Ginea Bissautik Kanarietaraino joan nahi zuten 70 lagun ito dira itsasoan

Afrika mendebaldeko kostaldetik errefuxiatuz betetako gero eta ontzi gehiago itsasoratzen dira

Kristina Berasain Tristan.
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mediterraneoko ibilbidean erreskate ontzirik ez egoteak bestelako zeharkaldi batzuk egitera behartu ditu immigranteak, tartean garai batean erabiltzen zituztenak eta zaintza zorroztu zutenean baztertutakoak. Afrika mendebaldeko kostaldea da horietako bat. Ginea Bissautik, esaterako, hainbat txalupa atera dira uda honetan, eta arazoa da kostalde horretan ere ez dagoela erreskate ontzirik. Inork ez daki zehazki zenbat itsasoratu diren bide horretatik, eta horietatik zenbat ito diren. Astelehenean gutxienez 70 iheslari zeramatzan ontzi bat hondoratu zen. Victor Siga Batista kostazainen kapitainak atzo eman zuen gertakariaren berri, salatuz ez dutela baliabiderik erreskateak egiteko: «Penagarria da, baina hondoratzeen berri emateko baino ez gaude, ezin dugu ezer egin biktimengatik, ez baitugu ez gasolinarik, ez patruila ontzirik».

Ginea Bissauk Senegal eta Ginearekin egiten du muga, eta munduko estatu pobreenetako bat da. Agintariek esan dute ez dakitela itsasoratutako lagunen jatorria, eta Kanaria uharteetara iritsi nahi zutela.

Marokotik ere errefuxiatuz betetako gero eta ontzi gehiago itsasoratzen dira, eta gobernuak esan du «gainezka» egin dutela zaintza zerbitzuek. Europako Batasunari laguntza «iraunkor eta etengabea» eskatu dio egiten ari diren zaintza lanak «urtero 200 milioi euroko» gastua dakarkiola argudiatuz. Rabatek Brusela estutu ohi du immigrazioaren auziarekin, giza eskubideen alorrean egiten dituen urraketen kritikak saihestu aldera. Maroko iparraldetik hegoaldera deportatzen dituzten immigranteez, esaterako, ez dute nazioartearen salaketarik jaso. Jalid Zeruali Migrazio eta Muga Zaintzako zuzendariak, zentzu horretan, ukatu egin du errefuxiatuak deportatu izana: «Marokok ez ditu pertsona hauek kartzelatzen, ez eta basamortuaren erdian uzten, hegoaldeko hirietara lekualdatzen ditugu soilik, neurri eragozle gisa».

'Aquarius' ontzia Marseillan

Aquarius ontzia, berriz, atzo iritsi zen Marseillara. Sos Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen duten ontziak astebete eman zuen porturatzeko zain azken erreskatea egin ostean. Erakundeok kanpaina bat abiatu dute nazioartean, herrialderen batek nabigatzeko bandera eman diezaien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.