Bosniako gerrak 30 urte. Egungo egoera. Marc Casals. Idazlea

«Gerratik 30 urtera, Bosnian ez dago ez aitorpenik, ez barkamen eskerik»

Gerra bukatu eta hamar urtera ezagutu zuen Bosnia Casalsek, eta uste du ordutik aurrera egin ezinda dagoela. Herrialdeaz egin duen liburuan dio zatiketak nabarmenak direla.

JON URBE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Marc Casalsek (Girona, Herrialde Katalanak, 1980) 2004an ezagutu zuen Bosnia-Herzegovina, eta ordutik «balkanofilotzat» du bere burua. Ia hogei urte eta gero, herrialdearen erretratua egin du iaz Libros del K.O.-rekin kaleratutako liburuan: La piedra permanece, Historias de Bosnia-Herzegovina (Harriak irauten du, Bosnia-Herzegovinako istorioak). Hiru etnia nagusietako hamasei protagonista bildu ditu, eta, gerra guztietan badago ere, ez da protagonista; bizirik irautea dute berbagai.

Badira ia 20 urte Bosniara heldu zinela, gerratik hamar urtera. Zer aurkitu zenuen han?

Nik ez nekien, baina orduko Bosnia aurreko urteetakoa baino hobeto zegoen. Nik, ostera, lehen aldiz ikusten nuen herrialdea, eta dena suntsituta zegoen. Gogoratzen dut, baita ere, gizarteko banaketa segituan igarri nuela. Bozen kanpaina betean heldu nintzen; udalerrietako hauteskundeak ziren handik gutxira. Autoan nindoanean, errepidean ikusten nituen kartelengatik nekien herri bakoitza zein aldetakoa zen. Asko jakin barik ere, bazenekien gerra fisikoki oso presente zegoela eta gizartean banaketa handia zegoela. Baina hori nire sentsazioa izan zen, bosniar bati 2005az galdetuz gero esaten baitu hura garai ona izan zela.

Hortik aurrerako urteetan egoerak okerrera egin duela nabaritu duzu?

Bai, ezagutu nuenetik gelditu egin da bere garapena. 2005a da inflexio puntua. Ez zen ezer esplizitua izan, baina apurka-apurka egoera motelduz joan da, gelditu arte. Gero, 2010ean joan nintzen hara bizitzera. Orduan, nazioarteko erakunde gehienak herrialdetik alde egiten ari ziren, eta horrek ere izan zuen eragina, haien iritsierak diru asko eta dinamismo handia ekarri baitzuen hara.

Herrialde plurala zen lehen, eta horren adierazle zen Sarajevo multietnikoa. Hori aldatu egin da gaur egun?

Aldatu da, baina Sarajevoren osaketa etnikoa ere guztiz aldatu delako. Egun, hiriko biztanleen %80tik gora bosniaka da. Serbiar gehienak joan egin ziren handik, eta kroaziarren ehunekoa gutxi gorabehera mantentzen da, kopuruak behera egin badu ere.

Horri gehitu behar zaio gerra garaian landa eremuko bosniak asko joan zirela hiriburura, Serbiako tropek hartzen zituzten lurraldeetatik ihesi. Eta hara joan ziren baita Serbiaren esku geratu ziren baina bosniaken gehiengoa duten eremutakoak ere. Beraz, egitura guztiz aldatu da; askoz monoetnikoago bilakatu da. Hala ere, hiriko zenbait lekutan oraindik mantentzen dituzte egitura multietnikoak.

Gatazkak nazionalismoen eta erlijioen gorakada ekarri zuen; hori diozu zuk.

Bosnian, erlijioak ez dira hainbeste sineste edo fede kontua, gehiago dira identitatearen adierazle bat; erlijioa nazioaren zutabeetako bat da. Otomandar Inperiotik datorren kontua da, gizartea komunitate konfesionaletan baitzegoen egituratuta. XIX. mendean, Europa osoan nazionalismoak eratzen hasi zirenean, Balkanetan, hein batean, nazionalismoak erlijioaren inguruan eratuz joan ziren.

Bigarren Mundu Gerraren osteko Jugoslavia sozialistan lortu zuten, itxuraz, nazioaren gaineko identitate moduko bat sortzea, gehienek beren nazio identitateari eutsi bazioten ere. Baina zenbait faktorek eragin zuten nazionalismoak goratzea eta zurrunbilo bat bilakatzea ordura arte bizitakoa; egun dakigun modu tragikoan bukatu arte.

