Giro gatazkatsuan aukeratuko dute gobernua Kirgizistanen

Egungo behin-behineko agintearen alde eta aurka direnek 120 legebiltzarkide eta lehen ministroa hautatzeko bozkatuko dute

2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gatazka giro biziaren artean gertatzekoak dira gaur Kirgizistanen deitu dituzten Legebiltzarrerako hauteskundeak. Iragan apirilean, herritar matxinada batek Kurmanbek Bakiev presidenteaboteretik kendu zuenetik, Roza Otunbaieva buru duen behinbehineko aginteak ditu boz horiek paratu. Bakievek, baina, jarraitzaileak baditu oraindik, eta Parlamentuko 120 aulkietara lehiatuko diren 29 zerrendetatik batzuk haren aldekoak dira.

Ekainean, erreferendum baten bitartez, onartutako Konstituzio berriaren ildotik, 120 diputatuk osatutako legebiltzarra izango da demokrazia parlamentari baten euskarria. Horrek onetsiko duen lehen ministroak herrialdeko presidenteak baino botere gehiago izango ditu. Gisa horretara, Kirgizistanek buelta emango lioke Bakiev presidente ohiak 2005. urtetik, baita haren aurretik ere, boterean egondakoek bideratutako aginte presidentzial autokratiko baten ereduari.

Gaurko bozetara 2,8 milioi hautesleen aurrean lehiatzen diren 29 zerrendetan, Otunbaievaren behin-behineko agintearen aldekoak badaude, baina baita aurkakoak ere. Bixkekeko gaur egungo gobernua sustatzen dutenen artean Ata Meken eta SDPK alderdiak daude. Horiek Konstituzio berriak finkatutako demokrazia parlamentariaren sustatzaileak dira. Bakieven lehen ministro izan zen Felix Kuloven Ar-Namys alderdiak, aldiz, presidentea eta gobernua ez daitezen erabat Parlamentuaren menpeko izan aldarrikatzen du.

Bakieven jarraitzaile eta gaur egungo agintearen aurkakoa da, aldiz, Ata Jurk muturreko alderdia. Hori kirgizen babesle suhar agertzen da, eta herrialdean bizi diren beste gutxiengo etnikoen aurkako bazterketa neurriak gauzatu nahi ditu. Jarrera horrek ondorioak dakarzkio, eta joan den asteazkenean Ata Jurken Bixkeko egoitzari eraso egin zioten dozenaka lagunek. Anartean, inkesten arabera behintzat, Ata Jurkek, Ar-Namys, Ata Meken, SDPK eta beste bizpahiru indar politikok soilik lukete hautetsiak lortzeko erdietsi beharrekoa den botoen %5eko neurria gainditzeko aukerarik.

Oxeko liskarren zauriak

Bozketa horien ostean eratuko den aginteak Bakieven aldekoeneta kontrakoen arteko ezinikusiaz gain, beste arazo larri bati ere konponbiderik aurkitu beharko dio. Hau da, Kirgizistan hegoaldean kokatua den Ox hirian eta inguruetan iragan ekainean gertatu ziren liskar odoltsuek eragindako zauri biziak sendabidean jartzea. Gatazka haietan, kirgiz herritarrak uzbeko jatorriko gutxiengoari oldartu zitzaizkion. Istilu larri eta gogor haietan, 400 eta 2.000 lagun bitartean hil ziren, hainbat iturriren arabera.

2011 amaiera arte boterean egotekoa den Rosa Otunbaievak bakea egiteko eta bozkatzera joateko deia egin zien atzo herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.