Gizarteko sektore gehienak izango dira Palestinaren aldeko manifestazioan

Gaur egingo dute mobilizazioa, 17:30ean, Donostian. «Ezin gara isilik gelditu genozidio honen aurrean», nabarmendu dute antolatzaileek

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak agerraldi bat egin zuen atzo. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Bi aste beteko dira gaur Israelen eta Gazaren arteko gerra hasi zenetik. Duela astebete aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat sektoretako herritarrek Gernika-Palestina Deialdi Herritarra, palestinarrei elkartasuna adierazteko. Gaur, manifestazio nazionala egingo dute Donostian; 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik. Oso denbora gutxian antolatu dute elkartasun oldea, eta gaurko manifestazioa izango da lehen erakustaldia. Euskal Herriko 155 pertsona ezagunek eta gizarteko denetariko sektoreetakoek bat egin dute gaurko mobilizaziorako deialdiarekin.

Donostiako hotel batean agerraldi bat egin zuten atzo Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko zenbait kidek, eta berretsi zuten Palestinako gatazkaren konponbide politikoa bilatzeko deia. «Ezin gara isilik gelditu genozidio honen aurrean. Premiazkoa da eskalada belikoa gelditzea, eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea», nabarmendu zuten Zuriñe Rodriguez kazetariak eta Foro Sozialeko buru ohi Agus Hernanek, egitasmoaren antolatzaileen izenean.

155 norbanako, bat eginda

Atxikimendua adierazi dutenei «eskuzabaltasuna eta konfiantza» eskertu zizkieten. Izan ere, gaurko manifestaziora joateko deia egin dute denetariko alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte mugimenduek, kultur taldeek eta kooperatibek. Gizartean ezagunak diren 155 norbanakok ere bat egin dute. «Mobilizazio masibo bat izan daitekeela uste dugu», esan zuten Rodriguezek eta Hernanek.

Deialdiarekin bat egin dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak, Zurekin Nafarroak, EH Baik, Sortuk eta Alternatibak. Hernanek esan zuen EAJk haren kideei «askatasuna» eman diela manifestaziora joan ala ez erabakitzeko.

Nabarmendu zuten sindikatu «guztiek» egin dutela bat mobilizazioarekin; ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek, hain zuzen ere.

Gizarte mugimendu ugarik ere dei egin dute manifestaziora batzera. Tartean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GKE gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundea, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Calcuta Ondoan elkartea.

Kulturgintzatik ere batu dira deialdira Oreka TX, Tapia eta Leturia eta Xiberoots taldeak, eta hainbat artista: besteak beste, Maialen Lujanbio, Itziar Ituño, Joxe Mari Agirretxe, Pello Reparaz, Fernando Bernues eta Yogurina Borova.

Akademiako kide ugarik ere bat egin dute; tartean da Nekane Balluerka, EHUko errektore ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.