Egoera «dramatikoa»
Mugarik Gabeko Medikuen arabera, konboi gehienak (guztira, 1.200 etorkin inguru daramatzate) leku ezberdinetara abiarazi ondoren Guelminen biltzen ari dira. Baina ez guztiak. Gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, konboietako bat Smarara bideratu zuten herenegun. Smara, Mendebaldeko Saharan dago, Marokok okupatutako lurraldearen eta Fronte Polisarioak kontrolatzen duen lurraldea bereizten duen hesitik gertu. SOS Arrazakeriaren bozeramaile batek jakinarazi zuenez, beste hainbat autobus Nouadibhou ingurura bideratu zituzten, Mauritaniako mugatik gertu. Mugatik 350 kilometrora, Women Link Worldwide erakundeko kideek ziurtatu zutenez, Dajlan hain zuzen, ehun lagun inguru daude. Talde horretan 30 emakume eta 10 haur inguru daude. Ura eta elikagaiak jaso dituzte zenbait etorkinek.GKEen arabera, egoera «dramatikoa» da, basamortuan daude, babesik gabeko gunean. Javier Galdon Mugarik Gabeko Medikuen arduraduna haserre agertu zen egoeraren inguruan: «Etorkin hauek nora daramatzaten jakin behar dugu, eta ziurtasuna izan behar dugu giza eskubideak errespetatzen ari direla». Egoera «iluna» dela ere salatu zuen.
Diego Lorente -ESPAINIAKO SOS ARRAZAKERIA ERAKUNDEKO koordinatzaile nagusia
«Hegoalderago daramatzate, genozidioa inork ikus ez dezan»
Etorkinez betetako autobusak Marokon barna barreiatzen ari dira; ezereza dute helmuga. Diego Lorente Espainiako SOS Arrazakeria taldeko koordinatzailea da. Etorkinen konboiekin batera bidea egiten ari da SOS Arrazakeriako kide bat. Hark ikusitakoa azaldu dio Lorentek Berriari.
Noiztik ari da SOS Arrazakeria konboi horien bidea jarraitzen?
Espainiatik Marokora eraman zituzten pertsona horiek deportatuko zituztela jakin genuenetik. Marokora sartzen utzi ziguten eta Tangerren eta Tetuanen preso hartzen zituztela ikusi genuen, orduan hasi ginen euren arrastoa jarraitzen. Non uzten zituzten jakin nahi genuen, bagenekielako duela bi urtetik hona Marokok basamortuan uzteko joera zuela.
Zer gertatzen ari da konboi horiekin?
Lehen Oujdako mugan uzten zituzten; orain, aldiz, nazioarteko presentzia dela medio, eta Oujdan kazetari asko daudelako, konboiak sakabanatzen ari dira, arreta desbideratzeko. Inork ikus ez dezan nola abandonatzen dituzten basamortuan; lekukorik egon ez dadin. Hegoalderago eramaten dituzte, gune militarretara, gerran dauden lekuetara... burutuko den genozidioa inork ikus ez dezan.
Hainbat GKEk salatu dutenez, dagoeneko hildakoak izan dira konboietan. Ba al duzue horren berririk?
Guk ez dugu ziurtasun osoa, baina autobusetatik esan digutenez, zaurituak daude, baita gaixo dauden haurrak ere. Hildakoak badirela esan digute, baina ez dakigu zehazki. Hala ere, ez ginateke harrituko, baldintzak tamalgarriak direlako. Autobus batzuek 90 lagun baino gehiago daramatzate errepidean.
Iturri berberen arabera, autobus horietan asilo politikoa eskatu zuten pertsonak eta paperak zituzten etorkinak ere bazeuden.
Bai, hala da. Guk dakigunez Marokon asilo politikoa eskatu zuen jendea dago, baita bi ikasle ere. Hau da, beltzen ehiza egin dute Marokon. Gure datuen arabera, konboietan zehatz-mehatz ez dakit, baina hau guztia gertatu aurretik asiloa eskatu zuten 40 lagun bidali zituzten.
Oraindik basamortuan ba al dago jendea?
Noski, autobus asko ez dakigu non dauden ere. Edozein lekutan egon daitezke. Orain gure helburua horixe da, pertsona horiek aurkitu eta laguntza eskaintzea. Badakigu bildu egiten dituztela ondoren, baina barreiatu egiten dituzte, komunikabi- deen lana trabatzeko batez ere.
Nolatan ari da hori gertatzen?
Nabarmendu beharra dago Espainiako Gobernuaren erantzukizuna. Espainia ere arduraduna da. Batetik, baldintza legalik gabe bota zituelako; eta, bestetik, bazekielako zer gertatuko zen. Marokoko Gobernua bezain erantzule da, beraz.