ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK

Gobernu aldaketa da ardatza

Inkesta guztiek kontserbadoreak jotzen dituzte garailetzat, baina gehiengo osoa lortzea zalantzan dago

BERLIN
2005eko irailaren 2a
00:00
Entzun
43, 30, 8, 8,7. Datuek garrantzi handia dute Alemaniako politikagintzan egunotan. Inkesta etxeek ia egunero argitaratzen dituzte boto asmoaren inguruko azterketak. Koalizio gobernua osatzeko aritmetika zein izan daitekeen erakusten dute. SPD Alderdi Sozial Demokratak pozik egoteko arrazoi gutxi ditu. CDU Batasun Kristau Demokratak, Bavariako alderdi kidea den CSU Batasun Sozial Kristauak eta FDP Alderdi Demokratiko Libreak (neoliberala) alde handia ateratzen diote inkestetan. Aliantza hori gehiengo osoa lortzeko nahikoa izango den, Ezkerreko Alderdi berriak baldintzatuko du, neurri handi batean.

Alemaniako estatu federal gehienetan amaitzen ari dira udako oporrak. Hauteskunde kanpaina azken fasean sartzen ari da. Alderdi handi guztiek ekitaldi ikusgarriekin egingo dituzte botoemaileen babesa jasotzeko azken ahaleginak. Soilik bi aste eta erdi geratzen zaizkie herritarren sostengua bereganatzeko. Izan ere, botoemaileen erdiak oraindik ez du erabaki zein alderdi babestuko duen irailaren 18ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Zalantzatien kopurua handia den arren, ezusteko handirik ezean, Gerhard Schroeder kantzilerra (sozial demokrata) gobernutik kanpo geratuko da. 2002an, inkestetan atzean egonda ere, ezusteko garaipena lortu zuen Schroederrek. Oraingoan, ordea, ezustea errepikatzeko aukera gutxi dauzka. Urte hartako bozetan, alemaniar askok agintean jarraitzeko beste aukera bat eman zioten, alternatiba, Edmund Stoiber buruzagi kontserbadorea, jasangaitza zitzaie- lako. Baina orain alemaniarrek aldaketa nahi dute. Gobernu gorri-berdeak bere burua agintetik bota duela uste dute. Aldaketa nahi duten botoemaile askok konfiantza gehiago dute Schroederrengan, Merkelengan baino. Baina bere gobernutik ez dute ezer espero. Hauteskunde kanpainako giroa arraroa da. Inor gutxik daki zertaz doan. Orain arte dena maila pertsonalera mugatu da. Aukera edukiz gero, Berdeekiko «koalizio arrakastatsuarekin» jarraituko luke Gerhard Schroederrek Alemania zuzentzen, berriki esan duenez. Agenda 2010 erreforma ekonomikoari eutsiko liokeela adierazi du. Angela Merkel hautagai kontserbadorea ere bat dator Agenda 2010 egitasmoarekin. Haatik, SPDk ezin du irabazi egitasmo horrekin. Lan merkatua erreformatu duen Hartz IV legearen helburua sozial demokraziaren oinarri historikoa aldatzea da, hots; langileei eta sozialki ahulenak direnei kapitalismoa onargarraraztea. Ondorioak izugarriak dira SPDrentzat.

Gainbehera

Sozial demokratek hauteskunde bat bestearen atzetik galdu dute lander-etan. Hessen, Hanburgo eta Ipar Renania-Westfalia CDUren esku daude orain. SPDkoak ziren 100.000tik gora lagunek itzuli dute beren kide txartela eta SPDko buruzagi ohi Oskar Lafontaine Ezkerreko Alderdiko hautagai nagusietako bat bihurtu da, alderdikide ohien aurka lehiatzeko.

