Nakbak 75 urte. Elkarrizketa. Rashid Khalidi. Historialaria

«Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian»

Israel «sistematikoki» ari da palestinarrak borroka armatura bultzatzen, hori baita errazen kudeatu dezakeen erantzuna, jatorri palestinarreko historialariaren ustez.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Israelen eta Palestinaren arteko gatazka bati buruz baino gehiago, Palestinaren aurkako gerraz mintzo da Rashid Khalidi historialari eta Columbia unibertsitateko irakaslea (New York, AEB, 1948), gatazka horren «izaera koloniala» nabarmentze aldera. Palestina. Ehun urteko kolonialismoa eta erresistentzia izena du haren azken liburuak: 2020an kaleratu zuen ingelesez, eta aurten gazteleraz argitaratu du Capitán Swing argitaletxeak. Hain justu, gatazkaren izaera koloniala aitortzea da, jatorri palestinarreko pentsalariaren iritziz, konponbide baterako ezinbesteko baldintzetako bat. Elkarrizketa hau egin zen egun berean hil zen Israelgo espetxe batean Jihad Islamikoko buruzagi Khader Anan, gose greban zela.

Ikusi gehiago:HIRU MENDE LAURDENEKO NAKBA

Zure azken liburua pasarte batekin hasten da: zure herenaitona baten anaia batek Theodor Herzl sionismoaren fundatzaileari 1899an idatzi zion eskutitz batekin. Zergatik da garrantzitsua?

Nire herenaitonaren anaia jakitun zegoen zer ondorio ekarriko zituen herrialde arabiar batean estatu judu bat eratzeko proposamenak. Jerusalemgo alkate izan zen agintaldi batean baino gehiagotan, Vienako Errege Unibertsitate Inperialean aritu zen irakasle, eta sionismoa aztertu zuen. Herzli esan zion juduek sufrimendu handia jasan zutela, eta, beraz, bazutela babestoki bat izateko eskubidea, baina ez Palestinan. 1899an egin zion ohartarazpena, Palestinaren errealitatea ondo ezagutzen zuela nabarmenduta. Garrantzitsua da Herzlek nola egin zion entzungor. Buruzagi sionistak behin eta berriz saiatu ziren konbentzitzen ez zutela sufrimendurik eragingo. «Ez diogu inori min egin nahi; zoriontsu egingo zaituztegu, aberatsago», esaten zuten. Baina, aldi berean, Herzlek idatzita utzi zuen bere egunerokoan palestinarrak kanporatu egin behar zirela bizi ziren lurretatik. Proiektuaren parte izan zen beti, nahitaezko aurrebaldintza bat baitzen herrialde arabiar batean estatu judu bat egin ahal izateko. Berak bazekien; sionista guztiek zekiten.

Israel eratu zenetik 75 urtera, palestinarren erresistentzia ez da desagertu. Zer-nolako bilakaera izan du kolonizazioaren aurkako erantzunak?

Hainbatetan nabarmendu dut erresistentzia ez zela batere eraginkorra izan 1936ra arte. Palestinako lidergoa gizarteko elite batek osatzen zuen, eta isilpeko diplomazia ahaleginak lehenetsi zituen britainiarrekin, edo protesta sinbolikoak. Aldiro, herritarren haserreak matxinadak pizten zituen, baina ez zen nazio mailako erresistentzia armaturik izan 1936ra arte. Erresuma Batuak arabiarren %40 eta %70 artean hil, espetxeratu edo kanporatu zituen matxinada horretan. Erresistentzia era askotara mamitu zen hurrengo hamarkadetan: modu baketsuan, protestetan, harri jaurtiketan eta indarkeria armatu gisa.

Eta gaur egun nolakoa da erresistentzia?

