Gizadiaren aurkako delituen epaiketak Mileiren aroan

Argentinako Gobernua arrisku bihurtu da diktaduraren ostean giza eskubideen alde ezarri diren politiketarako. Preso dauden genozida batzuek zigorra barka diezaietela eskatu dute, eta lobby militarra presio egiten ari da bere epaiketak amaiarazteko.

(ID_13211548) ARGENTINA DDHH
Esma Memoriagune Museoa, Buenos Airesen, railaren 26an. Tortura gune bat izan zen diktaduran (1976-1983). MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Argentinako boterea ultraeskuinak hartu du, Javier Milei buru dela, eta horrek guztiz berregituratu du hango mapa politikoa. Ekonomian zenbait aldaketa egitea ez ezik, espero izatekoa da gobernu berriak eskua sartzea berrogei demokrazia urteotan lortutako eskubide askotan. Giza eskubideen aldeko taldeen borrokaren ondorioz, Argentina eredu bihurtu zen diktaduraren osteko berreraikitze prozesuei dagokienez; orain, ordea, arriskuan da prozesu horien segida —bai, behintzat, esparru instituzionalean—, gaur egun izugarri hedatzen eta finkatzen ari baitira, inoiz ez bezala, diskurtso negazionistak, gorroto diskurtsoak eta errepresioaren aldekoak. Joera horren ondorioz, oraingo giroak berotuta, gizadiaren kontrako delituengatik kondenatutako militar ugari eskatzen hasiak dira zigorra barka diezaietela, eta, 24 urtean lehen aldiz, Mileik kargua hartzeaz batera, Justizia Ministerioak bere izendapen ofizialetik kendu du giza eskubide terminoa.

Badirudi Argentinako presidentearen eta haren presidenteorde Victoria Villarruelen arteko harremana ez dagoela bere onenean, baina Villarruel funtsezkoa izan da hauteskunde prozesuan, eta berriro jarri du jokaleku politikoaren ardatzean jada kitatua zegoela zirudien eztabaida bat eta gai bat: estatu terrorismoaren aldarrikapena. Militarren alaba, biloba eta iloba da Villarruel, eta Argentinako ultraeskuinaren borroka kulturala astintzen ari da.

Gaur egungo egoeraz baliatuta, Milei abuztuko primarioetan garaile irten ondoren, «terrorismoaren biktimei omenaldi bat» antolatu zien Buenos Airesko legislatura probintzialean, 70eko urteetako indar matxinoen biktimak aitortzeko. Arbuio olde bat eragin zuen. Baina aste gutxi batzuk lehenago pentsaezina zirudien ekitaldi hura mugarri bihurtu zen. Segurtasunean espezialista da presidenteordea, eta gobernu berriko segurtasun eta defentsa arloak kontrolatzeko asmoa zuen, baina Mileik lortu du Villarruel arlo horietatik urruntzea, zergatik oso argi ez badago ere.

Ume txikia zela, haren aita, Eduardo Villarruel teniente koronela, Independentzia operatibora bidali zuten Argentina iparraldeko Tucumango armadako kide gisa —demokrazian hasi zen operatibo hura, eta diktaduran ere segitu zuen—, ERP Herriaren Armada Iraultzaileko gerrillarien kontra borrokatzera. Hantxe sortu zen herrialdeko lehen atxilotze zentro klandestinoa, eta baita diktadurako figurarik makurrenetako bat ere, Antonio Domingo Bussi jenerala, zeina bizi guztiko kartzelara kondenatu baitzuten. Haren seme Ricardo Bussi Askatasuna Aurrera Doa alderdiko diputatua da, eta, Villarruelek bezala, esaten du ez zela genozidiorik izan, baizik eta gerra bat; gehiegikeriak egin zirela, bai, baina ez zirela 30.000 lagun desagertu.

Presidenteordearen aita sekula ez zuten auzipetu gizadiaren kontrako kausetan, baina haren osaba Ernesto, La Tabladako III. Erregimentuko kapitaina, bai. 2015ean atxilotu zuten, El Vesubio izeneko atxilotze zentro klandestinoan zenbait delitu egiteaz akusatuta, baina azkenean ez zuten epaitu, osasun arrazoiengatik ezgai izendatu baitzuten.

