SERBIA. HAUTESKUNDEAK

Gobernua bakarka osadezakeen faborito barik egingo dituzte gaur bozak

Inkestek SRS alderdi nazionalista jotzen dute garailetzat, bainaorain arte koalizio gobernuan izanikoek ez dute haiekin itunik egin nahi

Erredakzioa
2003ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak egingo dituzte gaur Serbian. 1990etik zalantza gehien eragindako bozak dira, ez baitago gobernua bakarka osatzeko gai izango den faborito argirik aurkezten diren 19 alderdien artean. Inkestek iradokitzen dutenez, boz gehien lortuko dutenak oso parekatuta geratuko dira, eta, hortaz, koalizio gobernua osatu beharko da, seguruenik. Nolanahi ere, gauzarik deigarriena Jugoslaviako presidente ohi Slobodan Milosevic eta beste ustezko hiru gerra kriminal hautagai aurkeztu izana da. Dena dela, adituek uste dute nazionalista serbiarrok ez dutela aukera handirik boterea berreskuratzeko.

1990. urtean alderdi askatasuna ezarri zutenetik, Legebiltzarrerako egingo dituzten seigarren hauteskundeak dira gaurkoak. 6.511.450 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea, eta, horretarako, 8.589 bozkaleku izango dituzte. Behatzaile lanetan 180 bat atzerritar eta 14.000 serbiar arituko dira. Emaitzak urte berriaren hasierarekin jakinaraziko dira.«Orain arteko hauteskunderik zalantzazkoenak dira», esan zuen atzo Nenad Stefanovic adituak. Haren idurikotz, «gobernua osatzeko aukera gehien dutenak orain arte koalizio gobernuan izandako alderdiak dira». Hain justu, 2000an Milosevic boteretik kendu zuen DOS Serbiako Oposizio Demokratikoa koalizioa osatzen duten DSS Serbiako Alderdi Demokratikoa, G17 Plus eta DS Alderdi Demokratikoa dira irabazle posibletzat jotzen dituztenak. DOS iragan azaroan desegin izanak bozak aurreikusita zegoen baino urtebete lehenago egin behar izatera behartu ditu serbiarrak.Jugoslaviako presidente izandako Vojislav Kostunica da DSSko hautagaia, Miroljub Labus G17 Plusekoa gobernuz kanpoko erakunde izatetik alderdi izatera pasatu zen iazko abenduan eta Boris Tadic DSkoa. Azken alderdi horretako buru eta Serbiako lehen ministro Zoran Djindjic joan den martxoan hil zuten. Azken inkestek diotenez, hiru alderdiok Legebiltzarreko 250 diputatuetatik gehienak eskura ditzakete. DSSk bozen %18 eskuratuko ditu eta G17 Plusek eta DSk %15 bakoitzak. Horiez gain, Milosevicen SPS Serbiako Alderdi Sozialista 2000ko bozetan baino ahulago ageri da, baina, itxura guztien arabera, Legebiltzarrean sartzeko beharrezkoa den gutxieneko %5ekoa erdietsiko du. Inkestei jarraiki, bozen %6,5 eta 7,5 artean lortuko du, 2000. urtean eskuratutakoaren erdia.Edozein modutan, alderdi guztien artean diputatu gehien lortuko dituena Vojislav Seseljek gidatzen duen SRS Alderdi Erradikal Serbiarra nazionalista izango da. Milosevic bezala, hura ere gerra krimenengatik epaitzen ari da Hagan (Herbehereak) egoitza duen Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegia. SRSk %24-25 artean lor dezakeela uste da; 2000 urtean lortu zuenaren halako hiru. Alabaina, zaila izango du gobernua osatzea, DOS koaliziotik ateratako alderdi guztiek hauteskunde kanpainan argi utzi baitute ez dutela SRSrekin inolako koalizio edota elkarlanik gauzatuko.

Europako Batasuna, xede

DSS, DS eta SRS alderdietako buruek eginiko adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez, alderdiok bat datoz Serbia Europako Batasunean sartzea izan behar duela jomuga. Halere, horra iristeko hartu beharreko bidean ez dira ados jartzen. DSko Boris Tadicen iritziz, EBra hurbiltzeak «interes estrategikoa» du eta «erreformen bultzada» eskatzen du. Ohartarazi duenez, SRSk eta Milosevicek emaitza onak lortzeak «bakartzera eta iraganera» eramango du atzera Serbia.

SRSrentzat, aldiz, Serbiaren lekua EBn egon arren, sartu aurretik herrialdea aberastu behar da. Alderdiak dio bera dela «Mendebaldearen aginduak» entzuten ez dituen bakarra. DSSko Kostunicaren aburuz, «funtsezkoa» da Serbia EBn sartzea. Halere, erreformak egiteko «lege onak» onartu behar direla dio. Zuzenbide estatua ezarri eta Milosevicek utzitako «errejimen autoritarioa» behingoz desegiteko asmoa azaldu du ere.Kosovori dagokionez, gehiengo albaniarra duen eta 1999tik nazioarteko indarren babesean dagoen eskualdeko agintariekin elkarrizketan segitu behar dela esan du Kostunicak, baina hura Serbiaren barruan mantenduta.Tadicek eta SRSko buruzagi Tomislav Nikolicek diote autonomia ziurtatu behar zaiola, baina desplazatuen gehienak serbiarrak itzulera bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.