Gaur egun, BDS Boikotaren Desinbertsioen eta Zigorren Aldeko Mugimendua daukagu, indarkeriarik gabeko baliabideen bitartez Israeli presio egiteko helburua duena. Baina, noski, erresistentzia armatua ere bada. Israelek ez ditu protesta baketsuak nahi. Nahiago du palestinarrak terrorista modura aurkeztu, eta esan haien erasoetatik babestu behar duela. Kolonialismo guztiek bezala, sistematikoki bultzatzen dute jendea erresistentzia armatura, haientzako hori baita kudeatzen errazena. Bereziki, nazioartean. Israelek beti aurkezten baitu bere burua biktima gisa.

Palestinako gizarte zibileko erakundeek pisu handiagoa hartu dute azken urteetan?

Palestinarrak, garai historiko desberdinetan, ez dira beraien ustezko liderren arrastoaren atzetik ibili. Zein izan ziren 1936ko greba hasi zutenak? Irakasleak, intelektualak, dendariak, ikasleak... Buruzagi politikoak beste alde batera begira zeuden. Gauza bera gertatu zen Lehen Intifadan, 1987an. Lidergo nazionala ahula zen garai horietan, edo antzuak ziren taktikak ari zen bultzatzen. Eta berdin gertatzen ari da orain ere. Palestinako askapen mugimendu nazionala nahastuta, ahul eta zatituta dago. Duela hamar edo hamabost urte erretiratuak behar zuten buruzagi batzuek gidatzen dute zenbait kasutan. Mahmud Abbas [Palestinako Aginte Nazionaleko] presidente ohiaren kasua da, esaterako. Agintaldia amaitu zuen, baina hamabost urtez jarraitu du boterean. Mugimendu nazional hori agortuta dago intelektualki, moralki eta politikoki. Ez du zer eskaini.

Ikusi gehiago:Apartheida, nakbarekin jarraitzeko

Erresistentziaz hitz egiten du Hamasek, baina noren aurka ari da erresistitzen? Akordio sekretuak ditu Israelekin. Suziriak botatzen ditu sei hilabetez behin eremu hutsetara, eta Israelek eremu hutsak bonbardatzen ditu erantzun modura. Ez dira egiaz erresistitzen ari. Ezin baitute, eta ez ditut errudun egiten. Baina ez dute estrategiarik, Ramallahk [PANek] estrategiarik ez duen modu berean.

Hori ikusita, gizarte zibilak aurrerapauso bat eman du. BDS mugimendua arrakastatsua izaten ari da hainbat arlotan. Bestetik, erresistentzia armatua ere ez dago Hamasen, Al-Fatahren edo Jihad Islamikoaren kontrolpean. Kasu gehienetan, tokian tokiko taldeak dira, oinarriko militanteak. Ez daude Damaskotik, Libanotik edo Ramallahtik emandako aginduen zain. Beraz, bai. Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian, mugimendu nazionalaren gabezien ondorioz.

Zure iritziz, Israelek duen abantailarik handiena da bere proiektuaren izaera koloniala oharkabean pasatu dela askorentzat. Zein kontakizun eraiki du Israelek ehunka mila palestinarren kanporatzea justifikatzeko?

Batetik, sionismoa ahalegindu zen, bereziki, Europako eta AEBetako kristauen babesa lortzen. Biblia erabili zuten horretarako: juduak Israelera itzultzea Jainkoaren agindua denez, fededun kristau zintzoek hori babestu behar dute. Judu gehienek ez dute horretan sinesten. Eta judu erlijiosoentzat birao bat zen; izan ere, haien ikuspegitik, Jainkoak itzuliko ditu juduak Israelera, egoki denean. Une hori aurreratzen saiatzea Jainkoaren aurka egitea da.

Bestetik, zerikusi handia izan zuen europarren erru sentimenduak, mendeetan ezarri zituzten politika antisemitengatik. Ez gara ari soilik gurutzadetan egindako sarraskiez, Europa ekialdeko pogromei buruz, nazien jazarpenaz... Juduak sistematikoki kanporatu zituzten, hainbat mendez, Portugaldik, Espainiatik, Ingalaterratik, Frantziatik... Juduek, beren iruditerian, historikoki jazarriak izan diren komunitate bat osatzen dute, eta ez da asmakizun bat: historian errotuta dago. Sionismoak biktimizazio hori erabili zuen. Arma bat da Israelentzat, eta harekin beste batzuk ari da biktimizatzen.

