Argazkilari-kazetaria

Anna Margueritat: «Gisele Pelicot ez dute babestu galde umiliagarri eta apalgarrietarik»

Anna Mergueritat argazkilari-kazetari frantsesak 'Pelicot auzia' jarraitzen du Avignongo (Okzitania) auzitegian. Instagramen kontakizun hariak idazten ditu astero, eta milaka jendek segitzen dute.

Anna Margueritat argazkilari-kazetalaria. BERRIA
Anna Margueritat argazkilari-kazetalaria. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Irailaren 2an hasi zen Mazango (Okzitania) bortxaketen auzia edo Pelicot auzia, Avignongo auzitegian (Okzitania), eta abendura arte iraun dezake. Berrogeita hamar bat gizon dira auzipetuak Gisele Pelicot bortxatzeagatik. Haren senar Dominique Pelicotek urteetan zabaldu zituen emazteaz abusatzeko gomitak Interneten; senarrak emaztea drogatu eta kontzientziarik gabe ezarri ondoren gertatu ziren bortxaketak, eta Dominique Pelicotek bideoz grabaturik atxiki ditu guztiak. Auziko elementu nagusia dira bideoak. Inkesta egileengandik gertatu zitzaionaren berri jakin zuen Gisele Pelicotek. Hark auzia plazaratzea erabaki zuenean, argi izan zuen Anna Margueritat argazkilari-kazetariak (Chatenay-Malabry, Frantzia, 1999) jarraitu behar zela han errana zena, zabaltzeko. Bi auzi saioren artean erantzun ditu galderak, trenean zela.

Zergatik erabaki zenuen Mazango bortxaketen auziaren jarraitzea?

Ez nuen batere aurreikusi auzia jarraitzea. Gisele Pelicotek auzia ateak zabalik egitea galdegin zuelarik, publikoa izan zedin, horrek bultzatu ninduen etortzera. Emazte bezala, feminista bezala, sexu indarkeriaren biktima bezala, munta handikoa zitzaidan horren berri ematera jitea. Funtsean, biktima anitzek diote minen eztitzeko balio diela.

Halako auziek zerbait alda dezakete gizartean?

Zerbait ekartzen dute. Gero, betiko galdera badut: zer heinetako ekarpena? Hain da ohiz kanpoko afera, jendeak pentsa baitezake: «Holakoak dira egiazko bortizkeriak!». Beraz, hain ohiz kanpokoak ez liratekeen bortizkeriak bazter utziak lirateke.

Bortxaketaren kulturaren gaineko eztabaida ekar dezake?

Frantzian asko hitz egiten da bortxaketaren definizioaz, eta legean onespenaren nozioa sartzeaz. Uste dut auziak horren inguruko gogoeta ekarriko duela.

Ideia erreakzionarioek hartu duten lekua ikusita ere bai?

Segur da politikoki itxaropena atxikitzea neke dela. Harrigarri da politikarien artean zer isiltasun den auzi horri buruz. Ez da izan hitzaldi politikorik Gisele Pelicoten sustenguz. Eskuin muturra entseatu zen auzia errekuperatzen politikoki, baina laster utzi dute, ohartu baitira ez zuela eginen beren ideia arrazisten alde. Espainiako La Manada auziari buruz pentsatzen dugu maiz. Espainiako lankide batzuek ere erran didate Espainian denek aipatzen dutela Pelicot auzia, han ukan dutelako jada auzi bat kontzientziak aldatu eta mobilizazio anitz piztu dituena. Frantzian ere, itxaropena ukan dezakegu Pellicot auzia aski lazgarria izatea sexu indarkerietarik urrun diren jende batzuk sentsibilizatzeko.

Artikulu batean, deskribatu duzu auzitegi barneko giro matxista oso astuna, akusatu guztiak gelan zirelarik.

Anitz idazle eta soziologo feministak jada deskribatu duten boys club-aren irudia agerian baita. Gauza beraren inguruan bilduak diren gizon batzuen artean sor daitekeen konfiantza hori. Hor bilduak dira gizonak direlako denak eta gehienek uste dutelako gizon berak manipulatu dituela; Dominique Pelicot daukate etsai komun. Elkarri loturik dira. Gero, gelan lau baizik ez badira, espantuak sartzen zaizkie. Harrigarri dena da duten misoginia ez dutela auzitegi kanpoan utzi. Aski da ikustea nola so egiten dieten emazteei, zer komentario egiten duten... Emazte gisa, auzi hori ez dugu berdin bizi, iduritzen baitzaigu haien harrapakina izan gintezkeela.

Zer heinetaraino auzitegiak neurria hartu dio biktimaren egoerari?

