Gizateriaren aldekoak

Donostiako udaletxean harrera egin diote gaur arratsaldean Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiari; Israel eragiten ari den sarraskiaz eta beldurraz aritu dira.

Atef Abu Saif Donostiako udaletxean, gaur. OLI ARTOLA
Atef Abu Saif Donostiako udaletxean, gaur. OLI ARTOLA
Iratxe Muxika
2024ko urriaren 1a
21:00
Entzun

Semearekin zegoen Atef Abu Saif Israelek lehen aldiz Gazari eraso egin zionean; han harrapatu zituen biak. Orain, kanpotik begira, semearen larruan jarri da aita: «Semeak ez du inoiz ahantziko bizi izan eta ikusi duena; ez ahantziko eta ez barkatuko». Etorkizunaz zer espero lezakeen ere zalantzan jarri du, eta argitu du «benetako bakeak» ekarriko diela haurrei berriz ere bizitzan sinisteko aukera. «Ez dakit, ordea, bakerik etorriko den». 

Donostiako udaletxean harrera egin diote gaur arratsaldean Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiari. Alderdi Eder parketik sartu, eta mahaiaren bueltan eseri dira Eneko Goia Donostiako alkatea [EAJ], Ane Oiarbide PSOEko bozeramailea, Itziar Iturri EH Bilduko zinegotzia, Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiako zinegotzia, Ion Gambra foru aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Julen Agirrezabalaga Elkarreko Ikastetxeetako Sustapen Arduraduna eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria. Horren aitzinetik, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin bildu da Abu Saif.

Elkar agurtu ondotik, egungo egoeraz galdegin dio Iturrik Abu Saifi; Israel Libanon egiten ari den erasoez, hain zuzen. Argi erantzun dio ministro ohiak: «Benjamin Netanyahuk beldurra dio bakeari. Ez du gerrarik eta sarraskirik bukatzerik nahi, eta horri irtenbidea bilatu dio: bertze gerra bat». Libanoko gerra «arazo berria» dela aitortu du, eta hala izateak arreta guztia «bereganatzen» duela. «Estrategia hutsa da gerra bat tapatzeko bertze bat sortzea», argitu du Abu Saifek. «Gazan egindako ekintza bera da Libanokoa». 

Irtenbidea

Kontzientziaz aritu da idazlea jarraian, ohi denez «berandu» etortzen den horretaz. «Etorriko dira laguntzak, babesa eta elkartasuna; baina ordurako milaka hildako eta desplazatu egonen dira», etsitu du. Joan den urteko urriaren 7az galdetu dio Goiak: Israelek zer-nolako teknologia eta zerbitzu sekretuak dituen jakinik posible ote den Hamasen erasoa ez aurreikusi izana. Honela erantzun dio Abu Saifek: «Hori ezin da jakin, baina anitz dira hala pentsatzen dutenak». Erantzuna hemendik urte batzuetara jakinen dutela ebatzi dute. «Israelek, dena dela, ez du aitzakia beharrik eraso egiteko». 

«Gerraren kontzeptuan eraiki da Israel», hala sinisten du ministro ohiak; eta ohartarazi du Netanyahu «pertsona arriskutsua» dela gizateriarentzat. Hori adituta, gerraren irtenbideaz galdetu dio Gonzalezek. Abu Saifek erran dio irtenbidea «behartzea» dela, «geldiaraztea»; bere kabuz ez duelako «sekula» halakorik eginen. Aukera bat ere proposatu du: «Nazio Batuen Erakundeko kide egitea da lehen pausoa, guztientzako arau batzuk jartzen direlako eta horiek errespetatu egin behar direlako». 

«Benjamin Netanyahuk beldurra dio bakeari. Ez du gerrarik eta sarraskirik bukatzerik nahi, eta horri irtenbidea bilatu dio: bertze gerra bat»

ATEF ABU SAIFIdazlea eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia

Gizarteari begira, sortutako bi bandoak atera dituzte mahaira: Israelen aldekoak eta Palestinaren aldekoak. «Kontua ez da baten alde jartzea eta bertzearen kontra, baizik eta erabakitzea gizateriaren alde gauden edo ez». Hori argituz gero, arazoa ere argituko zatekeen: bakea lortu, edo gerran jarraitu. «Israelek, baina, uste du ez dagoela inor bere gainetik; ez herrialderik eta ez araurik». 

Iranen rola aztertu du Abu Saifek ondotik, eta aitortu du Estatu Batuen antza hartzen diola anitzetan. «Libano gerran da, Yemen, Siria, Gaza... gerran sartu ez den bakarra Iran da, eta hark du giltza». Horrez gain, «haien interesen harira» jokatzen duela nabarmendu du, «gehiegi sartu gabe baina guztia kontrolatuz». Munduaren ikuskera orokor bat emanda, itxaropentsu bukatu nahi izan du bilera Atef Abu Saifek: «Segi dezazuela bakearen alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.