Schroederrek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, aliantza kontserbadorea ahuldu eta ezkerreko koalizioa sortzea saihesteko. Baina huts egin du eta SPDk ordaindu egingo du. Inkesta berrienen arabera, SPDk botoen %30 lortuko ditu, Berdeek %7, CDU-CSUk %43, FDPk %8 eta Ezkerreko Alderdiak %8. Botoemaileen %70ek uste dute alderdien programa politikoan ez dagoela alde handirik. «Kolore politikoen teoriak ez du balio dagoeneko», adierazi du TNS inkesta etxeak. Botoemaileak ez dira gai alderdiak bereizteko. «Gaur egun, botoemaileek CDU aukeratzen dute, ez dutelako SPD aukeratu nahi». Ez batasun kontserbadoreak etorkizun hobea eskaintzen duelako. Beraz, CDUk ez du bermatuta botoen %40 jasotzea. «SPDren krisia aurreikusi baino askoz ere sakonagoa da», Forsa Institutuaren arabera, «kontuan hartzen baduzu 2000tik hona zenbat jendek aldatu duen botoa CDUren, Berdeen edo Ezkerreko Alderdien aldera, eta zalantzan dauden botoemaile kopurua gehituz gero, ondorioztatzen duzu SPDk ezin duela boto- en %33 baino gehiago lortu». Koalizio Handia da CDU-CSU-FDP koalizioaren alternatiba erreal bakarra. Inkesten arabera, aukera gogokoena da botoemaileentzat. Aldaketarako gogoak ez du beltz-horira egin oraindik. Hala ere, jarrera indartsuenahauxe da: gorri-berdeek joan egin behar dute. Horregatik, batasun kontserbadorea garaipena ospatzen ari da dagoeneko. We are the champions (Gu gara garaileak) abestia jarri zuten joan den asteburuan Dortmunden, CDU-CSUren batzarrean. CDU-CSUko hautagai Angela Merkelek hauteskundeak irabazteko aukera oso handiak dituelako egin zuten. Baina espekulazio handia eragiten duen kontu bat bada: zein alderdik edo koaliziok osatuko duen gehiengoa Bundestag legebiltzarrean? Koalizio posibleen eztabaida saihestea zaila da. Izan ere, ez dago gehiengo zabala lortzeko moduan den alderdirik. Alabaina, Schroederrek, Merkelek, Joscha Fischer Atzerri ministroak (Berdeak) eta Guido Westerwellek (FDP) horri buruz hitz egiteari uko egin diote. Langabezia, zergak, gizarte segurantza eta justizia soziala dira buruzagi politikoek hizpide hartu dituzten gai nagusiak kanpaina honetan. Alemaniako arazo ekonomikoek gatazka ideologikoa sortu diote Schroederri (enpresarioen kamarada deitzen zioten, bere politika zentristengatik). SPDko ezkerrak matxinada egin eta ezkerreko alderdi berri bat sortu ondoren, kantzilerrak ezkerrerantz jo du berriro, eta berriz deskubritu du herritarren «erantzukizun sozialaren zentzua». Azkenaldian egin dituen proposamenen artean oso aberatsei zerga osagarri bat ezartzea dago, oinarrizko osasun aseguru bat bermatzea herritar guztiei, eta eustea sindikatuek eta enpresaburuek lan arloan erabakiak elkarrekin hartze- ko sistemari.

Erreforma ekonomikoak

Merkelek ez du halako kezka ideologikorik. «Erreforma estruktural sakonak» egingo dituela agindu du; lan merkatuan aldaketa mingarriak ere egiteko asmoa du. «Baina zaila da pentsatzea Schroederrek ekonomia aldatzeko egindako ahaleginekin haserre dauden botoemaileak prest egongo direla Merkelek iragarritako bi puntuko igoera onartzeko zerga zuzenetan, lan merkatuko legeak malgutzea onartzeko zeintzuek langileak botatzea errazago bihurtuko duten, eta etxe bakoitzeko osasun aseguru bat ordaintzea berdina guztientzat, garbitzailearengandik hasi eta enpresa zuzendarienganaino. Era berean, Merkelek adierazi du zerga sistema sinpleago bihurtuko duela, baina ez duela zerga murrizketarik egingo 2007a baino lehen, Alemaniako finantza publikoen egoera kontuan hartuta.

Baina ez da irakurketa okerrik egin behar. Irailaren 18an jokoan dagoena ez da norabide aldaketa bat. Inork, Ezkerreko Alderdia kenduta, ez du logika neo-liberala bertan behera utzi nahi.

Duela lau aste argi eta garbi zirudien CDUko hautagaiak garaipena lortuko zuela. Garaipen hori egunetik egunera zalantzazkoagoa da. Merkelek FDPrekin gehiengo osoa lortzen ez badu, SPDk zuzendutako Koalizio Handiak izango ditu agintzeko aukera gehienak. Gainerako koalizio posible guztiak espekulazio hutsak dira. Ampelkoalition edo semaforo koalizioa deiturikoa sortzea gorri, berde eta hori edo liberalen koalizioa suizidio politikoa izango litzateke SPDrentzat. Schroederrek behin eta berriz baztertu du Sozial Demokraten, Berdeen eta Ezkerreko Alderdiaren arteko aliantza.

Bi aukera errealista bakarrak hauek dira: CDU-CSU-FDP koalizioa edo haien eta SPDren arteko elefante ezkontza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.