Adam Green. Chicagoko Unibertsitateko irakaslea

«Gizatasunik oinarrizkoena ere urratu egin du gertatutakoak»

George Floyd ez da izan Poliziak hildako lehen afro-amerikarra, baina Greenek uste du harenak «zerbait apurtu» duela jende askoren baitan, eta horrek inoizko manifestazio gogorrenak piztu ditu AEBetan. «60ko hamarkadan ere ez zen halakorik izan».

ADAM GREEN.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Chicagoko Unibertsitateko Historia irakaslea ez ezik, afro-amerikarren historian ere espezializatuta dago Adam Green. Beste askok bezala, berak ere amorruz bizi du George Floydi gertatutakoa. Argi du egungo protestak eta Poliziaren jokabidea ulertzeko atzera begiratu beharra dagoela, lehen kolonoak Amerikara iritsi ziren garai hartaraino: «Haiek ere indarkeria baliatu zuten nagusitasuna bermatzeko».

Ez da lehen aldia AEBetako Poliziak afro-amerikar bat hiltzen duena, baina oraingoan protestak gogorragoak izan dira. Zer aldatu da 2014an Eric Garner hil zutenetik?

Poliziaren Indarkeria Maparatzeko Proiektuaren arabera, 1.099 herritar hil zituen Poliziak iaz; horietatik %24 afro-amerikarrak ziren, nahiz eta horiek biztanleen %13 izan. Horrek esan nahi du afro-amerikar batek Poliziak hila izateko hiru aldiz aukera gehiago dituela.

Chicagok berak afro-amerikarrak torturatzen zituen polizia sare bat izan zuen 1990eko hamarraldian. Uste dute 110 pertsona torturatu eta haien kontrako akusazioak onartzera derrigortu zituztela, eta haietako hainbatek egin ez zuten delituengatik ordaindu zuten, heriotza zigorrera kondenatuak izateraino.

Aditu askoren arabera, afro-amerikarrekin lotutako estereotipoekin lotu behar da Poliziaren haiekiko jarrera, eta estereotipo horiek ulertzeko esklabotzaren garairaino egin behar da atzera.

Baina indarkeriak bezala, protestek ere historia luzea dute. Poliziaren indarkeriaren aurkako protestak oinarrizkoak izan dira hildako horiek aintzat hartzeko eta erreformak egiteko, hasi Chicagotik eta New Yorkeraino.

Egia da, hala ere, lehen aldia dela protestak hainbeste hiri eta komunitatetara zabaltzen direna, eta horrenbeste egunez luzatzen direna, eta modu baketsu eta zibikoan egiten direna. Hori ez zen lortu 1960an ere, Giza Eskubideen Mugimendua jaio zenean.

Eta zergatik orain bai?

Beltz guztien hilketak ankerrak badira ere, George Floydena bereziki krudela izan zen. Antza, diru faltsua erabiltzeagatik atxilotu zuten. Berak ez zion Poliziari aurre egin; ez zuen armarik. Eta, hala ere, ofizial batek Derek Chauvinek belauna jarri zion lepo gainean 8 minutuz eta 46 segundoz odol zirkulazioa eta oxigenoa etenez. Beste ofizialek Floyden gorputzari eutsi zioten beste atal batzuen gainean belauniko jarriz; nahiz eta euren araudiak zehaztu haietako batek gehiegizko indarkeria erabiltzen badu besteek geldiarazi egin behar dutela; nahiz eta inguruan zeudenek Floyd aske uzteko eta kalte gehiago ez egiteko eskatu; nahiz eta Floydek berak arnasa ezin zuela hartu esan behin eta berriz. Hala ere, bideoan ikus daiteke nola Chauvinek barre egiten dien Floyden laguntza eskaerei.

Hori da protesten indarra azaltzen duen arrazoietako bat, alegia, horrenbeste hilketaren ondoren beste halako bat gertatzea, batere gizatasunik gabea, eta frogatzen duena polizia horientzat, behintzat, beltz baten bizitzak ez duela baliorik. Floyden hilketari buruz irakurri edo bideoak ikusi dituztenek sentitu dute barruan oinarrizko zerbait apurtu zaiela. Gizatasunik oinarrizkoena ere urratu egiten du gertatutakoak, hainbesteraino jendeak ez du ikusi kaleak hartu eta protesta egitea beste irtenbiderik.

2017ko ikerketa baten arabera, galdekatutako polizien bi herenek uste dute Poliziaren aurkako jarrera dutela afro-amerikarrek, eta horren ondorio direla bien arteko aurrez aurrekoak.

Afro-amerikarren hilketak Poliziaren aurkako jarreraren ondorio direla pentsatzeak frogatzen du haietako asko oso urrun daudela komunitateetatik eta errealitatetik.

