Gobernatzeko formularen bila ari dira Hegoafrikan

ANCk batasun nazionaleko gobernu bat eratzea proposatu du. Oposizioko alderdiak prest agertu dira hitz egiteko, baina desadostasunek eta elkarri jarritako betoek zaildu egingo dute arrakasta izatea.

Cyril Ramaphosa ANCko presidente eta Hegoafrikako estatuburua, urtarrilean, alderdiaren mitin batean, Mbombelan. WERNER HORN / EFE
Cyril Ramaphosa ANCko presidente eta Hegoafrikako estatuburua, urtarrilean, alderdiaren mitin batean, Mbombelan. WERNER HORN / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 7a
12:30
Entzun

Apartheida amaitu zenetik 30 urtera, Hegoafrika beste aro politiko batean murgildu da. ANC Afrikako Kongresu Nazionalak eserlekuen gehiengo osoa galdu zuen iragan hilabeteko hauteskundeetan, eta horrek, ezinbestean, gobernatzeko eta egonkortasuna bermatzeko bestelako formulak bilatzera behartu du Nelson Mandela zenaren alderdia. Bestelakoak, baina, aldi berean, ezagunak, ANCk erabaki baitu Mandelak 1994an lehenetsitako formula bera erabiltzen saiatzea: batasun nazionaleko gobernu bat eratzea. Gaur abiatuko dituzte elkarrizketak, eta hamarkadotan agintean egon den alderdiak sekulako erronka izango du; besteak beste, oposizioko indar politikoekin desadostasun handiak dituelako, eta horietako batzuek elkarri betoak jarri dizkietelako.

Cyril Ramaphosak, 2018tik Hegoafrikako presidente denak, atzo gauean azaldu zuen haren alderdiaren iritziz batasun nazionaleko gobernu bat osatzea dela «aukerarik hoberena». ANCren zuzendaritza hamabi orduz bildu zen, eta hitzordu horren ondoren adierazi zuen Ramaphosak zera egitea dela «egokiena»: Hegoafrikaren batasun «ahalik eta zabalena» lortzea, eta alderdien arteko lankidetza bermatzea. Hori guztia, herrialdeak dituen arazoak konpontzea helburu; estatuburuaren arabera, lanpostuak sortzea, zerbitzu publikoen egoera hobetzea, eta ustelkeria eta krimenak amaitzea.

«Elkarrizketetan sartu gara ezeri aterik itxi gabe, eta herriaren interesak sustatzeko asmoa duten alderdi guztiekin hitz egiteko konpromisoarekin», Ramaphosak azaldu zuenez. Eta negoziazio horietan, printzipioz, alderdi hauek parte hartuko dute: zurien interesak defendatzen dituen DA Aliantza Demokratikoak, Jacob Zuma estatuburu ohiaren (2009-2018) MK Lantzaren Alderdiak, EFF Askatasun Ekonomikoaren Aldeko Borrokalariek, IFP Inkatha-Askatasunaren Alderdiak, NFP Askatasunaren Alderdi Nazionalak eta PA Aliantza Patriotikoak.

ANCren eta DAren gaurko bilkura da batasun nazionaleko gobernua osatzeko negoziazio formalen abiapuntua. Hori bai, oposizioko alderdi horrek ez dio hasiera erabat egokia eman elkarrizketa prozesuari, gaur Reuters albiste agentziari esan baitio batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko gonbidapenak «gauzak zaildu» dituela; halere, zehaztu du hitz egiteko «konpromisoa» duela. Hegoafrikako News24 atariaren arabera, DAren lehentasunak hauek izango dira: konstituzioa «sustatzea eta babestea», zerbitzu publiko «garbi eta eraginkorrak» sortzea, ekonomia hazteko «esparru fiskal jasangarri bat» eratzea eta probintziei eskumen gehiago ematea.

Gainontzeko alderdiek bat egin lezakete asmo horiekin, baina DAren beste proposamen batek, herrialdeko banku zentralaren independentzia mantentzearenak, gatazka eragingo du, EFFk hori nazionalizatu nahi baitu; are, oro har, zurien interesak defendatzen dituen alderdiak esan zuen, iragan asteazkenean, ez duela indar marxistarekin, MKrekin eta PArekin aliantza bat egin nahi.

Eta aintzat hartzekoa da ANCren militanteek eta haren oinarri elektoralak zer iritzi izango luketen DArekin elkartzeaz; kasurako, atzoko hamabi orduko bilkuraren aurretik, jarraitzaile batzuk alderdiaren egoitzaren kanpoan manifestatu ziren aukera horren kontra. Aldiz, EFFrekin eta MKrekin koalizio bat eratzeak askoz ere babes handiagoa izango luke horien artean, baina Zumak jarritako baldintzak ere —Ramaphosari betoa jarri dio— zaildu egin lezake arrakasta izatea; ANCk, gainera, joan den asteazkenean bertan erantzun zuen ez duela lan egingo estatuburuaren dimisioa baldintza gisa eskatzen duten indar politikoekin.

Negoziazio horiekin lotuta, IFPk gaur atera du argitara bere jarrera, eta iradoki du prest dagoela koalizioan sartzeko, «onartu» egin baitu «zein den errealitate politiko berria». Hortaz, oposizioko alderdi nagusiak ANCrekin mintzatuko diren arren, badirudi, oraingoz bada ere, EFFrekin eta IFPrekin ados jartzea izango dela bideragarriena Ramaphosarentzat; hiru alderdi horiek gehiengo osoa izango lukete Asanblean, ANCren 159 diputatuak, EFFren 39ak eta IFPren hamazazpiak gehituta —laurehun eserleku ditu ganbera horrek—

Hilaren 16ko bozketa

Hauteskunde batzordeak hilaren 2an jakinarazi zituen Asanblearako bozen emaitzak. Data horretatik bi astera egingo dute, beraz, parlamentuko behe ganbera berrituaren lehen saioa; hau da, datorren asteko igandean. Eta egun horretan aukeratuko dute Asanbleako presidentea; eta, agian, estatuburua ere bai.

Hortaz, ANCri komeni zaio negoziazioak nahiko bideratuta edukitzea data horretarako, edo, behintzat, adostasun bat izatea lehen kargu horren inguruan oposizioko alderdiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.