Gerratik 30 urtera, oraindik ari dira orduko buruzagiak epaitzen, baina esango nuke orokorrean norberaren bandoko krimenak ez direla salatzen; asko jota erlatibizatu egiten dira. Ez dago ez aitorpenik, ez barkamen eskerik.

Gatazka, beraz, ez zen 1995eko bake akordioekin bukatu, ezta?

Hori da, esango nuke nire liburuan ikusten dela hori. Nik uste dut badagoela barne borroka bat gerran bizitakoa atzean uzteko, baina, era berean, gertatutakoa hor dago; ahalegina egin dezakete horrekin bizitzeko, baina ezin dezakete horren aurreko momentura bueltatu.

Zauriak badaude, noski; horiekin zer egin, hori da kontua. Liburuan elkarrizketatutako hamasei lagunak miresgarriak iruditzen zaizkit, ahalegina egiten baitute bizitakoak definitu ez ditzan: bizitza funtzional eta osoak izatea lortu dute guztiz jokaleku disfuntzional batean.

Egoera horretan, Jugoslaviaren nostalgiarik badago?

Bosnian nik uste dut badagoela galera sentsazioa. Esango nuke bosniak askok uste dutela orduan hobeto bizi zirela. Egia da ekonomikoki ere xumeagoa zela ziur asko: ez zuten horrenbeste baliabide. Baina harro zeuden jugoslaviarrak izateaz, beren egoera geoestrategikoa ere askoz hobea baitzen; Gerra Hotz betean, bi blokeekin zituzten harreman onak.

Badago nostalgia, bai, baina sentimendua baino ez dela esango nuke; alegia, ez dut uste politikoki garatzeko aukerarik egongo litzatekeenik, duela 30 urte sortutako arazo berak sortuko liratekeelako.

Orain, hiru etnien arteko oreka mantendu beharreko herrialdea da Bosnia. Nola kudeatzen da hori?

Bake akordioetan adostu zuten errepresentazio etnikoen egiturak lagundu du etnia bakoitzak bere alderdi nazionalistaren errepresentazioa izan dezan; hiru etnien alderdi nazionalistak daude. Eta, egitura askotan, gobernutik bertatik hasita, hiruren ordezkariek egon behar dute; hirukoa izan behar du. Baina zenbait analistak adierazi dute Bosniako egoera politikoa azken 30 urteko okerrena dela, kroaziarrak presio egiten ari baitira ordezkaritza legea aldatzeko.

Sistema hori funtzionala da?

Hasieran zentzua izan zezakeen, bake akordioak sinatu zirenean. Baina herrialdea etniaka banatzeak ez dio funtzionalitatean laguntzen, etnifikazioan baino. Ezberdintasun etnikoak areagotzen ditu. Izan ere, herrialdeko botere egitura etnikoa bada, herritarrei komeni zaie nazionalismoa praktikatzea, nazionalistak izango baitira lana eta aukerak emango dizkizutenak. Herrialdearen aurrerapenean oztopoa da, egitura horietatik kanpora inor gutxik egin baitezake aurrera.

Hori politikan, baina hezkuntzan, esaterako, bereizkeria handia dago. Eskola askotan bereizita daude etniak, eta hori oso larria da, baina are gehiago da: edukiak, batez ere hizkuntza eta historia aldetik, partzialak eta nazionalistak dira. Horrela oso zaila da identitate zibiko bat sortzea, hezkuntza bera doktrinatzailea bada.

Herrialdearen banaketaren beste adierazle bat Bosniako Serbiar Errepublika da.

Bai, bakerik ezaren oroigarri bat da. Sparska Errepublika 1992aren hasieran sortu zuten, Bosnia-Herzegovina barruko entitate autonomo gisa, eta bere kupula politiko eta militarreko kide gehienak Hagako epaitegiak kondenatu ditu gizadiaren aurkako krimenak egotzita; ez, ordea, errepublika bera. Entitate horren jarraipena garbiketa etnikoan eta genozidioan oinarritzen da, Srebenicako kasuan bezala. Elkarbizitza zailtzen du.

Baina zein da horren soluzioa? Bertako serbobosnioek ez dute onartuko errepublika desagerraraztea. Bosniako Estatua oso ahula da, eta nik uste gatazka honetan nazioarteko komunitateak baino ezin dezakeela sartu muturra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.