NBE Nazio Batuen Erakundeak, GIB birusaren inguruan aurkeztutako txostenean, aurten denera 33 milioi infektatu izango direla aurreikusi du. Kopuru hori iazkoa baino txikiagoa da: NBEk jakinarazi zuen iaz ia 40 milioi lagun kutsatuta zeudela. Baina, aurtengo txostenean NBEk azaldu duenez, hainbat herrialdek iaz berez ziren baino GIBdun gehiago zenbatu zituzten. Aurten zenbaketa beste modu batean egin dute, eta kutsatutakoak gutxiago izatea eragin du horrek. India izan zen 2006an egiazko kopuruari GIBdun gehien gehitu ziona: 5,7 milioi kutsatu zeudela aditzera eman zuen, eta, berez, 2,5 milioi kutsatu zeuden.
Bestela ere, oro har, GIB birusak kutsatutakoen kopuruak behera egin du. 1990eko hamarkadaren amaieran urtean hiru milioi lagun gehiago kutsatzen zituen birusak, eta aurten kopuru hori 2,5 milioira jaitsiko dela aurreikusi dute txostenean. Hainbat herrialdetan segurtasunera bideratutako neurri gehiago hartzen ari direla azaldu dute, eta fruitua ematen ari direla. Herrialde horien artean, NBEk Kenya eta Zimbawe azpimarratu ditu. Hala ere, hainbat herrialde kutsatzeak saihesteko ahaleginak egiten ari diren arren, Afrika da GIBdun gehien duen lurraldea: munduko kutsatuen %68 Afrikan daude.
Datu onen artean, nabarmendu behar da gaixo daudenen bizi-itxaropena handitu dela. Egungo sendagaiek bizirik irautea errazten diete gaixoei. Horrek egiten du, hein handi batean, GIBdunen kopurua ez oso modu nabarmenean jaistea. NBEren aburuz, aurten denera 2,1 milioi lagun hilko dira gaitzak jota.
ERNE EGOTEKO BEHARRA. Paul De Lay OME Osasunerako Mundu Erakundeko bozeramaileak erne egotea ezinbestekoa dela esan du, txostenaren emaitzak baikorrak diren arren gaixo kopurua azkar igoko delako neurriak hartu ezean. Txerto eraginkorra sortzen ez den bitartean hiesa, kasurik onenetan, gaitz kronikoa izango da.
GIBaren zifrak, beheraka
NBEk iaz baino zazpi milioi GIBdun gutxiago zenbatu ditu aurten, eta iaz ez zutela egoki zenbatu azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu