Gerratik ihes egin, eta baztertuta bizi

Siriako gerrak hondamendi humanitarioa eragin du Libanon. Lau milioi biztanleko herrialde horretan bi miloi errefuxiatu bizi dira gaur egun. Etxetik ihes egitearen drama gutxi ez, eta estatusik ezak bigarren mailako herritar bilakatu ditu.

Beiruteko Xatila errefuxiatu gunekoirudia. 1949an zabaldu zuten kanpalekua. IBAI TREBIÑO.
Beirut
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Beiruteko kaleetan ere suma daitekezeinen latza den gerra mugaren beste aldean, eta zenbateraino egin duen okerrera bost urteren ondoren. Libanoko hiriburuaren zentroan paseatzea aski da. Kalearen erdian, ume bat, botata, zikinduta, kartoi batzuen gainean lo egiten. «Errefuxiatu siriarra da», azaldu du Ahmedek. «Beiruteko erdigunean errefuxiatu asko topa daitezke kalean botata. Batzuek etxebizitza bat erosteko aukera dute. Beste batzuek, ez; eta, diru laguntzarik jasotzen ez dutenez, kalean bizitzera behartuta daude». Guztira, bi miloi errefuxiatu siriar inguru bizi dira egun Libanon.

Giza hondamendia dago herrialdean. Errefuxiatuak bigarren mailako herritar bilakatzen dira automatikoki. Inolako dokumentu ofizialik ez dute, ez nortasun agiririk, ez bizileku baimenik, eta, ondorioz, paperik gabe bizitzera derrigortuta daude, ia eskubiderik gabe eta kasu askotan kale gorrian. Libano herrialde txikia da, eremu txiki batean biztanle asko biltzen dituena (lau milioi), eta begi bistakoa da errefuxiatuen aferak arazo demografiko larria eragin duela. Aberatsenak etxe propioetan bizi diren arren, errefuxiatu gehienek ez dute nora joan. Beste batzuk palestinar errefuxiatuen eremuetan baino ez dira ongi etorriak.

Saidako hondartzako pasealekuan, arreta handiz begira ari dira militarrak. Mohammed eta Jusefi dokumentuak eskatu dizkiete. Jusef Libanon jaiotako palestinarra da, eta, ondorioz, ez dauka herritartasunik, ezta dokumenturik ere. Mohammed, berriz, libanoarra da, eta militarrek solasalditik alboratu dute. «Zu libanoarra zara; gure kaleetan ibiltzeko eskubidea daukazu», esan diote. Bat-batean, militar batek bularrean jo du Jusef. Eskuburdinak jartzeko keinua ere egin diote, baina, azkenean, lasai utzi dituzte biak.

Jusefek dio militarrek errefuxiatu siriartzat hartu dituztela: «Libanoko legeen arabera, arratsaldeko zazpiak baino beranduago ezin da kalean errefuxiaturik egon. Salbuespen egoera batean bezala bizi dira siriar errefuxiatuak Libanon. Ikusi! Horrela tratatzen gaituzte iheslariak; bigarren mailako herritarrak gara». Siriarra izan edo palestinarra izan, ez dago salbuespenik. Jusef kexu da: «Zer memoria gutxi daukagun. 2006. urteko gerra izan zenean, Siriak bere mugak zabaldu zizkigun Libanotik ihes egin genuen errefuxiatuoi. Orduan ez genuen pasaportea erakutsi beharrik ere».

Historiara begira

Orain, aldiz, gauzak zeharo aldatu dira, eta errefuxiatuen uholdeak kontrako norabidea hartu du: Siriatik Libanorantz. Jusefek, baina, ondo gogoan du historikoki errefuxiatuak ongi etorriak izan direla Sirian: «Errepublika arabiarra da, eta, eskuzabaltasunez hartzen dira kanpotarrak herrialde arabiarretan. Siriako Gobernuak eta herriak urte luzez hartu zituzten bere gain eskualde osoko errefuxiatuak: Irak, Libano, Palestina eta Turkiako Kurdistangoak besteak beste, hainbat buruzagi politiko ezagun barne: Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagia, esaterako».

