Alemanian gobernuan agintzen ari zen koalizioak eztanda egin du. Olaf Scholz kantzilerrak, atzo gauean, gobernutik kanporatu zuen bere gobernukidea, FDP Alemaniako Alderdi Liberalaren presidente Christian Lindner. Hurrengo urtera begirako desadostasunek eragin dute haustura. Liberalak gobernutik at egonda, SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata eta berdeak geratzen dira gobernuan; hau da, ez dute gehiengorik parlamentuan. Horiek horrela, Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierrek gaur esan du prest dagoela parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzeko. Presidenteak hori egin ahal izateko, ordea, Scholzek konfiantza mozioa galdu behar du.
«Ez da taktikak pentsatzen aritzeko garaia, arrazoiaren eta erantzukizunen garaia baizik», esan du presidenteak, prentsaurreko batean. Urtarrilaren 15erako deitu zuen konfiantza mozioa kantzilerrak, bart. Bi hilabete falta dira horretarako, eta, oposizioaren iritziz, denbora asko da. Friedrich Merzek, CDU Batasun Kristau-Demokrataren buruzagiak, konfiantza mozioa «hurrengo astera» aurreratzeko eskatu dio kantzilerrari. Prentsaurrekoa eman du gaur Merzek, eta hauteskunde batzuetarako bidea erraztu dezala eskatu dio Scholzi.
Kontuan hartuta nola dagoen nazioarteko egoera eta zer erronka izango dituen datozen hilabeteetan EB Europako Batasunak, Alemanian gehiengoa ez duen gobernu bat izatearen «atrebentzia» ezinezkoa dela adierazi du Merzek: «Ezin dugu gutxiengoan dagoen gobernu bat izan eta urtarriletik aurrera kanpainan egon hilabete luzez. Egungo egoerak gauzak azkar egitea galdegiten digu».
Berdeek esan dute gobernua mantentzearen alde zeudela. Kantzilerorde eta Ekonomia ministro Robert Habeckek bart adierazi zuen Alemaniako Gobernua hautsi izana «akats» bat dela; batez ere egun berean AEB Ameriketako Estatu Batuetan Donald Trumpek irabazi zituelako presidentetzarako hauteskundeak. «Batasuna eta ekiteko gaitasuna» adierazteko garaia dela esan zien kazetariei Habeckek.
Katramilak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Finantza ministro berria nor izango den jakinarazi du gobernuak: Jorg Kukies. Kukies Kantzilertza Estatu idazkaria izan da orain arte, eta, Alemaniako hedabideek argitaratu dutenaren arabera, Scholzen konfiantzazko pertsona da. Kantzilerrak harengan duen konfiantzaren erakusle da G7 eta G20 taldeen azken negoziazioak Kukiesek eramaten dituela aurrera, Scholzen izenean. Ekonomialaria da Kukies. Gaurtik aurrera izango duen kargua ondo ezagutzen du; izan ere, 2018tik 2021era Finantza Ministerioko Estatu idazkaria izan zen.
FDPko ministrorik ez
Lindner ez da Alemaniako Gobernua utziko duen liberal bakarra. FDPk lau ministro zituen, eta, Lindnerrek ez ezik, beste bik kargua uztea erabaki dute: Marco Buschman Justizia ministroak eta Bettina Stark-Watzinger Hezkuntza ministroak. Garraio eta Afera Digitaletako ministro Vokler Wissingek, ordea, gobernuan jarraituko duela jakinarazi du gaur goizean. Wissing, baina, ez da FDPko ministroa izango: koalizioa apurtuta, Wissingek alderdia uztea erabaki du karguan jarraitzeko. «Ez dut nahi nire erabaki pertsonalak alderdian eraginik izatea; horregatik, alderdia uztea erabaki dut», azaldu die kazetariei.
Baliteke liberalen egoerak okerrera egitea datorren urtean. Zenbait inkestak argitaratu dutenez, litekeena da FDP parlamentutik at geratzea hurrengo hauteskundeetan. Herrialdeko hedabideek kaleratu dutenaren arabera, haustura eragin duen liberalen proposamen ekonomikoa nahita aurkeztu zuen FDPk, gobernuak eztanda egin zezan. Izan ere, sozialdemokratek eta berdeek zenbait politika ekonomiko ezarri nahi zituzten 2025eko aurrekontuei begira: herrialdearen zorpetzea soilik BPG barne produktu gordinaren %0,35era mugatzen duten legeak deuseztatzea, esaterako. Neurri hori onartzeak are boto gehiago kenduko zizkion FDPri, inkesten arabera.
Lindnerrek, ordea, Scholzi leporatu zion gobernua «kalkulu baten» ondorioz «hautsi» izana. «Nire kaleratzearen berri emateko ondo prestatutako adierazpenek argi uzten dute ez zuela interesik koalizioko alderdi guztientzako baliagarria zen akordio bat lortzeko».