Juduak iritsi aurretik Palestina desertu hutsa zela ere zabaldu du sionismoak.

Gezurrak eta ukazioa ere erabili dituzte. «Beraien lider guztiek alde egiteko esaten diete; ez dira egiaz herri bat; lur horretan ez zegoen inor; desertua lorarazi dugu», esaten zuten. Badakizu laranja ekoizpena zenbatekoa zen Palestinan 1914an? Gaurko 44 milioi libera esterlina [50 milioi euro baino gehiago]. Ez zen desertu bat. Hori gezur hutsa da. 700.000 pertsona bizi ziren han 1914an: ia guztiak arabiarrak.

Nola ulertu behar da herrialde arabiar batzuen eta Israelen arteko hurbilketa?

Gobernu horiek ez dira herritarren ordezkari. Askotan, kleptokraziak dira: herrialdearen baliabideak lapurtzen dituzten familia jakin batzuena da boterea. Edo diktadura militarrak dira: Aljeria, Egipto, Siria... Agintari horiek negargarri jokatu dute palestinarrei laguntza ukatuta, baina iritzi publikoak beti babestu ditu palestinarrak. Qatarko Zentro Arabiarrak urtero egiten ditu iritzi inkestak hamabi herrialde arabiarretan, eta palestinarrekiko babesa %80-90 artean dago, baita Israelekin harremanak normalizatu dituzten estatu arabiarretan ere, Saudi Arabian eta Marokon adibidez.

Ikusi gehiago:Itzulera, ukatua

Israelen politika kolonizatzaileen ondorioz, geroz eta egingaitzagoa dirudi bi estatutan oinarritutako konponbide batek. Irtenbide egokiena da hala ere, ala hobea iruditzen zaizu estatu bakarreko konponbide bat?

Oso galdera zaila da. Batetik, desira handia dago estatu propio bat izateko, bai palestinarren artean eta bai israeldarren artean. Bestetik, Israel eta haren babesleak ahal duten guztia egiten ari dira bi estatutan oinarritutako konponbidea bideraezina egiteko. 1967tik, koloniak eraikitzen ari dira etengabe lurralde okupatuetan. Beraz, argitu beharko genukeen lehen gauza da zer neurri hartuko dituzten AEBek eta EB Europako Batasunak haiek sustatu duten prozesu horretan atzera egiteko. Israelek AEBen armak erabiltzen ditu okupazio militarrari eusteko. AEBek zergetatik salbuesten dituzte Israelen kolonietara bideratutako donazioak. Europako herrialdeek uko egiten diote kolonietako produktuei boikot egiteari. Ez dute Israelen kontrako inolako zigorrik ezarri. Errealitate horren erantzule dira. Egoera aldatu nahi badute, beren esku dago. Zigor dezatela Israel berehala, okupazioari eusteko egiten duen guztiagatik, lurralde okupatuetako koloniengatik. Orduan, agian, hitz egin ahal izango dugu bi estatuen konponbideari buruz.

Halakorik ezean, estatu bakarreko konponbidea posible ikusten duzu?

Estatu bakarreko irtenbide baterako, dekolonizazioan eta eskubide berdintasunean oinarritutako egoera bat irudikatu beharko dugu, eta iruditzen zait zailagoa izan daitekeela. Zintzoki,ez dut uste laster konponbiderik izango denik, zoritxarrez. Erabateko berdintasunak izan behar du edozein irtenbideren oinarria, izan bi estatu nazionalen artean, izan estatu bateko edo federazio bateko herritarren artean. Ez dut bi aukera horietako bat bera ere egingarri ikusten orain, eta ez da palestinarrek ez dutelako nahi. Israelek Palestinako buruzagi oro hil edo espetxeratzen du, eta mintzakiderik ez duela esaten du gero. Arazoa Israelen ezezkoa da. Ez du onartzen palestinarrek juduen eskubide berak izan behar dituztela, estatu bereko herritar baitira, eta beren estatu propioa izateko eskubidea dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.