Giroa are gehiago gaiztotu da Kanakyn, lider independentista bat atxilotu dutela eta

Poliziak Tein lider independentista eta beste hamar pertsona atxilotu ditu, «krimen antolatuko» sare bateko kideak izatea eta iragan maiatzeko protestetan zenbait delitu egitea leporatuta.

Kanakyko herritar batzuk hautesle erroldaren aurkako elkarretaratze batean, joan den hilean, Noumean. LUDOVIC MARIN / EFE
Kanakyko herritar batzuk hautesle erroldaren aurkako elkarretaratze batean, joan den hilean, Noumean. LUDOVIC MARIN / EFE
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 20a
14:00
Entzun

Kanakyn hautesle errolda handitzeko erreformaren kontrako protestak hasi zirela hilabete igaro den honetan, barealdia behin-behinekoa eta hauskorra da Frantziaren menpeko Pazifikoko uhartedian. Atzo goizean Christian Tein lider independentista eta beste hamar pertsona atxilo eraman zituen Poliziak, eta horrek nabarmen gaiztotu du giroa. Iragan maiatzeko protesten harira, Yves Dupas Kaledonia Berriko fiskalburuak horiei guztiei leporatu die «krimen antolatuko» sare bateko kideak izatea; eta, besteak beste, «barrikadak antolatzea» eta «suteak eragitea». Gehienez ere 96 orduz izan ditzakete atxilo.

CCAT Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldeko burua da Tein, Kanakyko mugimendu independentistako liderrik esanguratsuenetako bat. Nouvelle-Caledonie La Premiere hedabideak jakinarazitakoaren arabera, prentsaurreko bat emateko prestatzen ari zela eraman zuten preso, UC Kaledoniar Batasuna alderdiaren egoitzan zegoela.

Tein atxilotu eta gutxira, prentsa oharra kaleratu zuen UCk, atxiloketak salatzeko: «Frantziako Gobernuak aurrera jarraitzen du mugimendu independentistak beldurtzeko maniobrekin; independentziaren aurka egiten duten taldeak eta milaka kriminal, berriz, erabat aske bizi dira». Alderdiko presidente Daniel Goak, bestalde, lasaitasunerako deia egin zien CCATko manifestariei, eta gazteei aholkatu zien «ez erantzuteko halako probokazioei».

UC kide den koalizioak ere, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak, deitoratu egin zituen «ausazko» atxiloketak, eta, atzo arratsaldean zabaldutako prentsa oharrean, hauxe nabarmendu zuen: «Tentsio eta haserre handiko une batean gaude. [Frantziako jarduneko presidente Emmanuel] Macronen gobernuak desafio egiten jarraitzen du». Koalizio independentistak «krisiaren irtenbide politiko baten alde» egin du asteotan, baina birritan esan dio Parisi ez duela «gehiegikeriarik onartuko».

«Frantziako Gobernuak aurrera jarraitzen du mugimendu independentistak beldurtzeko maniobrekin».

UC Kaledoniar BatasunaKanakyko alderdi independentista

Macronek ez du ezer esan atzo goizeko atxiloketen inguruan. Horiek baino ordu batzuk lehenago, ordea, gutun bat bidali zien Kanakyn bizi diren 270.000 inguru biztanleri, eskatzeko «bertan behera» utz ditzatela errepideetako piketeak. Are, nabarmendu zuen hautesle erroldaren erreformarekin aurrera egiteko prozesua «behin-behinean» etenda dagoela. Bestalde, uhartediko aireportua ireki dute asteon, eta etxeratzeko agindua 18:00etatik 20:00etara luzatu dute.

Gaur egun, soilik Noumeako Akordioari buruzko erreferendumeko erroldan izena emana zuten herritarrek eta haien ondorengoek bozkatu dezakete —1998an egin zuten galdeketa—. Oraingo erreforma hau onartuko balute, berriz, uhartedian jaio direnek eta gutxienez hamar urtez han bizi direnek ere izango lukete botoa emateko aukera. Macronek lege proiektua behin-behinean eten aurretik, Frantziako Asanbleak eta Senatuak dagoeneko onartuta zeukaten testua. Orain, ikusteko dago bozen ondoren erreforma berreskuratuko duten ala ez.

Bozen atarian

Frantzian datorren astean dira Asanblearako hauteskunde orokorren lehen itzulia egitekoak, hilaren 30ean, eta hauteslekuetara deituta daude botoa emateko eskubidea duten Kanakyko herritarrak, noiz eta tentsioa eta haserrea borborka dauden honetan. Abagune horretan, Kanakyko hautesleen parte hartzearen kezka da nagusi; batez ere, Europako Parlamenturako hauteskundeetan gertatutakoari erreparatuta: uhartediko hautesleen %86 abstenitu ziren.

Mugimendu independentistek gogor kritikatu dute bozak aurreratzeko erabakia, argudiatuta, Frantziako eta hango egunkariek jaso dutenez, uhartediaren etorkizun politikoari berrekitea izan beharko litzatekeela Frantziako Gobernuaren lehentasuna. Eta independentziaren aurkako alderdiek ere antzera uste dute. «Guretzat, hauteskunde kanpaina baterako unerik txarrena da», esan dio Le Monde egunkariari Renaissance alderdiko diputatu Philippe Dunoyerrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.