Ingurumena

Glaziarren erdiak galduko dira mende honetan, gutxienez, ikerketa baten arabera

IPCC munduko adituen taldeak kalkulatutakoak baino ondorio okerragoak izango ditu klima aldaketak, eta baldintza onenetan ere glaziarren galera espero baino handiagoa izango da.

Suitzako Sardona glaziarra urtzen ari da, eta kobazulo batzuk agerian gelditu ziren iazko udan. GIAN EHRENZELLER / EFE
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 5a
23:15
Entzun

Munduaren batez besteko tenperatura 2100. urtean 1,5 gradu soilik igota ere, glaziar guztien erdiak galduko dira, Science aldizkariak argitaratu berri duen ikerketa baten arabera. Zehazki, berotze global horrekin, bere ur masaren laurden bat galduko lukete glaziarrek, eta itsasoaren maila 90 milimetro haziko litzateke.

Hori, kasurik onenean: aurreikuspen guztien arabera munduaren batez besteko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igoko delako mende hau bukatzerako. Nazioarteko COP26 bileran hartutako erabakiekin, espero izatekoa da munduaren tenperatura 2,7 gradu igotzea batez beste 2100. urterako; eta hori gertatuko balitz, Europako, Ipar Amerikako ekialdeko eta Zeelanda Berriko glaziar guztiak urtuko lirateke.

Eta munduko tenperatura are gehiago —batez beste lau gradu— igoko balitz, munduko glaziarren %83 desagertuko lirateke. Kasu horretan, ur masaren %41 galduko lukete glaziarrek, eta itsasoaren maila 154 milimetro haziko litzateke.

Iparralde globalean okerren

Ikerketak erakusten du glaziar txikienek jasango dutela klima aldaketa gehien. Europa erdialdeko eta Ipar Amerikako glaziarrak galduko dira lehenik. Munduko batez besteko tenperatura hiru gradu igoko balitz, ia erabat desagertuko lirateke.

Glaziarrek masa galtzeak eragina du hidrologian, ekologian eta natur arriskuetan, ikerketaren egileek nabarmendu dutenez. Esaterako, kalte horiek ekar dezakete 2.000 milioi pertsonak edateko ura eskas izatea, glaziarrek gordetzen dutelako munduko ur gezaren hiru laurden.

2015etik 2100era bitartean munduko 215.000 glaziarretan gertatuko diren aldaketak ikertu ditu zientzialari talde batek, modelo aurreratuak erabilita. Amerikako Estatu Batuetako Carnegie Mellon Unibertsitateko irakasle David Rouncek gidatu du ikerketa. «Tenperaturaren igotzea eta glaziarren masaren galera linealki lotuta daudela ikusi dugu, eta, beraz, tenperatura jaisteak nabarmen gutxituko luke glaziarretako masaren galera», adierazi du. Baina oraingoz, ez da hori joera.

Ikerlariek erantsi dute «aurreikuspenak egiteko modelizazioarentzat aurrerapen nabarmena» izan dela ikerketa honetan erabili duten metodoa. Eta egileek adierazi dute espero dute ikerketa honek balioko duela klima aldaketari aurre egiteko politikak indartzeko: «Berandu da glaziar askoren galera geldiarazteko. Baina munduko batez besteko tenperaturaren igoer amugatzeko ahalegin guztiek zuzen-zuzenean eragingo dute glaziar gutxiago galtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.