Siriako Gobernua, historian, palestinar erresistentzia lagundu duen herrialde bakarrenetarikoa izan da. Armak eta dirua emateaz gain, milaka palestinar errefuxiatu hartu ditu Siriak, eta palestinarren errefuxiatu gune ugari dago horregatik. Damaskoko Yarmuk kanpalekua da ezagunena gerra hasi zenetik.

Zakariasek orain dela bi urte egin zuen ihes handik. Orain,Beiruteko Mar de Elias kanpalekuan hartu dute. Istorio latza du bizkarrean; izan ere, kanpalekua okupatu zuten muturreko talde islamistek bere 3 urteko alaba hil zuten. Hunkituta dago. «Emandako babesa eskertu behar diogu palestinarrok Siriako Gobernuari. Gerra hasi zenean, hainbat talde islamista armatuk kanpalekua okupatu zuten, eta erregimenaren aurka borrokatzen hasi ziren. Hori esaten zuten, baina palestinar batzuek beste palestinar batzuen bizitza izorratzea baino ez dute lortu. Gure pribilegioen kontra egin dute, eta, nire kasuan, gehien maite nuen pertsona hil dute». Misil batek hil zuen Zakariasen alaba, eta orduantxe erabaki zuen handik ihes egitea.

Iritzi berekoa da Adel. Errefuxiatu palestinarra da, eta Saidan bizi da. Gehienak bezala, 1948. urtean Nakbaren ondorioz ihes egindakoen ondorengoa da Adel. Egun, Ain El-Hilweh Libanoko palestinar errefuxiatuen eremu handienean ari da lanean. Saidan bertan bizi da, errefuxiatu gunetik kanpo, baina bere etxea beste lagun baten izenean dauka: «Libanon, bigarren mailako herritarrak izanda, ezin dugu gure izenean jabetza bat eduki».

Errefuxiatuak ezin dira aritu hainbat lanbidetan —medikuntzan, esaterako—, etaezin dute erakunde publikoetan parte hartu: gobernuan, adibidez. Siriako errefuxiatuak ere egoera berean bizi dira. Adel bizitzaren paradoxez mintzo da: «Sirian zeharo ezberdina zen errefuxiatuen estatusa; han, gobernuko kide izan zintezke lasai asko: ministroa, esaterako».

Agerikoa da palestinarrak historikoki eta siriarrak egun baztertuta daudela Libanon. Eta eskubide zibilak eta politikoak erabat ukatuta dauzkatela. «Libanon badago iheslariei bere eskubide zibilak bermatzeko beldurra eta interesa. Palestinarrok gure eskubideak lortuko bagenitu, adibidez, Libanoko egitura politikoa irauliko genukeen beldurra dago», gaineratu du Adelek.Politikoki herrialde konplexua da Libano. Sekta edo erlijioen arabera banatzen da parlamentua, eta palestinarrek edo siriarrek, herritartasuna eskuratuz gero, euren ordezkaritza eduki beharko lukete erakundeetan. Hartara, sunitak gehiengo garbia izango lirateke —gehienak dira palestinar eta siriarren artean— , eta sekten araberako sistema desorekatuko lukete.

Hamabi kanpaleku

Ofizialki 500.000 palestinar inguru bizi dira herrialdean, hamabi kanpalekutan sakabanatuta.Baina errealitateak beste datu batzuk ematen ditu. Guztira 700.000tik gora dira Libanon bizi diren palestinarrak, asko kanpalekuetatik kanpo bizi baitira. Biztanleriaren %18 osatzen dute, eta horrek kezka eragiten du maila askotan.

Jihadismoak herrialdean izan duen gorakadak ere eragina izan du azken urteetan; izan ere, talde kristau, xiita eta drusoek palestinar errefuxiatuekin lotzen dute muturreko talde islamistengorakada. Fatah al-Islam talde salafista erradikala da horren adibide; hainbat palestinar eremutan sortu zen taldea, eta, 2007az geroztik, zibilen eta indar armatuen kontrako erasoak egin ditu.Baliteke Estatu Islamikoarekin, Al-Qaedarekin eta beste taldeekin bat egiten duten 300 salafista inguru egotea egun Ain el-Hilweheko kanpalekuan. Eta hori arazo bilakatu da, ez soilik libanoarrentzat, baizik eta palestinar gutxiengoarentzat bereziki, gizartearen aurrean errefuxiatu palestinarrak «terrorismoarekin» lotzen baitituzte. «Talde horiek ez dituzte inondik inora palestinar guztiak ordezkatzen, baina arazoa hor dago, eta denon kalterako da», nabarmendu du Adelek.Berak bezala, palestinar gehienekez dute bat egiten muturreko ideologia islamistarekin, eta, arazoaz jabetuta, buru-belarri dihardute lanean hori eragozteko asmoz. «Pedagogia eta heziketa behar dugu arazoa borrokatzeko».