Horretan dugu ikusten arazoa ez zela mutur onetik hartu. Epaimahaiburuak berak Gisele Pelicoti hastetik erran dio: «Zure sexualitateari buruzko galdeak eginen dizkizugu, zeren eta bortxaketaz ari garenean sexualitateaz ari gara». Alta, badu urteak talde feministek oihukatzen dutela bortxaketa ez dela sexualitatea, bortizkeria eta zapalkuntza baizik. Beraz, arazoa ez denez alde onetik hartu, Gisele Pellicot ez dute babestu galde umiliagarri eta apalgarrietarik. Akusatu batzuk ausartu dira erratera «joko libertino» horretan konplize zela Gisele Pellicot bera. Holakoetan, epaimahaiburuak ez du bete dagokion moderatzaile rola.

Beste zerbait adierazgarria iruditu zaizu auzi horretan?

Dominique Pelicoten izaerak harritu nau. Hark dio bere familiari, emazteari, daukan A aldea erakutsi diela, eta erasotzailearena bere B aldearen zati bat dela. Ageri da auzitegian A aldea erakutsi nahi duela —gogoetatzen duenarena, egindakoak aitortzen dituena—, eta, artetan, tinta arrailtzen hasten da eta bortizki erantzuten hasten da, eta berehala barkamena galdegiten. Ikusi beharko da hilabete bat baino gehiagoko auzi horretan ez denetz lehertuko, besteak beste bere alabarekin; intzestu susmoak baitira, argazkitan atera baitzuen biluzirik. Duela bi aste, ziklista larru-haseko bat bazuen soinean Never give up (Inoiz ez etsi) zekarrena. Bere jarreran etengabeko probokazio bat bada.

Auzi hori Instagramen kontatzen duzu astez aste.Zergatik forma eta tresna hori?

Eskuragarritasunagatik. Bi lankidek hari bat bazuten Twitterren; nik ez dut Twitterren aritu nahi; beraz, ezagutzen dudan sare sozialean sartu naiz, Instagramen hots. Nahi nuen informazioa jendeengana hel zedin. Auzitik sartzean, ohartzen nintzen sarean ziren artikulu bakarrak ordainduz zirela. Horretan egin dut: «Auzia publikoa da: informazioak ere publikoa izan behar du». Harritu naiz uste baino aise jende gehiagok segitzen baitute, geroztik, nire kontua [46.186 jarraitzaile]. Kontrakoa izanen zela uste nuen.

Noiz eta nola hasi zinen argazki-kazetari?

Badu hiru urte pasatuxerik argazki-kazetari naizela. Borroka sozialen eta politika gaien berri ematen dut nagusiki; gehienik, Parisekoak. Jaka Horien mugimenduaz geroztik, manifestazio franko jarraitu ditut. Horrez gain, emazteen eskubideei lotu gaietan ere berezitu naiz; baita erbesteratuen eskubideetan eta polizia bortizkerien kontrako borroketan ere.

Argazkilari gisa, beraz?

Argazkilari gisa ari naiz, eta bideoak ere egiten ditut. Zinema ikasketak egin nituen hasieran, eta bideoari atxikia natzaio. Eta azken hilabeteetan gero eta gehiago idazten ari naiz; beraz, erredaktore gisa.

Gaur egun Frantzian den giro politikoan zer baldintzatan landu daitezke halako gaiak kazetaritzan?

Gero eta zailago da, polizia errepresio gero eta bortitzagoari buru egin behar diogu eta. Irudi batzuk zabaldu daitezen nahi ez duten poliziak dira trabarik handiena, askotan. Egiten dugun lana ez zaie komeni.

Irudiena borroka bat bilakatua delako?

Ohartzen gara irudiek gero eta pisu handiagoa dutela polizia bortizkerien inguruko auzietan. Askotan, auzirik ere ez zen izanen ez balitz izan norbait irudien grabatzeko. Iazko Nahelen erailketa dut gogoan [Nahel Merzouk tiroz hil zuen hurbiletik Frantziako polizia batek, Nanterre hirian, 2023ko ekainaren 27an]. Bideo hori ez balitz izan, naski guztiz beste gisan gertatuko ziren gerokoak. Nahiz, hor ere, arras zaila gertatu den polizia agentea zigortua izatea.

Emaztea izateagatik bestelako jarrera bat sentitzen ote duzu zure aldera kazetari lanetan?

Bai, sentitzen dut, ezen mundu oso maskulinoa da. Emazte argazkilari guti gaude, bereziki manifestazioetan edo lanjerostzat dauzkaten eremuetan. Ez gara beti ongi etorriak, eta borrokatu behar dugu toki bat erdiesteko. Gero, beharrik, lankide anitzen artean elkartasun handiak badira kazetari batek bortizkeriak pairatzen dituenean. Emazte gisa, egia da polizia batzuek desberdinki jokatzen dutela nirekin; dragatze saiakera batzuk gerta daitezke. Doi bat hastiala da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.