Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du Israelek Gaza iparraldea suntsitu nahi duela «heriotzen eta desplazamenduen bidez»

Israelgo Segurtasun ministroak «beren borondatez» Gaza uzteko eskatu die palestinarrei. Gutxienez, 70 lagun hil dituzte han gaur eginiko erasoetan.

Israelgo soldaduak, Gazan. EFE
Israelgo soldaduak, Gazan. EFE
Ion Orzaiz - Aitor Garmendia Etxeberria
2024ko urriaren 21a
17:55
Entzun

«Kezka» adierazi dute OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bulegokoek, Israelek Gaza iparraldean egin dituen azken erasoen kontura. Al-Jazeera hedabideak argitara eman duenez, NBEren bulegoan uste dute Benjamin Netanyahuren gobernuak Gaza iparraldeko probintziak jendez husteko asmoa izan dezakeela, «hilketen eta desplazamenduen bidez».

Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun ministro ultraeskuindarrak ez du asmo hori ezkutatu. Berriro Gazan kokatzeko prestatzen izeneko mitinean egin dituen adierazpenetan, Gaza «beren borondatez» uzteko eskatu die zerrendan bizi diren palestinarrei: «Beste herrialde batzuetara joateko aukera eskaintzen diegu, lurralde hori [Gaza] gurea baita». Aurrez ere esan zituen antzeko hitzak Israelgo beste ministro ultraeskuindar batek, Bezalel Smotrich Finantza ministroak.

Gaur, gutxienez, 70 pertsona hil ditu Israelek Gazako zerrendan. Al-Jazeera hedabideak eman du zenbakia, iturri ofizialak aipatuz. Iluntzean eguneratu du hildako kopurua, hasieran emandakoa baino handiagoa izan baita. NBE «bereziki kezkatuta» dago Jabalia, Beit Hanoon eta Beit Lahiya herrien egoeragatik: larunbatean, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi zuen gutxienez 37 palestinar hil zirela Jabaliako azken bonbardaketan, baina litekeena da askoz gehiago izatea, 87 lagun baitaude desagerturik. Azken hamazazpi egunetan, 640 palestinar hil ditu Israelek zerrendaren iparraldean, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Gune horretan gaur Israelgo armadari eraso egin diola jakinarazi du Hamasek bere Telegram kanalean. Datu zehatzik eman ez badute ere, jakinarazi dute zenbait soldatu hil eta zauritu dituztela.

Bestalde, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu du Israelek oraindik ere eragotzi egiten duela Gaza iparraldera laguntza humanitarioa iristea. Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendari nagusiak X sare sozialean zabaldutako mezu batean adierazi du Tel Avivek ez diela uzten misio humanitarioei «oinarrizko hornigaiak» zerrendaren iparraldera eramaten. Gaur Jabalian egindako erasoetako batek UNRWAren ikastetxe bat izan du jomuga.

Sinwarren heriotza, «abagune»

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak telefonoz hitz egin du gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin. Eliseokoek zabaldutako oharraren arabera, Macronek bake negoziazioak bizkortzeko eskatu dio Netanyahuri. Frantziako presidenteak uste du une egokia dela su etena negoziatzeko, joan den ostegunean Israelgo armadak Yahya Sinwar Hamaseko buruzagia hil ostean: «Sinwarren garbiketak negoziazio fase berri bati ekiteko eta Gazan su etena ezartzeko abagunea izan behar du».

Helburu berarekin, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Ekialde Hurbilera joango da gaur. Estatu Idazkaritzak zabaldutako oharrak ez du zehazten Israelez gain zein herrialde bisitatuko dituen, baina ostiralera arte iraungo du Blinkenen bidaiak. Oharraren arabera, Gazako gatazka amaitzeko akordio bat lortzeko asmoz egingo du bidaia. Iazko urritik Ekialde Hurbilera egiten duen 11. bidaia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.