Egun, siriarrekin istorio bera gertatzenda. Libanoko gutxiengo ez-sunitak errefuxiatuen beldur dira, «terrorismoa esportatu dezaketelakoan».

Siriako mugatik hamabost kilometro eskasera dago Tripoli, Libanoko iparraldeko hiriburua eta herrialdeko suniten gotorlekua. 2007ko udan, 150 bat pertsona hil ziren han talde jihadisten eta indar armatuen arteko liskarretan, eta kaleetan tentsioa nabari da oraindik ere. Libanoko armada muturreko taldeenaurkako borroka irmoan ari da; gizon armatuek, tankeek eta antiaereoek hiriko txoko guztiak hartzen dituzte.

Sabra eta Xatila gogoan

Checkpoint bat igaro behar da Al-Badawiko palestinar errefuxiatu gunera sartzeko. Hemen ez dago kataeb-en, hots, militar libanoarren arrastorik. Palestinarren gotorlekua da Al-Badawi, eta han talde politiko palestinarren fakzio militarren armak baino ez dira ikusten. Hamas, PFLP Palestinako Askapenerako Herri Frontea eta Fatah, esaterako. Libanoko armada ez da hara sartzen, eta Sabra eta, Xatilako sarraskitik 34 urte bete direla, palestinarrek bere burua babesteko armak erabiltzera jo dute.

Apenas irteten diren kanpalekutik, eta Tripolin ez dute bizimodurik egiten normalean. Tartean, baina, salbuespenak egiten dituzte. Autobus txiki batean, 50 lagun hondartzara doaz egun-pasa. Ilunabarrera arte egongo dira itsasertzean, udako azken egunei agur emateko. Unicef Nazio Batuen Erakundeko Haurren Laguntzarako Funtseko programaren barruan egiten den udako egitasmoan parte hartzen dute palestinarrek. Libanon kultura eta ohitura palestinarrak gordetzea da egitasmoaren helburua, Fuad programaren arduradunak azaldu duenez. Gaur, baina, siriar errefuxiatuak dituzte hizpide: «Siriarren eta palestinarren arteko elkarbizitza nola bermatu beharko litzatekeen, horretaz ari gara; azken batean, denok gara errefuxiatuak».

Siriarrek eta palestinarrek arazo berberak pairatzen dituzte Libanon. Bi komunitateak bigarren mailako herritarrak dira Libanon. «Baztertuta bizi gara, eta elkarri lagundu behar diogu», dio Fuadek. Eremu palestinarretan hainbat siriar jasotzen saiatzen diren arren, uste du erronka ez dela «erraza» izango. «Al-Badawi kanpalekuan 30.000 pertsona inguru bizi dira kilometro koadro eskas bateko eremuan, eta ez dago lekurik iheslari guztientzat».

Hori da, hain zuzen, arazorik larriena. Kezka politikoa ere hor dago. Siriako errefuxiatuek sistema politikoa suniten alde iraul dezaketen beldurra sumatzen dela uste du Fuadek. Hala ere, ez du uste kezkatzeko arrazoirik dagoenik: «Siriar errefuxiatuak ez dira etorri gure sistema aldatzera; gerratik ihesean etorri dira. Langileak dira, eta lan egin nahi dute, baina estatusik gabe oso zaila daukate hori».

Europak errefuxiatuekin duenjarreraz, berriz, kexu da: «'Refugees, welcome' esaten duten arren, ez dira gai bisatuak emateko ere. Horren ondorioz, Europara legez kanpo iristeko ahaleginean bizitza galtzen dute askok. Konspirazio handi batean gaude: Europan guztiz galdu da humanismoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.