Erailketak, bortxaketak, negarrak eta bidean geratzen diren migranteak. Zorigaiztoko erretratuak lortzen dituen argazkilaritza egiten du Edu Poncesek (Bartzelona, 1980); besteak beste Mexiko, Honduras, Guatemala eta El Salvadorren egiten du lan hori. Argazkien bitartez migrazioa gizatiartzea dauka helburu.
Zure argazkietan agertzen diren askok Ameriketako Estatu Batuetara heldu nahi dute. Zer espero dute aurkitzea?
Zeharkaldia oso mitifikatuta dute. Bidaia horietan murgiltzen diren bidaiariak ezberdintasun sozialak oso handiak diren herrialdeetakoak dira. Uste dute AEBetan ez dela horrenbesteko ezberdintasunik egongo; baina badago. Batzuetan handiagoa da, gainera. Bidaiaren zailtasunen eta arriskuen jabe dira, baina igaro behar dituzten tramite batzuk baino ez dira haientzat.
Eta behin helburua lortuta, zein da haien erantzuna?
Hasieran, behin lapurretak edo bortxaketak pairatu ostean, bidaiaz damutzen hasten dira. Are gehiago, ez dira gai familiari kontatzeko bidaian bizi izan dituztenak. Bortxatuak izan diren emakumeak ezagutu ditut. Behin muga igarota, senideei lapurreta txiki bat sufritu dutela baino ez diete esaten.
Mexikon ere egon zara. AEBetan sartzen saiatzen diren herritarrek lapurretak, bortxaketak eta erailketak pairatu behar dituzte droga trafikatzaileen eskutik. Horien errua da soilik, edo beste eragile batzuk daude?
Soilik narkotrafikatzaileen errua izango balitz, arazoa ez litzateke hain larria izango. Mexikoko ustelkeria itzela da. Ez dut uste munduan hainbesteko ustelkeriarik duen herrialderik dagoenik. Hori da arazoa. Besteak beste, Los Zetas taldea dago, militar ohiz osatuta. Drogarekin trafikatzen dute, bai, baina estortsioa dute oinarri. Poliziek, adibidez, kargurik gabe jendea atxilotu dezakete, eta talde horri saldu. Baina ustelkeriak droga trafikatzaileen talde guztiei ahalmena ematen die herrialde osoa kontrolatzeko: Polizia, politikariak, zerbitzu sozialak... Are gehiago, suhiltzaile ustelekin ere egon naiz.
Lan egin duzun herrialdeetako bat El Salvador da. Abuztuan soilik, 600 hilketa baino gehiago izan dira. Erritmo horretan jarraituz gero, 2015ean 6.000 erailketa baino gehiago izango dituzte. Zergatik gertatzen dira horrenbeste?
Oso zaila da galdera horri erantzun zehatz bat topatzea. Eta arazo horri konponbidea lortzea ezinezkoa da. Hasteko, Hondurasen eta Guatemalan bezala, El Salvadortik kokainaren bidea deritzona pasatzen da. Hori dela eta, narkotrafikatzaileek ez dute egonkortasunik nahi herrialde horietan; ez dute gobernu sendorik nahi.
Nola lortzen dute gobernu horiek ahultzea?
Odolarekin. Orain dela 30 urte oso gerra gordinak gertatu ziren hiru herrialdeetan, eta, ordutik, herritarrak armen bidez defendatzera ohituta daude. Gobernuak ahultzeko odola erabiltzen dute droga trafikatzaileek. Oso erraza dute: gobernuek ez dutegaitasunik ez herritarrak aintzat hartzeko, ezta sergurtasun indarrak kontrolatzeko ere.
El Salvador, Guatemala eta Honduras munduko bost herrialde bortitzenetan daude. Zer dago hiru herrialde horiek sortzen duten triangeluan Amerikako beste herrialdeetan ez dagoena?
Hiru gauza dituzte komunean: gobernu ahulak dituzte, kokaina gehien mugitzen diren herriak diraeta gerra zibil batean daude. El Salvadorrek pandillen berezitasuna dauka. Hondurasek eta Guatemalak, aldiz, armekin drogen ibilbidea kontrolatzen duten taldeak.
Datuak adierazgarriak dira. Ez du ematen momentuko krisi bat denik; erailketak herrialde horietako errutina bilakatu dira?
Bai. Eta horren errua, neurri handi batean, komunikabideek dute. Petroliorik ez dagoenez, ez dute garrantzi estrategikorik. Arazo lokal bat bezala enfokatzen dute medio ugarik, baina arazoa ez da lokala. Beste faktore bat gaur egun garrantzirik ez edukitzeko, epaiketa kopurua da: oso erailketa gutxi epaitzen dituzte. Horrek guztiak talde armatuek errazago hiltzea errazten du.
Eta biktimak nora doaz justizia eske?
Ez doaz auzitegietara edo polizia etxera. Gizarteak mezu argi bat dauka barneratuta: ezin da gobernuan sinetsi; justizia zure kabuz lortu behar duzu.
Kazetari bahituak eta erailak ere izan dira. Horrekzure lana baldintzatuko du.
Arrisku egoerak pasatu ditut. Zailtasun egoera horietan lan egiteak denbora eta patxada exijitzen du, leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago. El Salvadorren eta Guatemalan oso gutxitan jotzen dute kazetarien aurka. Baina Hondurasen bai, gero eta gehiago; eta Mexikon zer esanik ez.
Hein handi batean, zure kazetaritzak zorigaitzen argazkiak ateratzen ditu. Bortizkeria horien lekukoa zaren arren, horren parte sentituko zara behin baino gehiagotan.
Noski. Hasteko, hala izango ez balitz, ez nintzateke pertsona zintzoa izangoa. Bigarrenik, ez nintzateke kazetari ona izango. Nire lana sumintzea da. Gainera, zenbat eta gehiago bizi zorigaitzak, orduan eta gehiago ulertzen dut migranteen egoera.
Zure lanaren helburuetako bat migrazioa ikuspuntu gizatiar batetik ikusaraztea dela azaldu duzu behin baino gehiagotan. Helburua bete duzu?
Espero baietz. Egunkariek egin behar dute analisian eta azterketan oinarritzen den kazetaritza bat. Lanean nagoenean irakurleen enpatia lortzea da nire helburua. Prozesu migratzaileak munduko leku guztietan gertatzen dira, Europan ere. Prozesu horietan, zenbakiak albo batera utzi nahi ditut.Pertsonak dira nire helburua, eta irakurleek migratzearen arrazoiak ulertzea nahi dut. Enpatia hori lortu dudala uste dut.
Edu Ponces. Argazkilaria
«Gobernuak ahultzeko, odola erabiltzen dute trafikatzaileek»
Migrazioa aztertzeaz gain, Amerikako narkotrafikatzaileen kontrolari behatu dio Poncesek. Argazkien bitartez irakurleen enpatia lortzea du helburu nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu