BURUNDI

Gizateriaren aurkako krimenak salatu ditu NBEk Burundin

Burundiko estatuko indar armatuei egozten dizkie erasoak NBEk, eta Nkurunziza presidenteari eta haren gertukoei leporatzen die erantzukizuna. Biktimak oposizioko kideak eta haien gertukoak direla ziurtatu du.

jarraia144866.jpg
2017ko irailaren 4a
08:39
Entzun

Burundin gizateriaren kontrako krimenak izan direla salatu du NBEren ikerketa batzordeak. 2015eko apirilaz geroztik urraketa larriak izan direla jaso du NBEk txostenean, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu dio ikerketa abia dezala ahalik eta lasterren.

NBEk ziurtatu duenez, Burundin epairik gabeko ehunka heriotza zigor izan dira, milaka atxiloketa arbitrario, ehunka pertsona desagertu eta torturatu, eta sexu erasoen dozenaka biktima zenbatu ditu.

Gizateriaren krimenen kontrako erasoak Burundiko inteligentzia zerbitzu nazionaleko kideei, Poliziari eta armadari egotzi dizkie ikerketa batzordeak. Baita Pierre Nkukurunziza herrialdeko presidentearen alderdiko gazte elkarteari ere. Txostenaren arabera, Nkurunziza eta haren gertueneko jeneralek hartu dituzte "erabaki garrantzitsuak, giza eskubideen urraketa larriak ondorio dituztenak barne".

Nkurunzizaren oposizioko kideak eta haren familiakoak eta gertukoak dira erasoen biktimak, Françoise Hampson ikerketa batzordeko kidearen arabera. Gertaerak ezin daitezke genozidiotzat hartu, Hampsonen esanetan, baina botere maila gorenetik "gorroto diskurtsoa hedatu" dela salatu du.

NBEko ikerketa batzordeak 2015eko apirilean kokatu du erasoen gorakada; hain justu, Nkurunzizak hirugarren aldiz jarraian gobernatzeko aurkeztuko zela iragarri ostean.

Ikerketa batzordearen txostenak oposizioko talde armatuen giza urraketak ere jasotzen ditu. Askoz maila apalagoan, hala ere, estatuko indar armatuekin alderatuta.

Burundiko Gobernuak herrialdean sartzea debekatu zion NBEko ikerketa batzordeari, eta ikerlariak Afrikako hainbat herrialdetan errefuxiatuta dauden herritarrekin bildu dira egoeraren berri jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.