Egoera berria

«Goiz ederra, ezta?». Epaiketa batean, abokatu batzuek agur horren bidez ospatu zuten Mileiren eta Villarruelen hauteskundeetako garaipena: hain justu, gizadiaren kontrako delituengatik auzipetutako hiru militar ohiren abokatuak ziren. Egoera berria aprobetxatuta, «estatu terrorismoaren alde» daudenak lasai ederrean hasi ziren adierazten beren sinesmenak, memoria guneetan ekintza bandalikoak eginez, sare sozialetan jendeari denetariko mehatxuak eginez, paretetan svastikak pintatuz, eta martxan ziren epaiketak bukaraztearen aldeko editorialak idatziz.

«Gelditu dadila mendekua. Ezinbestekoa da aspaldi-aspalditik legez kontra eta modu injustuan askatasunik gabe dauzkatenen egoera erregularizatzea»: horra La Nación egunkariaren abenduaren 15eko zenbakiko iritzi artikulu baten izenburua, lobby militarraren bozeramaile. UPMAC Militarren Batasuna-Elkarte Zibila taldekoak ere ez dira atzera geratu, Mileiri eskatu baitiote ezezta dezala Giza Eskubideen Idazkaritza.

Honela idatzia dute: «Argentinako Errepublikako biztanle guztien funtsezko eskubideak zaindu ordez, guztiz kontrara, gizadiaren kontrako delituen epaiketa direlakoak sustatu besterik ez du egin, auzi jartzaile gisa, eta epaiketa horiek maskara bat baino ez dira, mendekuzko justiziarena; izan ere, mendekuzko justizia horrek funtzio bakarra izan zuen eta du: subertsioaren kontrako gerran parte hartu zuten militarrak, segurtasun indarretako kideak eta poliziak umiliatzea».

«Beharbada, eztabaida ez da hainbeste epaiketen arlokoa, baizik eta kulturaren eta sinbolismoaren arlokoa».

GUADALUPE GODOYAbokatua

Guadalupe Godoy abokatu kereilari dabil gizadiaren kontrako delituen epaiketetan. Haren ustez, zigorrak barkatze hori asmo hutsa da oraingoz. «Askok uste dute hauxe dutela hori lortzeko garaia, eta iruditzen zait macrismoaren aroan ere ez zutela hain gertu ikusi aukera hori, baina ikusteko dago guztia. Villarruel ordezkari duen sektoreak ez ditu bere esku izango nahi zituen arloak, segurtasuna eta defentsa, eta giza eskubideen aldeko mugimenduan inork ezin du pentsatu ere egin inputatuak erabaki politiko baten ondorioz libratuko direnik, hau da, gobernuak hala erabakita. Beldurra gehiago da ea beste olde batek legitimitatea kenduko ote dion giza eskubideen aldeko mugimenduari. Izan ere, Villarruelek aipatu izan du gizadiaren kontrako delituen epaiketen industria. Eta beste hau ere ikusteko dago: ea benetan prest dauden erasoaldi batez beste deabrua epaitzeko».

Mileik hauteskundeak irabazi aurretik eta, beraz, Argentinako mapa politikoa oraindik eraldatu gabe zegoela, diputatuen ganberako giza eskubideen batzordea proiektu sorta bat lantzen hasi zen, olatu negazionista geldiarazteko asmoz. Hartu zituzten neurrien helburua zen, batetik, estatu terrorismoaren aldarrikapenak mugatzea, eta, bestetik, antinegazionismorako lege bat sustatzea, Alemaniakoaren modukoa.

Dena den, aditu batzuen arabera, Daniel Feierstein ikertzailearen aburuz esate baterako —zeinak eztabaida horretan parte hartu baitzuen—, batzorde haren helburua da adostasuna lortzea batez ere politikoa den gai baten inguruan, eta ez hainbeste jendea zigortzea. Godoy bat dator horrekin: «Ni bat nator nire organismoaren iritziarekin, hau da, Giza Eskubideen Aldeko Argentinako Ligarekin, eta guk proiektu guztien aurka egin genuen, uste baitugu diktadura garaian gertatutakoaren inguruko eztabaida arlo politikoari eta memoriaren pedagogiari dagokiola, eta ez zigor arloari. Gainera, hala nahiko balitz, delituaren apologia deritzonean oinarrituta jarri ahalko lirateke zigorrak. Gaur egun, Argentinan modu zabalean dago frogatuta sarraskietarako plan sistematiko bat egon zela; beraz, hori hutsaltzen duten begiradak, begirada negazionistak eta halakoak ez dira onartzen. Genozidioa delitu bat da; hortaz, genozidioa aldarrikatzen duena apologista bat da».