Gizartea hura arriskuan jarri dezaketenetatik babesten duen «lerro urdin fina» gisa deskribatzen du Poliziak bere burua, bere eginez betiko eredu amerikarretik at dauden komunitateen aurkako jarrera arrazistak. Adibide bat jartzearren, Ferguson hiriko Justizia Departamentuaren txosten baten arabera, oso gutxi dira atxilotutako afro-amerikarren aurka gehiegizko indarra erabili duten agenteak; aldiz, asko dira txiste arrazistak kontatzen dituztenak edo afro-amerikar lankideei modu txarrean hitz egiten dietenak.

Ez dut esango afro-amerikarrek Poliziarekiko mesfidantzarik ez dutenik, edo haien irudia gustuko dutenik; baina alde handia dago inorengana mesfidati izatearen eta haren aurka egitearen artean.

Esan genezake, 1960ko hamarkadako urratsen ostean, berriz ere atzera egin dutela AEBek giza eskubideetan?

Kontua ez da arrazakeriak atzera egin duela. Ikusi besterik ez dago zer gertatu zen Katrina urakanarekin; hondamendiak agerian utzi zituen arrazen arteko desberdintasunak, eta hori [Barack] Obama eta [Donald] Trump baino lehenago gertatu zen.

Benetan aldatu da buruzagiek eta komunikabideek sistemako arrazakeria horri eta horrek eragiten dituen desberdintasunei ematen dieten garrantzia. Lehen ez bezala, lider horiek erabaki dute lehentasuntzat jo behar dela hori, eta kolokan jari dituzte betiko botereak. Gertatutakoaren ondoren, asko ohartu dira arrazakeria konponduezineko gizarte arazo bat baino gehiago dela; herri honen etorkizuna kolokan jar dezakeen arazo bat dela.

Egoerak okerrera egin du Trumpek presidentetza hartu zuenez geroztik?

Esan beharrik ez dago Donald Trumpek Barack Obamaren tokia hartu zuenetik okerrera egin duela arrazen arteko tentsioak, ugaritu egin dira desberdintasunak handitzen dituzten jarrerak batez ere Poliziari dagokionez, eta indartu egin dira arraza nagusitasunaren ideiaren aldeko jokabideak. Ez dugu ahaztu behar nortasuna arrazarekin lotzea ez dela soilik beltzen joera. Beren buruak zuri amerikar gisa deskribatzen dituzten horiek ere ahalegin handia egin dute gizartearen gaineko kontrola eta botereari eusteko.

Beste behin beharrezkoa da historian atzera egitea hori ulertzeko. Mendebaldeko kolonoek eurek ere indarkeria baliatzen zuten. Urte batzuk geroago zuriak ez ziren langileen gaineko kontrol izugarria baliatu zuten botereari eusteko. Orain, berriz, zuri amerikarrak gero eta gutxiago dira, eta belaunaldi baten buruan, eurak izango dira gutxiengoa, eta horregatik bilatzen dituzte aurrerantzean ere Amerika beraien «aberria» izango dela bermatzen dieten buruzagi eta politikak.

Baina ez dugu ahaztu behar Obama agintean zenean ere gertatu zirela afro-amerikarren aurkako erasoak. Eta une horietan Obamak bere kezkei buruz hitz egitea erabaki zuen, AEBetan barruraino sartuta dagoen arrazakeriaz aritu beharrean. Halakoetan fokua buruzagi batean edo bestean jartzeak urrundu egiten gaitu benetako arazotik, hau da, sisteman barruraino sartuta dagoen arrazakeriatik. Neurri batean, oraingo egoerak erakusten digu Amerikaren sakoneraino sartuta dagoen arrazakeria ez dela 2020ko bozekin amaituko, 2008koekin amaitu ez zen bezala.

Manifestazio hauek Black Lives Matter Mugimenduak deitu ditu. Zerk egiten du desberdin plataforma hau?

Haren aniztasuna da mugimenduaren ezaugarri nagusia, hori eta maiz «lidergorik gabeko mugimendutzat» jo izan dutela, ez daukalako aurpegi jakin bat. Haien filosofia 1970eko hamarkadako emakume afro-amerikarren mugimendutik dator, eta hala, baztertu egiten dute gizonezko buruzagi indartsuaren irudia, eta erantzukizunak modu orekatuan partekatzearen aldeko apustua egiten dute, argi utziz zein den euren gizarte ereduaren irudia, etorkizunean Amerika izatea nahiko luketena.

Zer neurri hartu beharko lirateke AEBetan Floydi gertatutakoa errepikatu ez dadin?

Aldaketek udaletatik etorri beharko lukete, gobernu federaletik baino gehiago. Hirietako aurrekontuen %50 ez luke Polizia Departamentuarentzat izan behar; aurrekontu hori murriztu egin beharko litzateke, eta %10-20 artean utzi. Aurreztutako diru hori gastu sozialetara bideratu beharko litzateke; besteak beste, buruko osasunera, eskoletara, babes ofizialeko etxebizitzetara, eta halakoetara. Aldi berean, arrazakeriaren aurkako trebakuntza eman beharko litzaieke poliziei, eta indarkeria kasuak aztertu eta jarraituko dituzten batzordeak ezarri estatu guztietan, araudia urratzen duten poliziek jakin dezaten okerrak ordaindu egin beharko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.