Istanbulgo Gezi parkean 2013an izan ziren protestengatik auzipetutako hamar lagun errugabetzat jo zituen atzo Turkiako epaitegi batek, epaiketaren azken saioan. Ondorioz, Osman Kavala enpresari eta ekintzaile filantropoa askatzeko agindu du, behin-behineko espetxealdian 800 egun baino gehiago eduki ondoren. Errugabetu dituzten hamar lagunez gain, beste sei ere akusatuta daude 2013ko protestengatik. Horiek ihes egin zuten Turkiatik atzerrira. Epaileak ebatzi du aparteko pieza batean epaitu behar dituztela.
Auzipetuei 2013an Gezi parkeko manifestazioak sustatzea leporatu diete, eta «gobernua boteretik kentzen ahalegintzea». Hori dela eta, bizi osorako kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Kavalarentzat eta beste bi akusaturentzat. Beste seirentzat, berriz, hamabost eta hogei urte arteko kartzelaldia galdegin du. Akusatuak Turkiako intelektual eta artista ezagunak dira. Kazetariak, aktoreak, arkitektoak eta zinemagileak, besteak beste.
Turkiako eta nazioarteko begirale ugarik erreparatu diote auziari, Silivriko espetxeko epaitegietan, Istanbul kanpoaldean. Giza eskubideen aldeko hainbat GKEk txalotu egin dute auzipetuak errugabetzeko eta Kavala askatzeko erabakia. Enpresari eta ekintzailea 2017an atxilotu zuten, eta bi urte eta erdiz egon da espetxean, behin-behinean.
Kavalari manifestazioen «bultzatzaile eta buru» izatea leporatu dio fiskaltzak. Joan den abenduan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Kavala aske uzteko eskatu zion Turkiari, baina Ankarak entzungor egin zion Estrasburgoko auzitegiaren epaiari. Atzoko sententziaren ondorioz, berehala utzi beharko du aske.
2013an, Erdoganen gobernuaren kontrako protesta jendetsuak izan ziren Turkian. Istanbulgo Gezi parkean piztu ziren, maiatzaren amaieran. Ekologista talde batek kanpaldia egin zuen parkea suntsi ez zezaten. Polizia bortitz oldartu zen manifestarien aurka, eta mobilizazioak Erdoganen gobernuaren autoritarismoa salatzeko mugimendu bihurtu ziren hurrengo hilabeteetan.
Epaiketan deklaratu duten lekukoen arabera, akusatuek protestetan parte hartu zuten, beste dozenaka mila herritarrek egin zuten moduan. Lekukotzek, baina, ez dute baieztatu protestak zuzendu zituztenik.
Auzipetuei babesa adierazteko, Ni ere Gezin izan nintzen manifestua sinatu dute 1.300 lagunek baino gehiagok. Sinatzaileen artean dira hainbat diputatu, idazle eta artista.
Atxilotze aginduak
Fetullah Gulenen Kofradiarekin lotura dutelakoan, Turkiako Poliziak zazpiehun funtzionario eta militar atxilotzeko operazio bat egin zuen atzo. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Guleni leporatzen dio 2016ko estatu-kolpe saiakeraren ardura, eta, ordutik, hamarnaka mila lagun atxilotzeko agindu du.
Poliziak herrialdeko probintzia guztietan egin zuen sarekada. Operazioetako bat Justizia Ministerioko 71 langileren kontrakoa izan zen; beste bat, armadako 201 kideren kontrakoa —horietatik 101 jardunean daude, gehienak abiazioan—; eta beste bat, Poliziako ardura postuetarako azterketetan iruzur egitea leporatzen dieten 467 lagunen aurka bideratu zutena.
Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdia eta Gulenen Kofradia aliatuak izan ziren 2000ko hamarkadan, baina 2013an botere gehiago eskuratzeko borroka hasi zuten bi indarrek, eta bien arteko talkak goia jo zuen 2016ko estatu kolpearekin.
Ordutik, Erdoganen gobernuak 130.000 funtzionario baino gehiago kendu ditu kargutik —bereziki hezkuntzan—, eta 50.000 lagun baino gehiago espetxeratu ditu. Kofradiako kide izatea legezko izan zen 2015. urtera arte, baina, egun, Gulenen taldea «talde terrorista» gisa sailkatzen du Turkiak. Kofradiako kide izatea bizi osorako kartzelarekin zigortu ohi du justiziak.
Gezi parkeko protesten buru izateaz akusatutakoak errugabetu dituzte
Turkiako Fiskaltzak bizi guztiko kartzela zigorra eskatu zuen hiru akusaturentzat. Kargurik gabe utzi dituzten hamar lagunen artean da Kavala ekintzailea;. 800 egun egin ditu behin-behinean preso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu