ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK.

Gobernua osatu nahian hasi dira CDU eta SPD, nor bere aldetik

Bi alderdi nagusien boto banaketa parekatua ikusirik, Koalizio Handia dela dirudi gobernu egonkor baterako

BERLIN
2005eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Angela Merkelek babes mehe-mehea du. Ez dago batere argi nola nahi duen gobernua eratu. Gainera, ez dirudi FDP alderdi liberalak CDU Batasun Kristau Demokratarekin eta Bavariako alderdi senide CSU Batasun Sozial Kristauarekin koalizioa osatuko duenik. Gerhard Schroederrek Merkel kantziler bezala errefusatzen du; gobernuburu segitu nahi du berak.

Merkelen oposizioko kristaudemokratek garaipen estua lortu dute igandean Gerhard Schroederren SPD alderdi sozialdemokratari gailenduta, baina bilatzen zuten gehiengoa ez dute lortu. Lehenbiziko behin-behineko emaitza ofizialen arabera, CDU/CSUk botoen %35,2 eskuartu dute, SDP atzetik oso gertu izaki, %34,3ekin. Merkelek gobernukide nahiko lukeen FDP alderdi liberalak ezusteko emaitza onak izan ditu, botoen %9,8 bereganatuta. Linksparteik (Ezkerreko Alderdia) %8,7 lortu du eta Berdeek %8,1. Ustekabe handia izan dira Alemaniako hauteskunde orokorretako emaitzak. Inkestek aurreikusten zutenaren kontrara, alemaniarrek ez dute gobernu aldaketaren alde bozkatu. Ezein alderdik gehiengoa ziurtatu ez duen arren, hala Schroederrek nola Merkelek berehala nabarmendu dute norbera izan dela hurrengo gobernua osatzeko sostengua eskuratu duena. Merkelek esan du bera nagusitu dela eta koalizioa osatzeko alderdi nagusiekin hitz egiten hasiko dela. Areago, atzo bertan adierazi zuen elkarrizketak hasteko prest zegoela. Aurreikusitako emaitzak baino kaskarragoak lortu arren, horiek oraintxe ez dituztela aztertuko esan zuen, lehentasuna «gobernu egonkorra» osatzea izango dela nabarmenduta. «Alderdirik sendoena gara eta gobernua osatu nahi dugu». Nabarmendu zuenez, 2002ko hauteskundeekiko alderatuta, CDU/CSUk 450.000 botoko aldea atera diola SPDri; duela hiru urte SPDk 6.000 botoko aldearekin nagusitu zitzaien kontserbadoreei. Schroeder kantzilerrak, bere aldetik, esan zuen bere alderdia aurreikuspen gehienak gainditu zituen gorakada izan ondoren emaitzekin «harro» egoteko moduan dela. «Ziur nago datozen lau urteotan gobernu bat egongo dela nire gidaritzapean». Sostengua ederki berreskuratu du SPDk, kanpainaren hasierako inkestetan CDUk ia 20 puntuko aldea ateratzen baitzion. Halere, oztopo handiak ditu aurrean. Dagoeneko ez da matematikoki posible zazpi urtez Berdeekin gauzatu zuen koalizioa berrestea. CDUk bezala, SPDk ere alderdi guztiei elkarrizketarako gutunak igorri dizkie, Ezkerreko Alderdiari izan ezik. Honetako buruetako batek, Gregor Gysik, gainera, argi eta garbi utzia du ez duela Schroederren gobernuak bezala gizarte murrizketak egiten dituen gobernurik onartuko.Hauteskundeek erakutsi dute alemaniarrek ez dakitela herrialdeak zer norabide hartu beharko duen. Erantzun gabe segitzen du oinarrizko galdera honek: zer etor daiteke proiektu neoliberal baten ordez? Inork ez daki zehazki kontserbadoreek, boterean zirelarik, zer nahi zuten, ezta beraiek ere; ezkerrak nahi duenari dagokionez, horretan ari da oraindik lanean. Berdeek eta FDPk denetarako politika egiteari utzi eta besteen zerbitzurako politika egitera mugatzen dira; eta SPDk inoiz baino gutxiago daki bere zeregina zein den.Schroederrek Ezkerreko Alderdiarekin jai duela dirudi. Eta FDPk. aldiz, esan du ez duela semaforo deitutako koalizio batean parte hartuko. Alderdien kolore sinbolikoez ari zen: SPDren kolore gorria, Berdeen alderdiaren berdea eta liberalen horia.

Liberalak eta ezkertiarrak

Liberalek gorri-berdeen kontra lortu dute beren bigarren emaitzarik onena. Orain suizidio politikoa litzateke haiekin elkarlanean aritzea. Gainera, Berdeek, zeinen buruzagitzak behin eta berriro baztertu duten FDPrekin aliantzarik egitea, zalantza handiak izango lituzkete posibilitate horren aurrean.

Ezinezkoa dirudi ere koalizio jamaikarra deitzen dutena gauzatzea, hots, kontserbadoreen (beltzak), FDPren (horiak) eta Berdeen artekoa. Botoemaile askok koalizio handi bat nahiko lukete, Schroederren gidaritzapean. Baina CDU/CSUk ez du horretan parte hartuko. «Zergatik bozkatu beharko genuke Schroeder edo beste sozialdemokrata bat kantzilerrerako?», diote askok.SPD eta CDU/CSU inor baino gehiago aritu dira azken urteotan gizarte zerbitzuak desegiten dira hauteskunde hauetako galtzaileak. Ez du axola bietako batek, edota biek, aginduko duten. Porrota argia da. Koalizio handi bat hauteskundeetako galtzaileen aliantza litzateke. Zernahi modutan, kontserbadoreek eta SPDk gobernua elkarrekin eraiki beharko dute, orain horixe baita gauzatzen ahal den aterabide bakarra.Buruzagi ahula duen CDU ahuldu batekin, eta buruzagitza aldarrikatu duen nahiz eta bere politikak zentro-ezkerraren zatiketa eta SPDren ahultzea eragin duen jarduneko kantziler batekin koalizio handi batek arazo franko izango lituzke gobernatzeko. Legebiltzarrean gehiengo zabala izango baluke ere, maniobratzeko tarte mugatua izango luke. Bundesraten (Senatua) boto bakarreko gehiengoa izango luke, eta hori kontserbadoreek gidatutako estatuek beti Gobernuarekin bat eginez gero. Baina ez dirudi hala gertatuko zenik, hainbat estatutako CDUko presidentek ez baitzioten kanpainan Merkeli erabateko sostengua eman. SPD, bestalde, gobernatze pragmatikoaren eta barne oposizio ezkertiarraren artean harrapatuta legoke. Oso litekeena da CDUk eta SPDk Merkel eta Schroeder aldatu behar izatea koalizio handiak funtzionatu ahal izateko. Baina baliteke ere Alemaniak aurki hauteskunde berriak behar izatea. Bestalde, Ankarako gobernuak pozik hartu du CDU argi nagusitu ez izana, kontserbadoreek ez baitute ondo ikusten Turkiak Europako Batasunarekin bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.