GLAZIARRAK

Glaziarren etorkizun krudela

Munduko eskualde glaziar guztien izotz masa apaldu egin zen 2023an. Glaziarrena ez ezik, munduko elur eta permafrost bolumena ere jaisten ari da.

Andeetako mendilerroko glaziar bat, Txilen. JAVIER MARTIN / EFE
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtez urte, munduko ia glaziar guztien izotz bolumena apaltzen ari da, baita haien altuera eta luzera ere. Copernicus Europako Batasuneko programak emandako datuen arabera, munduko eskualde glaziar guztiek galdu zuten izotz masa 2023an; erregistroak daudenetik lehenengoz gertatu zen hori. XX. mendearen amaieran, munduko glaziar masak gora egiten zuen orokorrean. Hori, baina, aldatu egin da mende honetan, eta glaziar askoren bolumena oso azkar ari da apaltzen.

Egoeraren larria ikusita, Unescok Glaziarren Kontserbaziorako Urte izendatu du 2025a, eta, aurrerantzean, martxoaren 21a Glaziarren Nazioarteko Eguna izango da. Urtarrilean egin ditu Unescok lehen ospakizunak, Parisen, eta munduko hainbat txokotan hitzaldiak eta konferentziak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Nazio Batuen Erakundearen menpeko den organismo horrek argitaratutako datuen arabera, munduko biztanleriaren laurdenak —2.000 milioi pertsonak— glaziarren urtzearen bidez lortzen du bizirik irauteko ur geza, eta, nabarmendu dutenez, litekeena da 2050erako egungo glaziarren herenak desagertuta egotea; hala gertatzen bada, baliteke arazo handiak sortzea munduko eskualde askotako ur horniduran.

Glaziarrak elur eta izotz metaketaren eraginez sortzen diren izotz masa mugikorrak dira; Ibai Rico EHUko geografo eta glaziologoaren arabera, mugikor izate hori da glaziar baten berezitasun nagusia. Haren esanetan, glaziarren masa apaltzen ari da mundu guztian, argi eta garbi, baina urtzea ez da glaziarretan bakarrik nabari: «Orokorrean, munduko kriosfera guztia ari da urtzen; kriosfera ez dago bakarrik mendiko glaziarrez eta izotz mantu kontinentalez osatuta, baizik eta permafrostaz eta munduan izoztuta dagoen ur guztiaz ere bai. Klima naturalki aldatzen da, baita kriosfera ere, baina aurretik sekula ikusi gabea zen 1950etik hona izandako berotzearen eta glaziarren urtze azkarraren parekorik».

Munduko eskualdeen arabera, baina, ezberdina da galera hori. Groenlandia eta Antartika estaltzen dituen izotz mantu kontinentala ere urtzen ari da berotzearen eraginez, baina, Ricoren esanetan, «mendiko glaziarrak» ari dira azkarren urtzen: «Azken bi hamarkadetan, %36 azkartu da mendiko glaziarren urtzea. Groenlandiaren urtzea ere asko azkartu da, eta Antartika  lo samar dago oraindik, baina biek ere potentzial handia dute atzera-bueltarik gabeko puntu horietara iristeko».

Galera eskualdeka

Zenbait kontaketaren arabera, 220.000 eta 275.000 glaziar artean daude munduan, eta 700.000 kilometro koadroko eremua hartzen dute guztira. Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak Glaziarren Munduko Monitorizazio Zerbitzuaren datuak bildu ditu, eta 1976tik 2023ra egondako galerak sailkatu eskualde glaziarren arabera; galerarik handienak dituzten eskualdeetako gehienak Ipar Amerikakoak dira. Alaska da, nabarmen, izotz masa gehien galdu duen lekua: 2.633 gigatona, urtze globalaren ia herena —8.266 gigatona galdu dira munduan epe horretan—. Hurrena Andeetako Hegoaldea da, 951 gigatona galdu baitira han, eta Kanadako eta AEBetako beste hiru eskualde glaziar nagusien galera 2.138 gigatonakoa da.

«Aurretik sekula ikusi gabea zen 1950etik hona izandako berotzearen eta glaziarren urtze azkarraren parekorik»

IBAI RICOEHUko geografoa eta glaziologoa

Ricoren ustez, hainbat faktoreren ondorio da eskualde batzuek galera azkarragoa edo motelagoa izatea. Glaziar batzuk «tarteko altueran» daude, itsasoarekin kontaktuan ere bai batzuk, eta halakoak azkarrago urtu ohi dira: «Himalaiakoekin eta Asia Erdialdeko beste ingurune batzuetakoekin alderatuta, azkarrago eragiten ari zaie klima aldaketa globala. Mendiko glaziarren taldearen barruan, Alaskakoak eta Hego Amerikakoak — eta batez ere Patagoniakoak— ari dira azkarren urtzen».

Unescok ohartarazi bezalaxe, Ricok esan du glaziarrak hain azkar urtzearen arrisku nagusia zera dela, biztanle askoko eskualdetan ur geza eskuratzeko zailtasunak izatea. «Asia eta Hego Amerika eremu delikatuak dira, garai lehorretan jendeak glaziarretatik datorren ura behar izaten du eta». Zehaztu du Asia Erdialdean, adibidez, ia mila milioi pertsona direla glaziarren uraren menpeko, eta balitekeela etorkizunean arazo larriak izatea. «Ur gezaren %70 glaziarretan dago, eta leku askotan inpaktua oso handia da jada».

Bestelako eraginak

Ricok esan du glaziarrak urtzearen inpaktuak eskualdekoak izaten direla: tartean dira ur geza eskuratzeko zailtasunak eta arrisku naturalak areagotzea. Glaziarrak «desegonkortzen diren heinean», luiziak gertatzeko arriskua izaten da, laku glaziarrek gainezka egin eta horren ondorioz uholdeak izatekoa, baita «permafrostari lotutako desegonkortzeak» sortzekoa ere. Adibidez, 2023an Groenlandian luizi handi bat izan zen fiordo batean, eta 200 metroko tsunami bat sortu; gainera, fiordo batean izan zenez, olatuak bederatzi egun eman zituen pareta batetik bestera.

2.000

MUNDUAN ZENBAT MILIOI LAGUN DIREN GLAZIARRETAKO URAREN MENPEKO. Unescok argitaratutako datuen arabera, munduko biztanleriaren laurdena, 2.000 milioi pertsona, glaziarretan urtzen den ur gezaren menpekoa da.

Turismoan, paisaian, giza ondarean eta munduko komunitate batzuen nortasunean ere aldaketak gertatzen ari dira glaziarren urtzearen ondorioz. Pirinioetako adibidea jarri du Ricok, gertukoena baitu, eta esan du litekeena dela jarduera batzuk eta kultura bera aldatzea udan glaziarrik ez badago.

Tokiko edo eskualdeko galerak dira horiek, baina arazo global bat larriagotzen dute, Ricok azaldu duenez: itsas mailaren igoera. Mendiko glaziarren eta Groenlandiakoen urtzeak eragiten dute bereziki horretan, urte batzuetan batzuek gehiago eta beste batzuetan, berriz, besteek. Antartikak du horretarako potentzialik handiena, Ricoren esanetan, baina «beste dinamika batzuk» dituenez, ur gutxiago askatzen du: Mendebaldeko Antartika «dezente» desegonkortzen ari dela dio, baina Ekialdekoak «egonkor» irauten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.