia-etxe «gehienak» bere kontrolpean dauzkala, eta probintzian «ordena» mantentzea ez ezik, «ekintzaileak» bidaliko dituela Kievera.

Gobernuaren aurkako protestek babes zabalena izan duten eskualdea izan da Lviv. Polizia Kieveko Independentziaren plazan sartu ondoren, gobernuaren aurkako taldeek erasoaldi masibo bat gauzatu zuten Lviven. Kaskoekin eta ezkutuekin babestutako eta suzko armekin armatutako ekintzaileek polizia-etxeak hartu zituzten eta poliziak amore ematera behartu. Estatuko Segurtasun Zerbitzuak Lviven duen egoitza eta probintziako Fiskaltzaren bulegoak ere hartu zituzten. Probintziaren izen bera duen hiriburuan jendetzak barrikadak altxatu zituen eta Poliziari eraso zion. Poloniako agintarien arabera, Krakovets hiriko mugako pasalekua blokeatu dute Ukrainako Gobernuaren aurkako taldeek.

2,5 milioi lagun bizi dira Lviv probintzian, eta horietako 750.000 hiriburuan. Ukrainar etniakoak gehiengo nabarmena dira —%95, 2001eko erroldaren arabera—, eta historikoki Poloniarekin harreman handia izan du. XX. mendean bi mundu gerren artean Poloniaren zati izan zen, eta hori baino lehen Austria-Hungariako Inperioaren parte. Viktor Janukovitx presidentearen Eskualdeen Alderdiak soilik botoen %4,7 lortu zituen 2012ko parlamenturako hauteskundeetan. Lviv, eskuin muturreko Svoboda (Askatasuna) alderdiaren gotorlekua da. Bertan sortu zen alderdia, eta 2012ko hauteskundeetan indar nagusia izan zen, botoen %38rekin. Aldarrikatu duten batzorde exekutibo horretako burua, Kolodij, Svobodako kidea da.

Mendebaldeko probintzia gehiagotara ere zabaldu ziren istilu larriak. Lviven hego-ekialdean dagoen Ivano-Frankivsk probintzian —Svoboda nagusi den eskualdea, hori ere— Segurtasun Zerbitzuaren egoitza batetik arma laburrak, granadak eta munizioa ebatsi zituzten atzo, Volodimir Porodko zerbitzu horren buruzagiordeak atzerriko hainbat enbaxadorerekin Kieven izandako bileran jakinarazi duenez.

Khmelnitski, Ternopil, Rivne eta Volin probintzietan ere eraikin ofizialen, polizia-etxeen eta Eskualdeen Alderdiaren egoitzen aurkako erasoak izan ziren. Hegoaldeko Odesa hirian, berriz, eskualdeko gobernuaren eraikinaren kanpoaldean liskar gogorrak izan ziren gobernuaren eta oposizioaren aldeko jarraitzaileen artean.

Presidentearen oharrra

Presidenteak oposizioko buruzagiei egotzi zien egoera okertzearen errua, eta ohartarazpen argia egin zien: «Muga gurutzatu dute armak hartzeko deia egin dutenean. Hori legearen urraketa argi bat izan da. Eta kriminalak Justiziaren aitzinera eraman behar dira, haien zigorra zehazteko. ez da nire apeta bat, nire betebeharra da konstituzioa babesteko». Hiru alderdietako buruzagiek ukatu egin zuten armetarako deia egin zutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.