Hirurogeita hamar dira jada ekainaren 24an Melillako hesia igarotzeko ahaleginean desagertutakoak, Giza Eskubideen Marokoko Erakundeak jakinarazi duenez. Horietatik hamar hildako gisa identifikatu dituzte, erakundeak egin duen ikerketa batean.
Ekainaren 24an 1.500 migrante inguru saiatu ziren Melillako muga zeharkatzen; 37 hil ziren, eta 500 inguruk lortu zuten muga pasatzea. Gehienak, ordea, Marokora bueltatu zituen Espainiako Poliziak momentuan bertan, legez kanpo. 133 izan ziren Melillan geratzea lortu zuten migranteak. GKEek salatu dutenez, Espainiako Poliziak bueltatu zituenetako asko Marokok beste herrialde batzuetara edo basamortura kanporatu zituen autobusetan sartuta, asko larri zaurituta zeuden arren.
Melillan lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek Espainiako eta Marokoko gobernuei gertatutakoaren ingurukoa ez ikertzea leporatu diete askotan, eta Europako Legebiltzarrak ere Espainiako Barne Ministro Grande-Marlaskari «gonbitea» egin dio bertan gertatutakoaren inguruko argipenak emateko. Aste honetan zenbait hedabidek aditzera eman dutenez, Legebiltzarrak lau data proposatu dizkio jada Barne Ministroari, baina hark oraindik «ez du argitu» hitzordura joango den.
75 migrante epaitu dituzte
Bestalde, hesia igarotzea lortu ez zuten migratzaileetatik 75 epaitu ditu Marokoko Gobernuak. Lau tandatan banatu dituzte epaiketarako. Batetik, Nadorreko Lehen Instantziako Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri zien uztailaren 19an 33 migratzaileri. Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, «pertsonak Marokora legez kanpo atera eta sar daitezen antolatzea eta erraztea», eta Polizia «iraintzea eta desobeditzea» egotzi zieten.
Abuztuaren 4an, epaitegi berak zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien beste 14 migratzaileri, «indarkeria eta agintarien aurkako delituak, desobedientzia edo funtzionario publikoei irainak» egitea egotzita. Hain zuzen, Marokok ekainaren 24ko saiakeraren aurreko egunetan Nador inguruko mendietan egindako sarekadetan atxilotu zituzten 14 etorkin horiek.
Abuztuaren 17an, epaitegiak bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien beste 13 migratzaileri, «migrazio klandestinoa antolatzeko talde kriminala eratzeagatik, indar publikoen aurkako indarkeriagatik, eta desobedientziagatik eta jende pilaketa armatua antolatzearren», besteak beste.
Azken taldea, berriz, epaiketaren zain dago oraindik. Irailaren 21ean izango da, eta gainontzekoei baino kargu larriagoak leporatzen zaizkie 15 etorkini. Hamar delitugatik epaituko dituzte, horien artean hesia igarotzeko saiakeraren aurretik polizia agenteak «beraien borondatearen kontra atxikitzea». Izan ere, Efe albiste agentziaren arabera, migratzaile batzuek Marokoko bost polizia bahitu zituzten hainbat orduz, «agintariak kanpamentuaren setioa altxatzera behartzeko, atxilotu zituzten kide batzuk askatzeko eta elikagaiak eta sendagaiak ematea eskatzeko».