Zalantza gutxi utzi dute AEBetako hauteskundeek. Esanda zegoen aurretik zazpi estatutan egongo zela hurrengo presidentea hautatzeko giltza, eta zazpietan Donald Trumpek irabazi du. Azken garaipena bart izan du. CNN telebista kateak eta Associated Press albiste agentziak jakinarazi dute, Arizonari dagozkion 11 botoak ere bereganatu dituela hautagai errepublikanoak, estatu horretan garaipena eskuratuta.
Azkenean 312 boto izango ditu Trumpek presidentea aukeratzeko bozketan. Arizonan ez ezik, Wisconsinen, Michiganen, Pennsylvanian Georgian, Ipar Carolinan eta Nevadan ere irabazi ditu bozak. Kamala Harris hautagai demokratak 226 ordezkari izango ditu urtarrileko bozketan. Aipagarria da Arizonako emaitza, 2020an 10.457 botorengatik galdu baitzuen han Trumpek, Bidenen mesedetan.
Arizonak joera errepublikanoa izan du historikoki, eta 2016an ere Trumpek irabazi egin zuen, Hillary Clintonen aurka. 2020an, Joe Bidenen garaipenaren ostean, Trumpek iruzurra salatu zuen estatu horretan, eta horrek hauteskunde osteko giroa asko nahastu zuen, eta tentsio horrek hilabete batzuk geroago jo zuen goia, Trumpen jarraitzaileek Kapitolioan sartu baitziren. Bidenen agintaldi osora zabaldu zuten gero iruzurraren susmoa.