Globalizazioa bueltan da

Nazioarteko merkataritzaren liberalizazioan gehiago sakontzeko hitzarmena lortu dute, ezustean, Balin egindako goi bileranSalgaiei aduanak gainditzeko prozedurak azkartzea eta erraztea da akordio nagusia

Ivan Santamaria.
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Globalizazioa bueltan da nazioarteko agenda ekonomiko eta politikoan. Ustekabean, akordioa lortu du MME Munduko Merkataritza Erakundeak Balin egin duen goi bileran (Indonesia). Eduki jakinetatik haratago, bi ondorio zuzen ditu jada hitzarmenak. Batetik, merkataritza liberalizatzeko saioak indartuta atera dira. Bestetik, hilzorian zegoen MMEk berak ere gutxieneko sinesgarritasuna lortu du lanean segitzeko.

Azken merkataritza akordio global garrantzitsua 1995. urtean erdietsi zuten, Uruguain. MME bera itun horien bidez sortu zen. Ondoren, 2001. urtean historiako liberalizazio ahalegin handiena abiatu zen, Dohako erronda izenekoa. Funtsean, herrialde txiroen esportazioei herrialde garatuen ateak irekitzea lortu nahi zen, eta, trukean, herrialde garatuetan landutako produktuei bidesariak kentzea herrialde pobreetara sartzeko. Ezadostasun sakonak behartuta, porrotetik porrotera ibili da azken hamabi urteotan

Gutxi geratzen da Baliko akordioetan hasierako programa handinahitsu horretatik. Alde batera geratu dira muga zergak edo inportazio zergak. Konpromiso nagusia merkataritza errazteko neurriak hartzea da. Alegia, produktuei eta zerbitzuei aduanak gainditzeko prozedurak azkartzea eta merkatzea, eta burokraziaren zama arintzea.

Akordioak izango dituen efektuei buruz, iturri ugarik aipatu dute 730.000 milioi euro gehituko dizkiola nazioarteko ekonomiari, eta 21 milioi lanpostu. AEBetako Peterson Institute think tank independentearen txosten batetik hartuta dago datua. Era berean, muga kostuek merkataritzaren faktura %10 garestitzen dutela dio azterketak, muga zergen pisua batez beste %5 den aldean. MMEk ez du neurtu eragina, baina ontzat jo du 300.000 eta 730.000 milioi euroren arteko ekarpena.

Dohako errondarako iragarri ziren helburuetatik urrun egon arren, buruzagi politiko ugarik lortu den ituna historikoa dela ziurtatu dute. Horietako bi dira Karel de Gutch Europako Batasuneko Merkataritza komisarioa eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. Espainiako Gobernua ere gehitu zaie, eta akordioa esportatzen duten enpresentzat mesedegarria izango dela ziurtatu du.

Indiaren korapiloa

Baliko goi bileraren atarian, inor gutxik espero zuen negoziazio emankorra izatea. MMEko zuzendari berriak, Roberto Azevedo brasildarrak, bilerarenatarian ohartarazi zuen liberalizazio prozesu guztia bertan behera geratzeko arriskua zegoela emaitzarik gabe bukatzen bazen. Azkenean, elkarrizketak egun bat luzatu dituzte akordioa lortzeko.

Blokeo puntu handiena Indiaren eta AEBen arteko tirabirak izan dira. Elikagai segurtasuna bermatzeko asmoz, janaria pilatzeko eta nekazariei diruz laguntzeko egitasmo bat jarri du abian Indiako Gobernuak. AEBetako eta EBko ordezkarien arabera, MMEko akordioak urratzen ditu ekintza horrekin. Indiak, bermerik lortu ezean, muga prozesuak azkartzeko edozein akordio gelditzeko asmoa agertu zuen.

Azkenean, erdibideko adostasuna lortu da. Indiak eskubidea izango du janaria pilatu eta nekazariak laguntzeko, txiroentzako elikagaiak ziurtatzeko. Sistema horrek indarrean jarraitu ahalko du beste batekin ordezkatu arte. Hori bai, sistema iraunkor batlortzeko konpromisoa hartu dute, eta lau urte dituzte horretarako. Trukean, MMEn dauden beste herrialdeek ez dute India salatuko, nekazariei emandako diru laguntzak akordioetan baimendutakoa gainditzen dutela iruditu arren.

AEBen eta Indiaren arteko ezadostasunak limurtu ondoren, itunari beste traba bat agertu zaio. Goizaldean, akordioa blokeatzeko asmoa agertu dute Boliviak, Kubak, Nikaraguak eta Venezuelak. Lau herrialde horien aburuz, onartezina da MMEk merkataritza errazteko bitartekoak defendatzea, eta, aldi berean, Kubari ezarritako blokeoari buruz deus ez adieraztea. Azkenean, 1994ko merkataritzako akordioetan ezarrita dagoen «diskriminaziorik ezaren oinarria» berretsi eta aipatu da akordioan, eta ontzat jo dute lau herrialdeek.

Azken akordioan, halaber, herrialde oso txiroetako esportazioei muga zergak are gehiago gutxitzea onartu dute herrialde garatuek. Balin adostu den edukia ez da behin betikoa, eta heldu den urtean MMEk egingo duen kontseilu nagusian akordioa berretsi beharko dute. Ezartzeko, gainera, erakundean ordezkaritza duten 159 herrialdeen banan-banako onespena beharko du.

Poza eta kritikak

MMErentzat itun honek erakunde gisa duen garrantziari buruz zalantzarik ez du agertu Roberto Azevedo zuzendariak, itxiera ekitaldian. «MME berpiztu da azken asteotan. Izan beharko lukeen modura ikusi dugu erakundea. Negoziatzen. Dinamikoa. Lanean gogor, akordioa lortzeko».

Pobreziaren aurka borrokatzen diren talde eta gobernuz kanpoko erakundeak, ordea, eduki falta kritikatu dute. AEBek eta EBk onartu dituzten aldaketak «gutxienekoa» direla salatu du Nick Dearden World Development Group taldeko ordezkariak. Hala ere, akordioa nori egiten dion mesede argi du Deardenek. «Korporazio transnazionalentzako da, ez pobreentzako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.