Gizateriaren aurkako delitutzat jo dute Kolonbiako irakasle baten hilketa

2001eko abuztuaren 28ko gauean bahitu, torturatu eta hil zuten Atlantikoko Unibertsitateko irakasle Freytter Romero. Fiskaltzaren arabera, unibertsitateko kideen aurkako politiken ondorio izan zen

Poliziak eta paramilitarrek hil zuten Adolfo Freytter Romero irakaslea, 2001eko abuztuaren 28an. EL TIEMPO.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Irakaslea ez ezik, ekintzailea ere bazen Adolfo Freytter Romero, eta hil baino astebete lehenago atxilotu egin zuen Poliziak. Ondoren, abuztuaren 28ko gauean, paramilitarrek atzeman zuten, eta, torturatu ostean, hil egin zuten. Ez zen izan garai hartan hil zuten unibertsitateko kide bakarra: 1998tik 2006ko tartean, Atlantikoko Unibertsitateko 23 ikasle eta irakasle hil zituzten paramilitarrek eta Poliziak.

Orain, 18 urte geroago, Kolonbiako Fiskaltzak gizateriaren aurkako delitutzat jo du Freytterren hilketa. Haren argudioen artean dago hilketa ez zela bakana izan, eta unibertsitateko ekintzaileen aurkako politiken ondorio izan zela. «Komunitate jakin baten aurkako politika bat zegoen indarrean, eta instituzio bereziak sortu zituzten helburu horrekin; horietan parte hartu zuten politikariek, goi kargudun militarrek eta bestelako arduradunek», azaldu du fiskalak.

Paramilitarren jopuntu

Ebazpenaren arabera, Freytterren hilketan, «estatuko indarrek» ez ezik, Kolonbiako Autodefentsa Batuetako paramilitarrek ere hartu zuten parte. Azken horiek dagoeneko onartua zuten esku hartu zutela. Atlantikoko Unibertsitateko irakaslearen hilketan ez ezik, «eskuin muturreko legez kanpoko taldeek» beste sei hilketatan ere parte hartu zuten aipatu unibertsitatean, tartean Alfredo Correa de Andreisen hilketan. Azken horren kasuan, gobernuak barkamena eskatu behar izan zuen iaz.

Paramilitarrak 1998an sartu ziren lehen aldiz Atlantikoko Unibertsitatean. Urte hartan, Raul Peña irakaslea eta Alexander Acuña ikaslea hil zituzten. Gerora etorriko ziren Humberto Contreras eta Reynaldo Sernaren hilketak. Biak ziren ikasleen ordezkariak, eta, hil aurretik, auzipetu egin zituzten, matxinada egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.