«Memoria osoa»

Villarruelek ibilbide luzea egin du «memoria osoa» deritzotena aldarrikatzen duten taldeetan. 2000n, Memoria Osoaren Aldeko Argentinarrak elkartean parte hartu zuen; 2006an, Villarruelek berak sortu zuen Terrorismoaren eta haren Biktimei buruzko Ikerketa Legalen Zentroa izeneko gobernuz kanpoko erakundea (Celtyv), gizadiaren aurkako krimenengatik egindako epaiketak berriro abiarazi izanaren kontrako erreakzio gisa.

Presidenteordeari kritikak egin izan dizkiote, halaber, Jorge Rafael Videla diktadoreari kartzelara egin zizkion bisitengatik eta Miguel Osvaldo Etchecolatz errepresiogileak idatzitako oharretan agertzeagatik —bizi guztiko bederatzi espetxe zigor ezarri zizkioten—, gizadiaren aurkako krimenen inguruko epaiketetarako defentsa prestatzen zuen bitartean.

«Zilegi da eztabaidatzea ea egokia izan ote zen 70eko hamarkadan borroka armatua hautatzea zenbait erakunderen ekintzei zegokienez, baina alor judizialean epaitzen ari garena zera da, diktadura genozidak egindako sarraskietarako plan sistematikoa; gainerakoa eztabaida politikoa eta historikoa da», adierazi du Godoyk. Nabarmentzekoa da Argentinak diktaduraren ostean abiatutako memoriaren, egiaren eta justiziaren aldeko prozesua, zeina erreferente bihurtu baita munduan. Hala ere, ultraeskuina etenik gabe indartu izanaren ondorioz, azken urteotan sektore batzuek zalantzan jarri dituzte demokraziaren oinarrizko arau batzuk.

Halaber, eskuina indartu izanak nabarmen atzeratu du ia hogei urteko prozesu zail eta gorabeheratsu hori. Gainera, hainbat preso genozida aske geratu ahal izatea ekarri du, gizadiaren aurkako krimenen inguruan abian dauden epaiketak geldiarazi ditu, beste epaiketa batzuk ezin martxan jartzea eragin du, eta atzerapauso handia izan da aurrerapen sinboliko eta materialei dagokienez.

(ID_13389446) ARGENTINA TRANSICIÓN
Victoria Villarruel Argentinako presidenteordea eta Javier Milei presidentea, azaroaren 29an, Kongresuan. ARGENTINAKO KONGRESUA / EFE

Hau da, duela hilabete batzuk arte, hauek ziren giza eskubideen erakundeen eztabaidagaiak, besteak beste: oraindik bizirik dauden genozidak zigortzeko epaiketak bizkortzea; etxeko espetxealdia atzera botatzen saiatzea, hartara preso dauden errepresiogile espetxeratuek kartzela batean bete dezaten zigorra, eta ez etxean; eta diktaduraren arlo zibilaren inguruko kontuetan aurrera egitea. Gaur egun, aldiz, haien helburua da urteetako borrokan konkistatutakoari eustea, gutxienez.

Godoyk urteak daramatza kereila abokatu gisa horrelako epaiketetan. Haren ustez, ez dago arrisku handirik preso genozidak aske utz ditzaten: «Hamazazpi urteko jurisprudentzia dago gai horri dagokionez, eta estatu aparatuak egindako krimenak baino ezin dira epaitu. Beharbada, eztabaida ez da hainbeste epaiketen arlokoa, baizik eta kulturaren eta sinbolismoaren arlokoa».

Gainerakoan, Godoyk onartu duenez, urteak daramatzate aparatu judizialaren berezko konplexutasunei aurre egiten, zeinak macrismoaren garaian larriagotu baitziren, eta adierazi du Guztien Frontearen —kirchnerismoaren— azken gobernu aldi honetan ere ez dutela hobekuntza nabarmenik izan.

Arazo batzuk lehendik zetozen. «Batetik, pandemiaren birtualtasuna irauli ez izana; bestetik, epaile gehienak subrogazioz aritzea, ez zirelako epaile titularrak izendatu; gainezka daudenez, oso entzunaldi gutxi egiten dira, eta epaiketak hiru-lau urte luzatzen dira. Baina, nahiz eta botere judizialari ez dion eragiten giro politikoak, bere mugak ditu, eta horren inguruko ikuspegi bat ere bai, eta hori ez da egun batetik bestera aldatzen. Alde horretatik, nahiz eta ezin dudan jakin zer gertatuko den, ez dut nahi inor larritu, baizik eta tentuz jokatzeko beharra azpimarratu. Aldaketa bat bera ere ez da bat-batekoa izango, ezta berehalakoa ere; izan ere, urte hauetan guztietan legitimitate handia eraiki dugu justiziaren jokalekuan, eta hori ez da erraz suntsitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.