Soslaia. Germain Katanga

Gerraren «lehoi» kongoarra

Ion Orzaiz.
2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ehunka pertsona hiltzea, bortxaketak sustatzea, haurrak soldadu gisa errekrutatzea, gizateriaren kontrako krimenetan parte hartzea... Luzea da Germain Katanga Kongoko jeneralari Nazioarteko Zigor Auzitegian leporatzen zitzaizkion krimenen zerrenda.

Simba goitizena eman zioten (lehoia) eta FRPI Ituriko Erresistentzia Patriotikoko Indarren buruzagi nagusia zen, lendu eta ngiti etnien milizia armatuak biltzen zituen erakunde militarrekoa. 2003ko otsailaren 24an, ustez, Bogoroko herriari eraso egin zioten Katangak gidatutako erreboltariek. Hema etniakoak dira hango biztanleak. Fiskaltzaren arabera, gutxienez 200 pertsona hil zituzten militarrek eraso horretan, zibil asko preso hartu zituzten eta hilotzekin batera giltzapetu. Horrez gainera, herriko emakumeak bortxatu egin zituztela salatu dute.

Hala ere, Hagako auzitegiak ebatzi du Katangak ez zuela erantzukizun zuzenik izan sarraski hartan, «zeharkakoa baizik». Epaileek konplizetzat jo dute Simba, eraso egin zuten erreboltariei armak eman zizkielako. Horregatik, gizateriaren kontrako delituetan eta gerra krimenetan laguntza emateagatik errudun jo dute, baina bortxaketa eta haurren errekrutatze delituengatik absolbitu egin dute. «Akusatuak miliziari egin zion ekarpenak eragin handia izan zuen krimenetan», azaldu zuen atzo Bruno Cotte epaileak, sententzia irakurtzean.

Sexu erasoei dagokionez, epaileek nabarmendu dute Katangak ez zuela horietan partehartu, «bai, ordea, FPRIko beste kide askok», eta adingabeak soldadu gisa erabiltzeaz, berriz, epaileek adierazi dute ezin dela frogatu Katangak gerrarako errekrutatu zituenik.

Jeneralaren kontrako epaiketa 2009. urtean abiatu zen. Orain, 30 eguneko epea du Katangaren defentsak auzitegiaren erabakiaren kontra helegitea aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.